Aita Menniren jarduera asistentzialean esku-hartze psikologikoek duten eginkizuna

20/02/2019

Dagoeneko 18 dispositibo asistentzial ditu, zeinetan Psikologiaren arloko 23 profesionalek egiten duten lan, 1.500etik gora pertsonari arreta eskaintzeko. Esku-hartze psikologiko ororen helburua da, hain zuzen, ahal den neurrian pertsonaren ongizatea lortzea, pertsona erabat osatzea edo gutxienez ahalik eta gehien osatzea. Gainera, berriz gaixotuko balitz, arazoari aurre egiteko tresnak ere emango litzaizkioke.

1985ean, Aita Menni Ospitaleak Pedro Fernandez de Larrinoa psikologoa txertatu zuen bere langile taldean. Gure zentroan lanean hasi zen espezialitate horretako lehen profesionala izan zen, noiz eta Ospitaleak gaixotasun mentala zeukaten pertsonen tratamendura eta soilik horretara bideratzen zuenean bere jardun guztia, Gesalibarreko egoitzan.

Hamahiru hamarkada pasatxo igaro diren honetan, Aita Mennik beste hiru arlotara ere zabaldu du bere zeregina –Adineko Pertsonak, Kalte Zerebrala eta Desgaitasun Intelektuala–, eta dagoeneko 18 dispositibo asistentzial ditu, zeinetan Psikologiaren arloko 23 profesionalek egiten duten lan, 1.500etik gora pertsonari arreta eskaintzeko.

“Aurreko mendeko 90eko hamarkadan, Aita Menniren jarduera dibertsifikatzeari ekin genion –gogoratu du Jose Antonio Ezquerrak, Psikologia Saileko arduradunak–. Soilik emakumeei arreta eskaintzetik arreta bi sexuetako lagunei eskaintzera egindako jauziaz gainera, urte horietan, jarduera asistentzialak ateak ireki zizkien beste arlo batzuei ere, hala nola bat-batean etorritako kalte zerebrala duten pazienteen errehabilitazioari edo psikogeriatriari. Halaber, jarduera ospitaletik kanpo ere atera zen, eta komunitatean txertatu. Horretarako, kanpo dispositiboak jarri ziren martxan, esaterako, Eguneko Ospitalea edo gaixotasun mentala duten pertsonentzako etxebizitzak, Arrasaten. Horrekin batera, laguntza teknikoko ekintzak eta kontsulta jarduerak landu ziren zentro eta erakunde publikoentzat”.

1996. urteaz gero, joera hori indartu egin zen, hauei esker: Arrasateko Eguneko Zentro Psikogeriatrikoa eta Ospitalean Psikogeriatria Unitate berriak martxan jarri ziren, Bilboko Neurorrehabilitazio Zentroa ireki zen, adineko pertsonentzako dispositibo publikoak kudeatzen hasi ziren –adibidez, Durangoko Barandiaran Egoitza edo Eskoriatzako zein Deustuko Eguneko Zentroak–, eta erakunde publikoei kontsulta psikologikoko zerbitzuak ematen hasi ginen. Joera horrek ordurako ez zuen atzera bueltarik, eta egitura propioen edo geuk kudeatutakoen zorroa handituz eta handituz joan zen, gaur egun dugun egoerara iritsi arte: Maldatxoko (Donostia), Beasaingo, Irungo eta Arrasateko errehabilitazio psikosozialeko zentroak (CRPS); adinekoentzako eguneko zentroak eta egoitzak Bergaran, Soraluzen, Durangon, Bilbon, Oñatin, Villabonan eta Arrasaten; eta eguneko zentroak kalte zerebrala duten pazienteentzat Donostian eta Arrasaten. Horiez gainera, unitate berriak ditugu Aita Menni Ospitalean: Erabilera Anitzeko Unitatea, Desgaitasun Intelektual eta Jokabidearen Nahasmenduaren Unitatea eta Lege Psikiatriako Unitatea. Bestalde, Aita Mennik psikologia kontsultarako zerbitzuak ematen ditu Euskadiko herri ugaritako desgaitasun intelektualeko zentroetan, kalte zerebralaren errehabilitazio zentroetan, psikogeriatria zentroetan eta osasun mentaleko zentroetan.

