Beasaingo EPSZko erabiltzaileek boluntario lanak egin zituzten berriz ere Ehunmiletan

Jarduera mota hauek ezinbestekoak dira errutinetan aldaketak lortzeko eta osasunarekiko konpromisoa erdiesteko. Komunitatean parte hartzeak estigma soziala murrizten laguntzen du. Izan ere, kolektibo honi buruzko informazio faltak eta haiekin esperientziarik ez izateak gizarte inklusioa mugatzen du.
Hirugarren urtez jarraian

Hainbat aldiz komentatu dugu boluntariotza jardueretan aritzeak gure konpetentzia sozial eta pertsonalentzat ekartzen dizkigun zenbait onurari buruz. Osatze ereduak dio gaixotasun mentaleko pertsonak gai direla bizitza bat eraikitzeko, gaixotasunaz eta horren sintomez harago. Pertsonentzat esanguratsuak diren jarduerak edukitzea, jarduera okupazionalak aztertzeko garaian ematen duen gogobetetze pertsonalaz gain, ezinbestekoa da errutina aldaketak lortzeko eta osasunarekiko konpromiso bat lortzeko. 

Bestalde, komunitatean jarduera bat egiteak dagoen estigma soziala murrizten laguntzen du. Izan ere, kolektibo honi buruzko informazio falta eta haiekin esperientziarik ez izatea dira aldagai nagusiak gizarte inklusioa, harreman sozialak eta gizartean parte hartzea mugatzeko.

Beste urte batez, antolatzaileek eskualdeko ekitaldi garrantzitsuenetako batean EPSZko erabiltzaileei parte hartzeko aukera eman zieten: Ehunmilak. Mendi lasterketa zinez gogor hau, Beasainen hasi eta bukatzen dena, uztailaren 13 eta 14an egin zen.  Lehen aldiz egoera klimatologiko txarrengatik bertan behera utzi behar izan zen, zenbait lasterketa abian zeudela. Antolatzaileen esku hartze azkarrari esker, baita parte hartzaileen segurtasuna zaintzen zuten beste entitate batzuenari esker ere, hiru ordutan 900 lagun baino gehiago ebakuatzea lortu zuten.  

Zenbait lagunek boluntario lanak errepikatu nahi izan zituzten, iaz parte hartzeak haien bizi jardueran aldaketa garrantzitsuak eragin baitzituen (interes espezifikoak areagotzea, gaitasun eta eraginkortasun sozialean hazkundea, baloreak finkatzea); beste batzuk lehen aldiz aritu ziren. Iazko esperientziaz hitz egiteko espazioak sortu eta dagokion balioa eman izanak, lagundu egin zuen jarduera honetan jende berria hasten.  

Jarraian parte hartu duten erabiltzaileen zenbait lekukotza dituzue:

  • “Nazioarteko proba batean boluntario gisa aritu izana (…) oso positiboa izan da zentzu guztietan. Desgaitasun maila ezberdinak ditugun taldea gara, eta osasuntsu eta positiboak diren kirolariekin harremanetan egoteak geure arazoen aurrean hazten laguntzen digu”. Imanol.
  • “Dena ondo antolatuta zegoen, guk gure aletxoa jarri baino ez genuen egin behar. Eskerrik asko mundu guztiari, antolatzaileengandik hasi eta erdiguneko taldera, sortzen zen arazo txikienean laguntzeko hor zeudela, baita parte hartzaileei ere. Gure arazo psikologikoetan positiboki laguntzen digute”.Imanol.
  • “Korrikalariak armoniaz hornitzea esperientzia polita izan da”. J.A.
  • “Espero dugu ekimen positibo hau urte gehiagotan luzatzea, on egiten baitigu, baliagarri eta zoriontsu sentiarazten gaitu”.Imanol.

Hemendik gure zorionik zintzoena eman nahi diegu antolatzaileei, eta beste behin ere Begoñari bereziki, maila honetako ekimen sozial batean parte hartzeko aukera emateagatik. Datorren urtean errepikatzea espero dugu.

Eta ezin parte hartzaile guztiak zoriondu gabe utzi, zailtasunen aurrean gainditze gaitasun irakaspen bat emateagatik; eta nola ez, proba honetako irabazleei: Javi Domínguez eta Ewa Majer (Ehunmilak); eta Alvaro Ramos eta Uxue Fraile (G2H).