Aintzindari istorikoak

Eskoriatzako ospitalea

BENITO MENNI ETA ESKORIATZA

1872 eta 1876 urteen artean Hirugarren Karlistada lehertu zen. Guda hartako batailarik odoltsuenak Euskadi eta Nafarroako lurraldeetan gertatu ziren. Benito Mennik, hainbat anaiarekin batera, ez zuen zalantzarik izan bere burua eskaintzeko gerrako bi bandoetako zaurituei osasun laguntza eramateko. Horrenbestez, 1873an, Gurutze Gorri sortu berrian boluntario sartzeko eskatu zuen. Gurutze Gorriaren balioak bere eginik, Benito Menni anbulantzia eta odol ospitaleetan laguntza emanez egon zen presente. Nabarmentzekoak dira Portugalete, Abartzuza, Lakar, Irunberri-Lumbier eta Iruñea-Pamplona aldeko borrokak. Guda zelai horietan, Benito Mennik eta enparauek andazain lanak egiten zituzten, zirujauei laguntzen, eta zaurituak ospitaleetara eramaten zituzten. Ospitale horiek Santurtzi, Iratxe, Otxandio eta Gesalibarren zeuden. Gesalibarrekoa, artean oraindik ere bainuetxea izanik, gerran zehar odol ospitale moduan erabili zen.

Orduan ezagutu zuen Benito Mennik Debagoiena, batez ere Arrasate eta Eskoriatza. Gerra amaituta, gure haranean urte haietan gehien sufritzen zutenak hartzeko establezimendu bat bilatu zuen: gaixotasun mentala zuten pertsonak, askotan azken egunak espetxean ematen zituztenak, guztiz bakartuta eta inolako laguntzarik jaso gabe. Haien ondoan beste bi atal egongo ziren, gerrako zaurituentzat eta gerraren ondorioz bakarrik geratu ziren haurrentzat. Eskoriatzan irekitzea erabaki zuen, Arrosario Santuaren Ospitalea izandakoan, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzien Fakultatea dagoen lekuan. Benito Menniren lehen zentro psikiatrikoa izango zen, eta 1875eko azaroaren 28an inauguratu zen. 

Mapa Eskoriatza

Hartuta zuten lehen pazientea Eskoriatzako bizilagun Anselmo Alay jauna izan zen. Arrazoi politikoak tarteko, ospitaleak 1876ko maiatzaren 30ean itxi zituen ateak, baina hura izan zen Benito Mennik gaixotasun mentala zuten pertsonen alde egindako lehen urratsa. 1881ean, gaixotasun mentala zuten emakumeen egoeraz ohartuta, Ahizpa Ospitalarioen kongregazioa fundatu zuen, emakume haiek hartzeko. Benito Mennik ez zuen bailara ahaztu, eta 1898an itzuli zen, Gesalibarreko gaur egungo ospitaleak sortzeko, gaixotasun mentala zuten gizon-emakumeei laguntza emateko; horretarako, Gesalibarreko bainuetxe zaharra erosi zuen, gobernuko presidente Canovas del Castillo erail eta gero gainbehera baitzegoen. Lehenago Gesalibarreko odol ospitale eta bainuetxe izandako hura dira gaur egun San Joan Jainkoarenaren Anaien eta Ahizpa Ospitalarioen ospitaleak.

Eskoriatzako ospitalearen irudiaKarlistadak iraun zuen bitartean, gaixo mentalak zailtasun handiak izaten zituzten Valladolid edo Zaragozako ero etxeetara iristeko eta ondorioz, kasu askotan gartzelatan sartzen zituzten. Egoera honen aurrean, Benito Mennirengan Eskoriatzan ospitale bat sortzeko gogoa sortu zen:
 
“... eta behar larrienei aurre egiteko, gure kabuz ospitale etxe bat zabaltzea pentsatu dugu, hiru sail antolatuz:

1. Bat eroentzat, gaur egun zenbait herrietako gartzelatan detenituak daudenentzat eta sendatzeko aukerarik ez dutenentzat leku egoki bat ez dutelako.
2. Gudari elbarrientzat.
3. Gudatearen ondorioz edo beste arrazoiak direla medio, babesik gabe gelditu diren mutikoentzat, edo bere garapen intelektuala, morala eta fisikoa lortzeko behar dutena gurasoek eman ezin dietenentzat...”


Benito Mennik harrera on bat aurkitu zuen bere proiektuarentzat Gipuzkoa eta Arabako Diputazioetan, gaixoen egonaldiak kontzertatu zituztelarik eguneko pezeta bat ordainduz. 

Eskoriatzako ospitalea 1875ko azaroaren 23an zabaldu zen. Bost hilabete beranduago, 1876ko martxoaren 13an, gudaren amaiera etorri zen eta erakunde publikoetako indar politikoetan izandako aldaketen ondorioz, urte horretan bertan itxi behar izan zen.