Adineko pertsona

Ariketa fisikoak adinekoentzat duen garrantzian sakontzen

Un momento de la sesión clínica sobre benefgicios del ejercicio físico en personas mayores

Adinekoentzat pertsonalizatutako ariketa fisikoak hobekuntza nabarmenak ekartzen dizkie eskuetako indarrean, ibiltzeko abiaduran eta hauskortasun eta menpekotasun maila neurtzen duten hainbat indizetan, baita zoriontasunaren pertzepzioan ere.

Hori ondorioztatzen da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) Ageing-On ikerketa taldea burutzen ari den azterketa batetik; lehendabiziko emaitzak joan den azaroaren 11n aurkeztu ziren, Aita Menni Ospitalean, gure erakundeko profesionalekin egindako saio kliniko batean.

Zahartzeari lotuta, hezur, muskulu eta artikulazioei eragiten dizkieten aldaketa batzuk gertatzen dira, eta masa muskularra, indarra eta erresistentzia murrizten dira. Adineko pertsonengan, galera horrekin batera hauskortasuna agertzen da, are desgaitasuna ere, eta, aldaketa horien ondorioz, beste faktore batzuekin batera —genetikoak, bizitzako ohiturak, gaixotasuna, lesioak…—, azkenean zaildu egiten da eguneroko bizitzako ekintzak egitea, nekea handitzen da eta ariketa fisikoa egiteko arazoak areagotzen dira, eta erortzeko arriskua ere handitzen da.

Aita Mennik artatzen dituen pertsonen zati handi bat —batez ere adinduentzako bere egoitza eta eguneko zentroetan, baina baita ere osasun mentaleko eta kalte zerebraleko dispositibo espezializatuetan— adineko pertsonak dira, eta narriadura kognitiboari, patologia psikiatrikoei edo desgaitasunari lotutako ingurumaria aurkezten dute. Elementu horien multzoak sedentarismoari eta ariketa faltari lotutako arazoak sufritzeko bidea ematen du.

Hori saihesteko, Aita Menni barruan, bere profesionalen hausnarketa prozesu bateratu bat garatu da azken urteetan, gure zentroetan arazo horiek murrizte aldera. Hausnarketa hori 2016ko ekainean argitaratu zen, Eloy Nin doktorearen “Adinekoentzat ariketa fisikoa egiteak dituen onurak” artikuluan —Nin Medikuntza Fisiko eta Errehabilitazioko mediko espezialista da—, eta aplikazio praktikoa “Ariketa fisikoa erorikoak prebenitzeko” programan garatu zen, 2017tik aurrera, Arrasateko ospitaleko hainbat unitatetan, Nin doktorearen beraren eta Eva Cobos erizainaren koordinazioarekin. Programak EHU-UPVko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduaren lankidetza izan zuen (SHEE-IVEF).

Hain zuzen ere, euskal unibertsitate publikoaren baitan ikerketa talde bat dago, Ageing-On, bere helburu nagusia izanik adineko pertsonen bizi kalitatea hobetzea, pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako ariketa fisiko eta kognitiboko programetan parte hartuz. Taldea medikuntza, fisiologia, erizaintza, fisioterapia, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzia, farmazia, nutrizio, biologia eta biokimikako espezialistek osatzen dute, eta ariketa fisikoko interbentzioak diseinatu, garatu eta gauzatzen ditu ospitale, adinduentzako zentro eta gizarte zentroetan, eta interbentzio horien gaineko azterketak egiten ditu.

Lan horietako azkena izan zen joan den azaroaren 11ko saio klinikoaren protagonista, Aita Menni Ospitalean. EHU-UPVko Ageing-On taldeko kide eta Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko irakasle Maider Kortajarenak diseinua, exekuzioa eta lehendabiziko ondorioak azaldu zizkigun. Azterketaren izena hau da: “Ariketa fisikoa adinduentzako egoitzetan: egoiliarren hauskortasunari eta menpekotasunari aurre egiteko eta zaintzaile profesionalen bizi kalitatea hobetzeko tresna bat”, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, Adinberri estrategiaren esparruan, eta Gipuzkoako 16 zentrotan bizi diren 70 urtetik gorako 152 lagun izan dira protagonistak. Maider Kortajarenak aurkeztu zizkigun lehendabiziko emaitzak 16 egoitzetatik 9tan lortutako datuak dira, lagina 110 lagunekoa izanik.

Ariketa fisikoak adinekoentzat duen garrantzian sakontzen

Kortajarena doktoreak azaldu zuenez, azterketak hiru helburu nagusi ditu: ariketa fisikoko programa batek hauskortasunean dituen eraginak ikusi eta ebaluatzea; interbentzio horrek zaintzaile profesionalen bizi kalitatean duen eragina ikustea, eta interbentzioak duen eragin ekonomikoa ikustea, adinekoei gertatzen zaizkien jazoera eta fenomenoei dagokienez, esaterako, erorikoei, menpetasuna handitzeari, heriotzari eta abarri dagokienez.

“Adostasuna dago esateko jarduera fisikoa mesedegarria dela populazioarentzat oro har, baita instituzionalizatuta dauden adinekoentzat ere —gogorarazi zigun Maider Kortajarenak—, baina jarduera fisikoa egiteko gomendio pertsonalizatuak ez daude sistematizatuta. Ariketa egitea ona dela esaten digute, baina ez digute esaten zenbat, zer intentsitaterekin edo nola egin behar den”.

“Interbentzioak lau alderdi landu ditu —azaldu zuen Kortajarena doktoreak—, hala nola indarra, oreka, erresistentzia aerobikoa eta malgutasuna, eta, ariketa programek adinekoengan izan duten eraginaz gain, pertsona horien zaintzaile profesionalak ere hartu ditu kontuan —laguntzaileak / gerontologoak—.”