Jardute eremua

Gaur egun, 23 profesionalek osatzen dute Psikologia Unitatea: 9, Kalte Zerebralaren Zerbitzuan dabiltza; 7, Adineko Pertsonen arloko dispositiboetan; 4, Osasun Mentalaren arloan; eta 3, Desgaitasun Intelektualarenean.

Kalte Zerebralaren arloan biltzen dira Psikologiaren arloko profesional gehien, nahiz eta hor beste arlo batzuetan baino pertsona gutxiagori eskaini arreta. “Hala da, hain justu, hor egiten den lan gehiena anbulatorioko kontsultena delako, eta eskaintzen den arretaren pertsonalizazio eta indibidualizazio maila benetan handia delako”, azaldu du Ezquerrak. “Adineko Pertsonei dagokienez –jarraitu du–, badaude eskakizun instituzional eta baita arauzko batzuk ere, Aita Mennik foru aldundien eta udalen egoitza eta eguneko zentroetan kudeatzen dituen plaza asistentzialen bolumen handiari lotuta. Gainera, arlo horretako gure psikologoetako hiru ari dira arduradun lanetan egoitza hauetan: Txurdinagabarri (Bilbo), Barandiaran (Durango) eta San Martin (Oñati). Desgaitasun Intelektualaren arloan ere psikologo bat daukagu buru; eta Osasun Mentalarenean, Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroetako arduraduna ere psikologo bat da”.

Psikologiaren arloko langileen banaketa, arlo asistentzialen arabera
Kalte Zerebrala: 9
Adinekoak: 7
Osasun Mentala: 4
Desgaitasun Intelektuala: 3

Erantzukizun handiko lanpostuetan diharduten psikologoak
Desgaitasun Intelektualaren arloko arduraduna
EPSZen arloko arduraduna
Txurdinagabarri egoitza (Bilbo)
J.M. Barandiaran egoitza (Durango)
San Martin egoitza (Oñati)

Eskola kognitibo-portaerazkoa

“Prestakuntzari dagokionez, Aita Mennin dihardugun psikologo gehienok eskola kognitibo-portaerazkotik gatoz –azaldu du Jose Antonio Ezquerrak–, nahiz eta abordatze eklektikoa gauzatzen dugun, eta beste era batzuetako estrategiei ere irekitzen dizkiegun ateak, hainbat arazo mota aztertzeko”. 

Beste eskola batzuek arazoen jatorria aztertzen dute; guk, ordea, pertsonen arazoak aztertzen ditugu, “hemen eta orain”, elementu sorta bati erreparatuz: 

  • Zer ari da gertatzen?
  • Zergatik gertatzen da hori?
  • Arreta eskaintzen diogun pertsonari estrategiak eskainiko dizkiogu gertatzen ari zaiona modu eraginkorragoan eta ahalik eta arazo gutxienekin ulertu ahal izateko. 

Ezquerraren aburuz, “eskola kognitibo-portaerazkotik aldarrikatzen da gertaera arazotsua ez dela berez emozioa sortzen duena, baizik eta pertsonak gertaera horretan oinarrituta egiten duen interpretazioak eta horri aurre egiteko duen moduak eta eskura dituen estrategiek eragiten dutela emozioa. Horregatik, bi pertsonak arazo berbera eduki dezakete (famili gatazka bat edo enplegua galtzea, esaterako), baina bakoitzari modu jakin batean eragingo dio horrek, eta, beraz, oso modu desberdinean erreakziona dezakete”. 

Terapiari esker, pazienteak hainbat estrategia izango ditu eskura, gertatzen zaionaz jabetzeko eta guztia ulertzeko. Terapiak bere uste irrazionalak aztertuko ditu, ordenan jarriko du bere burua, igurikapenak doituko dizkio eta ingurunearekiko duen harremana lantzeko ahalegina egingo du, coping eta aurre egiteko estrategien bidez. 

