Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetan AAri ematen dioten erabilera, 2024ko Global Innovation Day ekitaldiko protagonista

Atzo, 2024ko Global Innovation Day ekitaldia egin zen Bilbon, eta Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak izan ziren berrikuntzari buruz Euskal Herrian egiten den ekitaldi horretako protagonistetako bat. Topaketan, adimen artifiziala duen bideo bidezko gainbegiratze sistema berritzailea aurkeztu genuen. Gaur egun Aita Menni Ospitaleko bi unitatetan martxan dagoen sistema da.
Mikel Tellaeche, Global Innovation Day-ko hitzaldiaren sarrera-bideoan.
Mikel Tellaeche, Global Innovation Day-ko hitzaldiaren sarrera-bideoan.

Atzo, 2024ko Global Innovation Day berrikuntzari buruz Euskal Herrian egiten den ekitaldirik garrantzitsuena egin zen Bilbon, eta Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak hango protagonista nabarmenetako bat izan ziren. Topaketan, Mikel Tellaeche gure zuzendari gerenteak adimen artifiziala duen bideo bidezko gainbegiratze sistema berritzailea aurkeztu zuen Azkuna Zentroko auditorioan, sistema hori baita gaur egun Aita Menni Ospitaleko bi unitatetan martxan dagoena. Sistema hori pazienteen zaintza optimizatzeko eta haien eta gure langileen segurtasuna hobetzeko garatu da, eta erakusten du adimen artifiziala arlo soziosanitarioan aplika daitekeela benetan.

Aita Menni Ospitalak bideo bidez gainbegiratzeko erabiltzen duen teknologiak kamerak ditu pazienteek beren geletan duten posizioa eta egiten dituzten mugimenduak denbora errealean monitorizatzeko. Zerbitzari batek irudiak jasotzen ditu, eta berariaz entrenatutako adimen artifizialeko algoritmoen bidez, gela barruan egiten diren mugimendu ereduak aztertzen ditu eta arriskuak identifikatzen ditu, hala nola erorikoak edo ezohiko portaerak, horiek berehala esku hartzea eska dezakete-eta. Kasu horretan, sistemak tamaina osoko irudi bat aktibatzen du kontrol zentroko pantaila batean, eta zuzeneko dei bat egiten du osasun langileen gailu mugikorretara, intzidentzia motaren berri emanez eta zer gelatan gertatzen ari den jakinaraziz.

Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetan AAri ematen dioten erabilera, 2024ko Global Innovation Day ekitaldiko protagonista

Sistema sekulako laguntza da kontrol zentroko langileek egiten duten lanerako, izan ere, orain arte hainbat kameratako irudiak aldi berean gainbegiratu behar zituzten, eta balizko arrisku egoerak edo anomaloak identifikatu.

Algoritmoak gela bakoitzerako eta paziente bakoitzarentzat pertsonalizatuak izan daitezke, eta gelan hainbat pertsona daudenean pazientea nor den eta langilea nor den ere bereiz dezake.

Mikel Tellaeche, eskuinean, Global Innovation Day ekitaldian parte hartzen.
Mikel Tellaeche, eskuinean, Global Innovation Day ekitaldian parte hartzen.

Ekitaldiaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden adimen artifizialeko berrikuntza kasu praktiko onenei eskainitako saio bat egin zen, eta saio horretan parte hartu zuten Aita Menni Ahizpa Ospitalarioek, eta berarekin batera hainbat sektoretako beste erakunde batzuek ere hartu zuten parte, hala nola Ariadna Grid, Eroski Taldea, Santa Marina Ospitalea, Tekniker edo Trebe Language Technologies. 2024ko Global Innovation Day ekitaldiko programaren segmentu honek adimen artifizialaren aurrerapenei eta adimen artifizialak testuinguru errealetan dituen aplikazioei buruzko ikuspegi integrala eskaini zien bertaratuei.

Foro honek teknologiaren eta berrikuntzaren arloetako agintari eta pertsona garrantzitsuak bildu ditu, hala nola Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Manuel Salaverria Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, edo Iñaki Suarez Basque Artificial Intelligence Fundazioko zuzendaria. Horiek denek eman zioten hasiera ekitaldiari. Nicola Molinaro eta Roman Orus Ikerbasqueko ikerketa irakasleek ere esku hartu zuten ekitaldian, non hizkuntzaren botereaz eta giza eta hizkuntza artifizialeko ereduez hitz egin zuten.

Un grupo de hombres y mujeres distribuidos en dos filas, posando
Arrakasta kasuak aurkeztu zituzten sei enpresetako ordezkariak, agintari instituzional eta akademikoekin batera.

Ekitaldiaren aurretik, unibertsitateko eta lanbide heziketako 125 ikaslek adimen artifizialeko aplikazioaren azken aurrerapenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten 19 enpresaren eskutik. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioak izan ziren enpresa horietako bat. Gure Sistemetako arduradun Oscar Ortiz de Lejarazuk eta gure zuzendari asistentzial Jose Luis Gironek aurkeztutako berrikuntza proiektua azaldu zieten lau ikasle talderi, eta hari buruz hitz egin zuten haiekin.

Un grupo de estudiantes atienden las explicaciones de un hombre

Aita Menni Ahizpa Ospitalarioek 2024ko Global Innovation Day ekitaldian izandako presentzia beren bideo bidezko gainbegiratze sistemaren diseinuan, garapenean eta ezarpenean parte hartu duten bi enpresatako ordezkarien presentziarekin babestu zen. Bideo bidezko gainbegiratze kameren hornitzaile Hikvision Iberiaren aldetik, gurekin izan ziren Jose Antonio Torralba, Iparraldeko eremuko salmenten arduraduna, eta Alfonso Lorenzo, Osasuneko bertikalaren arduraduna. Sistemaren instalazioa egin zuen Grupo Ondoan kooperatibaren ordezkari gisa, berriz, Sergio Olabarrieta eta Aritz Arabiourrutia egon ziren.

Cinco hombres posan delanta de un panel con el texto Global Innovation Day
Ezkerretik eskuinera, Alfonso Lorenzo, José Luis Girón, Aritz Arabiourrutia, Óscar Ortiz de Lejarazu,  Mikel Tellaeche eta José Antonio Torralba.

Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen proiektu berritzailea 2024ko Global Innovation Day arrakasta kasu gisa hautatu izanak berresten du asistentziaren kalitatea hobetzeko eta artatzen ditugun pertsonentzat eta gure langileentzat ingurune seguruago eta eraginkorrago bat sortzeko abangoardiako teknologiak erabiltzeko hartuta dugun konpromisoa.