Lampedusako Gurutzea Aita Menni ospitalera helduko da

12/03/2018

Italiako kostalde aurrean hondoratutako ontzi baten hondarrekin eraikitako gurutzea Arrasatera helduko da hilaren 12an. Gurutzea erromes dabil 2013tik, behartutako migrazioaren dramaren gainean sentsibilizatzeko.

Lampedusako Gurutzea elizak errefuxiatu eta etorkinek bizi duten dramaren aurka bere ahotsa agertzeko sinboloa da. Hilaren 4tik aurrera Donostiako diozesia zeharkatuko du hiru astean zehar, herri, parrokia, ikastetxe eta beste hainbat zentrotara elkartasun mezua eramanez. Hilaren 12an gure ospitalean jasoko dugu, Arrasaten.

Lampedusako Gurutzea eta bere esanahia 

2013ko uztailaren 8an, aitasantutzaren hasieran, Frantzisko Aita Santuak Lampedusa irla aukeratu zuen bere lehen bidaia apostolikoa egiteko. Meza Santua hondoratutako kaiuko batean eraikitako aldarean eman zuen, migratzaileen hilerri bihurtuko zen Mediterraneo itsasoaren aurrean. Urte horretako urriaren 3an, berriz ere hondoratze ikaragarri bat gertatu zen kostalde horretan. 360 lagun baino gehiago hil ziren gertaera horretan. Aita Santuak berriz ere munduaren aurrean oihukatu zuen: “Lotsa!” Lotsa hitza besterik ez zait bururatzen: lotsagarria da".

Egoera horren aurrean, Franco Tuccio izeneko arotz batek Lampedusako Gurutzea esaten zaiona eraiki zuen. Gurutzea 2,8 metro luze eta 1,5 metro zabal da, eta hondoratutako gabarren hondakinekin eraiki zen. Gurutzea Erromara eraman zuten Aita Santuak bedeinkatzeko, eta hark mundu osoari elkartasun mezua transmititzeko gurutze erromes bihurtu zedila gomendatu zuen.   Ordudanik hainbat lekutara bidaiatu du, hiri, komunitate, parrokia eta kulturetara elkartasun eta bake mezua eramanez. 

Lampedusako Gurutzea Aita Mennin 

Aita Santuak gurutzea munduan zehar bidali du komunitateek migrazioaren arazo handiaren gainean parte hartu dezaten. Egingo diren bisita eta ekitaldien programa zabaletik, martxoaren 11n gurutzeak Donostiako Katedralean izango duen presentzia nabarmentzen da. 17,00etan gure ospitalera helduko da. 

Errefuxiatuen aldeko proiektua

Hilaren 12an guda edo eta pobrezia egoerengatik euren herrialdeak uzten dituzten emakume eta gizonak gogoratzeko ekitaldi bat izango dugu. Biktima guztiak gogoratuko ditugu. Errefuxiatuen aldeko proiektuari hasiera emango zaio. Goiz horretan, Caritasekin batera, mediterraneoan itotako hainbeste pertsonaren errealitatea gogoratu eta salatzeko ekitaldi batean parte hartuko dugu. Gurutzea ere presente egongo da ekitaldi horretan.

Ekitaldiarekin batera Aita Menniko Elkartasun Sailetik Siriako gerraren ondorioz errefuxiatutakoentzako laguntzari berrekin eta, egun horretatik San Benito Menni egunera arte, apirilaren 24ra arte, URDA SPAIN GKEarekin lankidetzan, Libanon errefuxiatuta daudenen aldeko proiektu bat lagunduko dugu. Kartoiz egindako kaiuko bat irtengo da hilaren 12an eta gure zentro guztiak zeharkatuko ditu, errefuxiatuen eremuan oso egoera gogorrean bizi diren 12 familia mantentzeko fondoak biltzeko. Helburua 8.000 euro biltzea da.

Gurutzearen bidaia 

Pasa den hilaren 4an jaso zuen gure Jose Inazio jaun gotzainak Lampedusako Gurutzea Iruñe eta Tuterako artzapezpikuaren eskutik, Xabierko gazteluaren zelaigunean, aurtengo lehen Xabierraldian. Horrela, gure diozesiak Iruñekoaren erreleboa hartu eta, hiru astean zehar, Gipuzkoan zehar zabalduko du mundu osoko migratzaileenganako elkartasun eta senidetasun mezua.   

Erramu igandera arte, martxoak 25, Aita Santuak bedeinkatutako gurutzeak herriak, auzoak, parrokiak eta ikastetxeak zeharkatuko ditu. Kartzelan eta Gipuzkoako Caritasen zentro batzuetan ere egongo da (Hotzaldi, Aterpe, Lagun-etxea).

Hilaren 17an Donostiako Gros auzoko San Inazio parrokian egingo den ekitaldi batean protagonista izango da, eta hilaren 18an ETB bidez zabalduko den arratsaldeko mezan egongo da. Mezara Gipuzkoako hainbat ikastetxeetako ikasleak joango dira, Eukaristiaren aurretik eta ondoren joko dituzten danborrekin, eta itsasoan migratzaileek bizi duten tragedia salatzeko manifestu bat irakurriko da.

Martxoaren 22an Azpeitian egingo zaio harrera Lampedusako Gurutzeari; parrokia eta Loiolako santutegia bisitatuko ditu eta Gurutze Bide bat egingo da. Eta, zalantza barik, egutegiko ekintza nagusia Lampedusako Gurutzeak gidatuta egingo den Arantzazuko igoera izango da, martxoaren 24an.  Erramu igandean agurra egingo zaio Artzain Onaren Katedralean, komunitatez komunitate joan dadin harrera egin nahi dioten parrokietan geldituz, bere ibilbide luzearen ondoren Milango San Esteban elizan jaso dezaten. Lampedusako Gurutzea “desagertu behar ez den memoria baten betiko aztarna” bihurtzera deitua dago. 

Diario Vasco egunkariko berriaren esteka.

Mondra Berri egunkariko berriaren esteka.