“Aita Menniko arlo bakoitzean, esku-hartze psikologikoak gauzatzen ditugu, hainbat arazo espezifikori aurre egiteko –adierazi du Ezquerrak–; besteak beste: gizarte harremanetarako zailtasunak, estresari aurre egiteko zailtasuna, arazoak datozenean sortzen den blokeoa, edo erabakiak hartzeko ezintasuna. Era berean, komunitatean txertatzeko programak ere lantzen ditugu, bai eta errehabilitazio psikosozialekoak, sexu hezkuntzakoak eta heziketa soziolaboralekoak ere. Ezin konta ahala esku-hartze ditugu, emozioak identifikatzeko eta argitara emateko baliagarriak, emozio horiek pertsonaren etorkizuna baldintzatu ez dezaten”. 

Esku-hartze psikologiko ororen helburua da, hain zuzen, ahal den neurrian pertsonaren ongizatea lortzea, pertsona erabat osatzea edo gutxienez ahalik eta gehien osatzea. Gainera, berriz gaixotuko balitz, arazoari aurre egiteko tresnak ere emango litzaizkioke. “Erabat osatzea posible ez den kasuetan, pertsonaren ondoeza ahalik eta gehien murriztea bilatzen dugu, eta dauzkan hutsuneak bete edo orekatzea. Horretarako, aurre egiteko estrategiak eta tresnak jarriko dizkiogu eskura, bere baliabide eta gaitasunetara egokituta”, nabarmendu du Psikologia Saileko arduradunak. 

Ongizate horren bilaketan, berebiziko garrantzia dauka familiak. Hori dela eta, Aita Mennin gauzatzen den esku-hartze psikologikoan familiarekin egiten da lan, hiru oinarrizko estrategia baliatuta: babes emozionala ematea; familiari jakinaraztea zein den egoera eta zein pronostikoa; eta familia gaitzea, sor litezkeen arazoetako batzuei aurre egin ahal izateko, nola etxean bertan (kanpoko pazienteak izanez gero), hala zentroetan (han dauden pertsonak izanez gero). 

“Familiari gerta litezkeen egoerei aurre egiteko baliabideak ematen zaizkio, eta errehabilitazio lana bideratzen da pazientea etxera itzul dadin –azaldu du Ezquerrak–. Etxera itzultzea posible ez denean, ahalegintzen gara gutxienez bere inguruarekin harremana izan dezan. Horregatik dira guretzat hain garrantzitsuak komunitaterako irteera eta parte-hartze programak, eta beste talde demografiko batzuekiko harremanak, belaunaldi arteko eta kultura arteko trukean oinarritutako jardueren bidez". 

Pertsonak adimen arazo larria duenean –gaixotasun neurodegeneratiboak, desgaitasun intelektual sakonak edo kalte zerebral larriak, esaterako–, estimulazio sentsoriala erabiltzen da pertsona horiekiko baliozko harreman bide gisa. “Kasu batzuetan, gainera, portaera nahasmenduetako batzuk hobetu egiten direla ikusten dugu –nabarmendu du psikologoak–; horren lekuko ditugu etengabe oihu egiten duten pazienteak, oldarkor jokatzen dutenak edo gainerako pertsonekin harremanik ez dutenak. Eta ideia berbera dago, hain zuzen, estimulazio instrumentalean oinarritutako esku-hartzeetan ere; hala nola txakurrekin egiten den terapia edo objektuekin egiten dena, Montessoriren metodologia ardatz hartuta”. 

“Aita Mennin aplikatzen ditugun esku-hartze guztien oinarrizko printzipioa, bestalde, pertsona helburu hartuta eskaintzen den arreta da –gehitu du–. Ezintasun iraunkor edo aldi baterakoen prozesuekin lan egin ohi dugu, eta kasu guztietan kontuan hartu behar izaten ditugu paziente, pertsona erabiltzaile eta familien ezaugarriak, nahiak eta lehentasunak”. 

