Aita Mennik Deustuko Unibertsitateko graduondo berri batean parte hartu du humanizazio eta laguntasun espiritualera zuzenduta

15/12/2020

Gure erakundeko profesionalek Osasun Mentaleko zikloa eman dute, testuinguru sanitarioari eta ez sanitarioari begira. Garapenaren Desgaitasun Arlotik, Macarena Aspiunza, Leire Zamora eta Naroa Odriozolak ospitalearen esparruan dugun interbentzio eredua partekatu zuten ikasleekin.

“Azken urteetan gertatu diren aldaketek eragina izan dute arlo asistentzialeko profesionalen eta pazienteen arteko harreman moduetan.Bizi itxaropena luzatzearen inguruko eskakizunak, gaixotasunaren kronikotasuna, pazienteek informazioa eskuratzeko sarbidea, sare sozialek sintomen balorazioan edo tratamenduetan duten eragina, bakardade sentimendua eta pazientea bere zainketetan aktiboki inplikatzeko beharra… alderdi horiek ez dute beti erantzun egokia aurkitzen profesional sanitarioen eta soziosanitarioen artean.Halaber, gizarte zerbitzuen paziente eta erabiltzaile elkarteek egiaztatu dute beharrezkoa dela profesionalen prestakuntza hobetzea, pazientearen eta horren familiaren heziketari eta osasuna humanizatzeari dagokienez.Horrez gain, profesionalek eskakizun horiei eta elkartuta datozen alderdi existentzialei egin behar diete aurre, konplexutasun kultural eta espiritual handiagoko esparru sozial batean”.

Hori da Deustuko Unibertsitatea bultzatu duen filosofia - bere webgunean jasotzen den moduan - aurten Esparru sozial eta sanitarioan osasunaren humanizazio eta laguntasun espiritualeko Aditu Graduondoa sortzeko.Gure ingurunean prestakuntza aitzindaria da, eta esparru sozial eta sanitarioko hainbat erakunde publikok eta pribatuk parte hartzen dute, horien artean Aita Menni Ospitaleak. Lankidetza horren barruan, gure erakundeko profesionalek Osasun Mentala testuinguru sanitarioan eta ez sanitarioan izeneko zikloa eman dute, gure Garapenaren Desgaitasun eta ingurune komunitarioko Nahasmendu Mental Larriko arloek erabiltzen duten interbentzio eredua azaltzeko. Azken arlo horretan – horren barruan daude Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroak (EPSZ), Laguntza Psikosozial Komunitarioko Programa, Eguneko Zentroa eta babespeko etxebizitzak -, Aita Menni Ospitaleak urteko 160 paziente baino gehiago hartzen ditu, Vicente Hueso psikologoak azaldu zuzenez. 

Bizi kalitatearen eredua eta pertsonarengan zentratutako arreta

Macarena Aspiunzak, Garapenaren Desgaitasuneko lerro asistentzialeko koordinatzaileak; Leire Zamorak, Desgaitasun Intelektualeko Unitateko psikologoak, eta Naroa Odriozolak, autismoaren espektroko pertsonen interbentzioan espezializatuta dagoen Gizarte Integrazioko teknikariak, ikasleekin partekatu zuten gure interbentzio eredua, ospitaleratzearen esparruan.

Laguntza eredua esku hartze sozial eta sanitarioan agertzen ari den ikuspegi bat da, desgaitasuna duten pertsonen inklusiora zuzendua Harreman zuzena dauka bizi kalitatearen paradigmarekin, eta oinarrian dagoen ideia da desgaitasuna “ez dela zera finko edo dikotomiko bat, baizik eta dabilen zerbait, etengabea eta aldakorra, pertsonaren muga funtzionalen eta ingurunean erabilgarri dituen laguntzen araberakoa”.

Eredu edo paradigma horren abiapuntua da desgaitasun intelektuala eta garapenaren desgaitasuna duten pertsonei eman beharreko erantzunak errespetatu egin behar duela haiek bizitza gidatzeko duten gaitasuna, eta horrek esan nahi du praktika profesionala sakonki birplanteatu behar dela, xede horretarako behar diren 'laguntzak’ emateko.

Eredu horretatik, desgaitasuna pertsona horrek bizi den gizartearekiko duen interakzioaren adierazpena da. Pertsona horien inklusioa sustatzeko, funtsezkoa da dibertsitatea errespetatzea eta haien beharrei arreta jartzea.

Horretarako, pertsonen indarguneak hartzen dira kontuan, horiek bultzatzeko, ingurune sozialean beharrezko aldaketak eta elementu lagungarriak sartuz, bizitza betea eduki ahal izan dezaten. Horrela, pertsonen muga funtzionalak murrizten dira, interbentzio, zerbitzu edo laguntzak emanez, jokabide adaptatiboetan, estatus komunitarioan eta ongizate pertsonalean zentratuta.