Aita Menniren ondareak oso bizirik jarraitzen du bere heriotzaren mendeurrena amaitu ondoren

Aurten festa inoiz baino garrantzitsuagoa izan zen, bere heriotzaren mendeurrena ospatzeko programa amaitzen baitzen. Aita Menni Ospitalearen eta Ahizpa Ospitalarien sortzailea den apaiz italiarrak Espainiako lehen laguntza-sare psikiatrikoa sortu zuen.
Ideia originalak eta ekitaldi berezia San Benito Menni omentzeko

Arrasateko Ahizpa Ospitalarien Ospitaleko sortzailea den Aita Menniren ondareak oso bizirik jarraitzen du hil eta ia mende bat ondoren. Horrela geratu zen agerian kongregazioak bere heriotzaren mendeurrena ospatzea erabaki duen urtearen amaieran. Hiru apaizek eta Donostiako apezpiku Jose Ignacio Munillak egindako meza batekin amaitu zuten 2014ko apirilaren 24an hasi zen programa. Apezpikuak Aita Mennik pertsonei laguntza osoa ematen egindako lana nabarmendu zuen, laguntza hori “hiru dimentsioetan” eman baitzuen: arlo biologikoan, arrazionalean eta jainkotiarrean. Gaur egun lan horrekin jarraitzen dute Ahizpa Ospitalariek laguntza-zentroetan.   

Fedea, zientzia eta lana. Familia ospitalariak San Benito Mennik hasitako egintzaren funtsak bizirik mantentzen ditu. Eukaristian Aita Menni eta San Joan Jainkoarenaren ospitaleetako pazienteek, senideek, profesionalek, boluntarioek, lagunek eta auzokoek parte hartu zuten, eskaintzekin eta eskariekin. Meza nagusi honetan Aretxabaletako abesbatzak abestu zuen, eta zenbait balore nagusitu ziren, hala nola baztertutakoekiko sentikortasuna, harrera integratzailea eta gaixoentzako zerbitzua. Mezaren amaieran Iñaki Irustak, Euskadiko Gurutze Gorriko lehendakariak, Gurutze Gorriaren bandera entregatu zuen, Benito Mennik garai horretan sortu berria zen erakundean boluntario moduan egindako lana eskertzeko. Gero, Iñaki Jauregi txistulariak eta Ander Arizaleta dantzariak ohorezko aurreskua eskaini zioten santuari.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Bideoa: Goiena

Haren bustoaren azpian zenbait lore utzi ondoren erakundean 25 urte lanean daramatzaten langileei oroigarriak eman zizkieten. Oraingoan zortzi lagun izan ziren: bost laguntzaile, psikologo bat eta bi erizain. Pozarren jaso zituzten AMHko arduradun nagusien eskutik. Ana Dominguezek eskerrak eman zituen omendutako guztien izenean:  “Gaurkoa egun berezia da, urteak betetzen direnean bezala. Erakundeak hazten ikusi gaitu, eta bilakaera bat izan dugu bertan. Baina erakundeak pertsonok egiten ditugu, ikasten eta bilakatzen. Sinbiosi horretatik poztasuna eta ‘hemen jarraitzeko’ nahia sortzen da, San Benito Menniren ideiari ere jarraituz, hots, gure ametsak errealitate bihurtzea. Izan ere, ametsek pertsonok uzten ez ditugun bitartean irauten dute”. Kide guztiek txalotu eta maitasuna agertu zioten.

Bestalde, duela gutxi hildako Ana Ibarria Benito Menni Ospitaleko langilearen aipamen berezia ere egin zuten. Emozioak, eta gainera, sorpresa bat komunitateko bi ahizparentzat. Ahizpa Rosariok eta ahizpa Aurorak lore-sortak jaso zituzten opari moduan, 50 urteko sagarapen erlijiosora heltzeagatik. Ohiko luncharen ondoren, festa polita egin zuten erabilera anitzeko aretoan, San Benito Menniren heriotzaren 100. urteurrena ospatzeko ekitaldiei amaiera emateko. 

Laguntza psikiatriko modernoaren aita

Ahizpa Montserrat Esparzak, Ahizpa Ospitalarien komunitateko nagusiak,gogoratu zuenez, Benito Mennik atea ireki zion laguntza psikiatriko modernoari, eta gaixoei zainketarik eta profesionalik onenak eman zizkien. 1881. urtean San Joan Jainkoarenaren Anaien ordenako italiar apaizak Ahizpa Ospitalarien kongregazioa sortu zuen Ciempozuelosen (Madrilen), gaixotasun mentala zuten emakumeei laguntzeko, izan ere, ordura arte osasun-laguntzatik kanpo uzten zituzten. Horrela, hainbat zentro espezializatu sortu zituen.

Azken 365 egunetan zenbait ekitaldi egin dira Menni aitaren omenez, hala nola merkatu txiki solidarioak, arte-erakusketak eta jardunaldi zientifiko bat Bilboko Deustuko Unibertsitatean. Han, aditu ezagunek kognizio sozialaren ezagutzan sakondu zuten, gaitasun psikiko horiei esker, gizakia gizarteratzen delako. Zuzendari kudeatzaileak, Mikel Tellaechek, zerbitzuek urte honetan egindako lan handia nabarmendu zuen, Pastoral Zerbitzuak egindako batik bat.

Etorkizunari begira

Beti bezala “bidean azkenak direnei eremua, denbora eta baliabideak eskaintzen jarraitzea” da helburua. Pastoraltza Zerbitzuko buruak, Egoitz Zabalak, proiektu berriak antolatuko ditu abenduan hasiko den Jubileu Urtearen barruan. Halaber, hurrengo hilabeteei begira, eta sortzailearen izaera eta Ahizpa Ospitalarien obra hedatzen lan handia egin dutela konbentzituta, Mikel Tellaechek adierazi zuen Mendeurrenaren ospakizunak eragindako bultzadaz baliatu behar dutela erantzun behar diren beste errealitate batzuei begiak zabaltzeko.

Aita Menniren ondareak oso bizirik jarraitzen du bere heriotzaren mendeurrena amaitu ondoren

2014ko apiriletik orain arte Aita Menni Ospitaleak irakaskuntza jarduerak eta dibulgaziozko jarduerak antolatu ditu Benito Menniren bizitzari buruz Ahizpa Ospitalarien zentroetan eta beste hainbat lekutan. Jarduera askoren artean, Juan Carlos Irizaren azken diskoa nabarmentzen da. Irizar Aita Menni Ospitalearekin elkarlanean aritzen den musikaria da, “We Are Like You” ekimenerako dirua biltzeko. 

Bizitza emankorra lanetan

San Benito Menni 1914. urtean hil zen, Espainian eta Portugalen gaixotasun mentaleko pertsonei osasun-laguntza emateko 14 ospitale sortu eta gero. 1985. urtean Juan Pablo II. Aita Santuak beato izendatu zuen, eta 1999ean kanonizatu. Benito Menni Espainiako osasun mentaleko lehen sarearen sortzailetzat eta “administrazio-kontzertu sanitarioaren” bultzatzailetzat hartzen dute, izan ere, probintziako diputazioekin akordioak egitea lortu zuen gaixotasun mentaleko pertsonez arduratzeko, haien zainketetan inbertitzeko konpentsazio ekonomiko baten truke.

Gaur egun Ahizpa Ospitalariak erreferenteak dira gaixotasun mentala duten pertsonen arretan. Besteak beste arreta zentroak, errehabilitazio psikosozialeko zentroak, abegi-etxeak eta abar dituzte 27 herrialdetan.