Osasun mentala

Maldatxoko EPSZk gaixotasun mentala hurbildu die Nazaret Zentroko gizarte Integrazioko ikasleei

Bigarren aldiz dihardute bi erakundeek elkarrekin. Oraingoan, ikasleek gaixotasun mentala duten pertsonei buruz eztabaidatu zuten, Osasun Mentalaren Egunaren kariaz aurkeztu berri dugun ‘Zarena Gara’ film laburra ikusi ondoren.
Maldatxoko EPSZk gaixotasun mentala hurbildu die Nazaret Zentroko gizarte Integrazioko ikasleei

Donostiako Maldatxoko EPSZk eta Nazaret Zentroak inoiz ez zuten planteatu elkarrekin ekintzarik egiteko aukera, bata bestearen ondoan egonda ere; berez, gure eraikinetik ikastetxeko leihoak ikusten dira. Nazareteko ikasle ohi batengatik, EPSZn begirale lanean hasi zenean sortu zen dena, bere ekimenez bi erakundeak harremanetan jarri zirenean, elkarlanean jarduteko. Horrenbestez, aurtengo maiatzean, Vicente Huesok eta bere taldeak arazo mental larriak dituzten pertsonak komunitatean integratzeko Aita Mennin egiten den lana eta dauzkagun baliabideak azaldu zizkieten ikasleei. 

Lehen topaketa haren kutsu adeitsuarekin, eta urriaren 10ean Osasun Mentalaren Eguna ospatzen delarik, gure EPSZko profesionalak eskolara gerturatu ziren, gaixotasun mentala bera eta guk hori nola lantzen dugun bi ikasmailatako ikasleei hurbiltzeko, gizarte integrazioko goi mailako zikloan, guztira 120 ikasle izanik.

Nazareten, zikloko irakasleek azaldu digutenez, erronketan oinarritutako ikaskuntza eredu batekin lan egiten da. Oraingoan lehen mailako ikasleei proposatutako erronka izan zen “osasun mentaleko arazoa duen pertsona batengana hurbiltzea”. Horri heltzeko, ikasleek beren ezagutza guztiak hartu behar zituzten kontuan. Horrenbestez, eskolak ikasteko autonomia sustatzen du, talde lana, eta baita integrazio sozialeko lanerako behar diren zeharkako beste konpetentzia batzuk ere. Ikasleak dira norberaren ikaskuntza prozesuaren protagonista; are gehiago, ikasleak beraiek jarri ziren harremanetan Aita Mennirekin, hurbilketaren erronka horri erantzuteko informazio bila. Aita Menniko hainbat dispositibotara joateko aukera ere izan zuten, baita gure zentroetako erabiltzaileak elkarrizketatzeko ere. 

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Bigarren hitzaldia joan den urriaren 16an egin zen, Gizarte Integrazioko 2. mailako ikasleak hainbat kolektiborekin egiten ari diren ‘Gizarte-lan txertaketa” ikasgaian. Gure profesionalekin egindako saiora joan aurretik, ikasleek dagoeneko aurrez landuta zeukaten erronka. Parte hartzea baliagarria izan zitzaien, gure baliabideak ezagutzeko eta lan egiteko ditugun helburuak ikusteko. Gainera, ‘Zarena Gara’ film laburra ikusi zuten, lerro hauen gainean ikus daitekeenez. 

Bideoan islatzen diren alderdietatik hauek nabarmendu ziren: gaixotasun mentala duen pertsonak bere gaixotasunari buruzko kontzientzia hartzea, familiak ematen duen gehiegizko babesa, norbera zaintzearen garrantzia (higiene pertsonala, ariketa fisikoa, elikadura, botikak hartzea…), koordinazio soziosanitarioaren garrantzia eta laguntza eta normalizazio sareak egotearen garrantzia. 

Maldatxoko EPSZk gaixotasun mentala hurbildu die Nazaret Zentroko gizarte Integrazioko ikasleei

Solasaldiaren amaieran, ikasleek etorkizunean Nazareten eta Aita Menniren artean ekintza bateratuak egiteko aukera planteatu zuten. Iradokizun horri erantzunez, Vicente Huesok ere heziketaren aldeko proposamen bat egin zuen, gazteek lehen eskutik ezagutu ahal izan dezaten gaixotasun mentala: “Arazo mentalak dituzten pertsonak gure zentroetara etorri eta ikasleekin batera prestakuntza prozesuan parte hartuko balute, gizarte osoak lortuko luke onura, pertsonalki eta profesionalki. Estigmaren aurkako borroka ikasgeletan hasi behar da, gazteen artean”, adierazi zuen.

Eta, berriro ere, gure taldearentzat plazera izan zen eskola horrekin jardutea. Zalantzarik gabe, bilatuko dugu gaixotasun mentala duten pertsonen integrazio sozialaren alde besoz beso lan egiteko modua.