Azterketa egiteko, 70 urtetik gorako adinekoak aukeratu ziren, Barthel indizean 50 puntu baino gehiagokoak, narriadura kognitiborik gabeak, eta pertsona baten laguntzaz jaikitzeko eta 10 metro bakarrik ibiltzeko gaitasuna zutenak. Ariketen programa hasi baino lehen, hainbat indize erabiliz, neurtu egin ziren datu soziodemogafikoak, egoera fisikoa, funtzio kognitiboa, hauskortasuna, menpekotasuna, funtzionalitate maila, antsietatea eta depresioa edo zoriontasunaren pertzepzio subjektiboa eta ongizatea, besteak beste, programaren amaierako neurketekin alderatu ahal izateko.

Azterketa parte hartu duten lagunen batez besteko adina 85 urtekoa zen, batez besteko independentzi maila 80,15 izanik (Barthel indizearen arabera), 2,76 eta 5,25eko hauskortasuna (Fried
eta Tilburg indizeen arabera) eta 17,52ko zoriontasunaren pertzepzio subjektiboa (Subjective Happiness Scale indizearen arabera), besteak beste. Ibiltzeko batez besteko abiadura 0,67 m/s zen (0,78 m/s gizonengan eta 0,55 m/s emakumeengan).

Programak bi fase izan zituen, bakoitza hiru hilabetekoa, astean bi saio eginez egun ez jarraituetan, eta 45 e 60 minutuko iraupenarekin. “Lehen hiru hilabeteetan 5 – 8 ariketa desberdin landu ziren saio bakoitzean, indarra eta oreka hobetzera zuzenduta, aurrez beroketa bat eginez eta ondoren erlaxazioa —azaldu zuen Maider Kortajarenak—. Hurrengo hiru hilabeteetan, funtzionalitatea azpimarratu zen, indar eta oreka ariketak jarduerak eta funtzioak zuzentzera bideratuz, dependentziaren Barthel indizean oinarrituta”.

Ariketen programa indibidualizatua zen, hau da, lantzeko errepikapenak eta indarra berariaz zehazten ziren parte hartzaile bakoitzarentzat.

Interbentzioaren aurretik eta ondoren, balorazioak egin ziren, eta programa amaitu eta 6 hilabetera beste balorazio bat egingo zaie. Halaber, ariketa programaren hasieraren aurreko urteko erorikoen eta ospitaleko bisiten gaineko datuak lortu ziren, eta interbentzioa egin eta hurrengo urteko datuekin alderatuko dira.

Azterketak, halaber, adineko horien zaintzaile profesionalak hartu ditu subjektutzat, guztira 128 laguneko lagin batekin. Horien datu soziodemografikoak eta bizitzako ohiturei buruzkoak hartu ziren, eta balorazioak egin ziren hainbat parametrorekin, horien artean egonik egoera fisikoa, puntu anatomiko jakin batzuetako mina, burn-out (“desgaste profesionalaren sindromea “), zoriontasun subjektiboa (Subjective Happiness indizea) eta antsietate eta depresioa (Goldberg indizea).

Zaintzaile gehienak emakumeak ziren, Lanbide Heziketako ikasketekin. Gehienek seme-alabak zituzten, baina ez zuten menpeko pertsonarik euren kargura. %60k ariketa fisikoa egiten zuten, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakoaren arabera, eta gehienak ez ziren erretzaileak (%60).

Azterketaren hasierako emaitzek diotenez, ariketa programa pertsonalizatuko sei hilabeteak igaro ondoren, “hobekuntza nabarmenak hautematen dira adinekoengan, hainbat adierazletan: eskuetako indarra, ibiltzeko abiadura, egoera fisikoaren SPBB indizea eta hauskortasunaren hiru indizeetan, baita zoriontasunaren pertzepzioan ere”, gure saio klinikoaren protagonistak azaldu zuenez

Kortajarena doktoreak esplikatu zuenez, “aztertutako laginak independentzia irabazi zuen eta, ondorioz, beharbada esan daiteke zaintzaileak lasaixeago ibiliko zirela zainketen karga murriztu ondoren. Egoiliarrek hobekuntza psikoafektiboa izan zuten, eta horrek profesionalen hobekuntza psikoafektiboa ere eragin dezake”. Azterketak eman dituen datuetatik beste bat da Omek gomendatzen duen gutxieneko ariketa fisikoa egiten ez zuten profesionalek burn-out eta depresio maila handiagoa zutela, eta zoriontasun eta ongizate pertzepzio subjektiboaren maila apalagoak.

Ariketa fisikoak adinekoentzat duen garrantzian sakontzen

Adinduentzako egoitza eta zentroetan ariketa fisikoko programa indibidualizatuak modu sistematikoan ezartzearen komenigarritasuna azpimarratzeaz gain, Maider Kortajarenak adierazi zuen “zaintzaileen funtzioaren balioa agerian jarri behar” dela. “Eurek ezagutze dituzte artatzen dituzten pertsonak —esan zuen—, eta ariketa egiteko zeregin txikiak egiten gidatu ditzakete, baina horretarako aitortza soziala, ahalduntzea eta prestakuntza behar dute “.

Saioaren amaieran, Aita Menniko profesionalen taldeak interesa erakutsi zuen Ageing-On taldeak garatutako lanaren hainbat alderdi zehatzi buruz, eta baloratu zuen interesgarria
litzatekeela etorkizunean narriadura kognitiboren bat duten adineko pertsonen datuak lortzea. Bien bitartean, saio klinikoan aurkeztutakoa bezalako azterketek lagundu egiten dute ariketa fisikoak adineko instituzionalizatuengan dituen onuren ebidentzia indartzeko.