Azken 25 urteetan, Aita Mennik kanpora ireki du ospitalea, eta hormaz barneko lana egitetik komunitatetik gertu dauden arreta gailuak sortzeko jauzia eman du. Hala, ospitale psikiatriko bat askotariko arloei arreta eskaintzeko erakunde bihurtu du: Osasun Mentala, Adineko Pertsonak, Kalte Zerebrala eta Desgaitasun Intelektuala. “Era berean –azaldu du Psikologia Saileko arduradunak–, azken 25 urteetan, bestelako arreta modu batzuk txertatuz joan gara, arreta eskaintzen diegun pertsonen premiekin eta lehentasunekin bat etorri eta horiekiko errespetuz jokatzen duten arreta moduak, hain justu”. 

“Pertsona da esku-hartze prozesuaren erdigunea, eta bere duintasuna eta eskubideak aitortu eta segurtatu egin behar dira une oro –baieztatu du–. Gure helburua da pertsona bera izatea bere bizitzaren plangintza egiten duena eta dituen helburuekin lotutako erabakiak hartzen dituena, ahal dela behintzat”. 

Aita Mennin egiten den irakaslana 

Dena den, jarduera asistentziala ez da Aita Menniko Psikologia Sailean gauzatzen den bakarra. Badira hamarkada batzuk irakaskuntza jarduera garrantzitsua egiten dela, eta hori ere enplegu eragile bat da Euskadiko sektorean. 

“Harreman estua daukagu Deustuko Unibertsitatearekin –nabarmendu du Jose Antonio Ezquerrak–. Pedro Fernandez de Larrinoak Psikologia Klinikoko Master bat sortzea proposatu zuen, eta 1986an martxan jarri zen. Eta horixe izan da, hain zuzen, Aita Mennik psikologoak lortzeko izan duen iturri nagusia. Masterreko ikasleek prestakuntza jasotzen zuten eta bi urtean praktikak egiten zituzten Aita Menni Ospitalean. Ikasleak arlo guztietatik pasatzen ziren. Gaur egun, Sailean dihardugun 23 pertsonok, guztiok, unibertsitateetako graduondoetatik gatoz. Gutako 15ek, gainera, Deustuko masterra egin dugu”. 

Gaur-gaurkoz, Aita Mennik lankidetza harremana dauka Unibertsitate horrekin; bai enplegu emaile gisa –ikasleak onartuz, praktikak egin ditzaten– bai irakasle lanetan –irakasleak eskaintzen ditu–. 

Bide beretik, irakasleak jartzen ditu EHU/UPVko Psikologia Orokor Sanitarioaren masterrerako, eta Psikologia master eta gradutik datozen ikasleak onartzen ditu, praktikak egin ditzaten. Era berean, esparru hitzarmenak ditu Unibertsitate Konplutentsearekin, eta beste unibertsitate batzuetako ikasleak eta onartu izan ditu, praktikak egiteko; esaterako, Salamancako Pontifikalekoak, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalekoak edo Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoak, han ere Aita Menniko psikologo bat baitabil irakasle lanetan. 

Guztira, gradu edo graduondoetatik datozen 30-35 ikasle onartzen ditu Aita Mennik urtean, bere zentroetan praktikak egin ditzaten. Horien tutore lanak, berriz, gure erakundeko psikologoek egiten dituzte. 

Unibertsitateekin dugun lankidetza hori beste arlo batzuetara ere zabaltzen da; hala nola gure erakundeak EHU/UPVko eta Deustuko Unibertsitateko graduko, graduondoko eta doktoregoko programak etengabeko barne zein kanpo hobekuntza eta prozesuetan baliatuz, edo ikerketa proiektuetan parte hartuz. Jarduera horretan lankidetza iraunkorrean dihardugu, halaber, Ahizpa Ospitalarien Maria Josefa Recio Fundazioarekin.