Osasun mentala

Antzaran EPSZk edonorentzako ekintza ireki bihurtu du ‘Familien Eguna’

Herriko gune batean egin denez, komunitatean sartzeko modua sustatu da. Bizikidetza egun horretako ateak jende guztiari irekitzeak beste aurrerapauso bat emanarazi digu gure arreta terapeutikoko ereduaren baitan, gaixotasun mentala duten pertsonak euren ingurunean gizarteratzeko eta errehabilitatzeko asmoz.
Antzaran EPSZk edonorentzako ekintza ireki bihurtu du ‘Familien Eguna’

Aita Menniren Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroetan  (EPSZ) dagoeneko tradizionala den ‘Familien Eguna’ egiten da Gabonetan. Bizikidetza egun bat izaten da, non gure profesionalen lantaldeak erabiltzaileen senitarteko eta adiskideekin partekatzen dituen gure arreta ereduari buruzko xehetasunak. Hala, abenduaren 20an, Vicente Hueso psikologoak, Irungo Antzaran EPSZren koordinatzaileak, Palmera Montero zentro zibikora hurbildu ziren guztiei aukera eman zien ezagutzeko zer egiten dugun eta zergatik, eta nola egiten diogun aurre gaixotasun mentalari.

Irungo Udalarekin egindako lankidetzari esker, hitzordua, lehenbizikoz, Antzaran plazako zentrotik kanpo jarri genuen, eta horregatik, edonorentzat ateak irekita izan zituen aurrenekoz. Bizikidetza egun hori jende guztiari irekitzeak beste aurrerapauso txiki bat emanarazi digu gure arreta terapeutikoko ereduaren baitan, gaixotasun mentala duten pertsonak euren ingurunean gizarteratzeko eta errehabilitatzeko asmoz.

Bizi kalitate hobea eta autonomia handiagoa bilatze aldera, helburua da erabiltzaile guztiek ahalik eta bizimodurik ‘normalena’ eduki dezaten lortzea. Zentroko psikologo Deiene Gallasteguik familiekiko lankidetzaren garrantziaz, babes emozionalaz eta errehabilitazio psikosozialeko prozesuan parte hartzeaz jardun zuen. Puntuz puntu zehaztu zuen zein den lantaldea osatzen duten profesionaletako bakoitzak egiten duen lana. 

‘Zarena Gara’, estigmaren aurkako film laburra

Arazo mentalez dihardugunean, aurreiritziak izaten dira oztoporik handiena. Mondragon Unibertsitateak eta Aita Menni Ospitaleak elkarrekin ekoitzitako ‘Zarena Gara’ film laburra ikusi genuen, eta baliagarria izan zen gaixotasun mentala azaltzeko, estigmari aurre egiteko, eta baita gaixotasun mental larria duten pertsonak gizarteratzeari buruzko eztabaida pizteko ere. 

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Beste behin, Ikus-entzunezko Komunikazioko euren gradu amaierako lana aurkeztu zuten Saioa Murua film laburraren gidoilarietako batek eta Iratz Urkizu kameralariak. Film laburra, hain zuzen, eskizofreniari eta bestelako gaixotasun mentalei buruzko iritzi distortsionatua duten pertsonei zuzendutakoa da, batez ere. Estigmak larriagotu egiten du sufrimendua eta gizarte zein lan arloko bazterketa; hainbesterako, gaitz mentalak eragindako pertsonak uko egin baitiezaioke laguntza profesionala bilatzeari ere, ‘etiketatu’ ez dezaten.

Txaloak Antzaran Abesbatzarentzat

Eztabaida biziaren ondoren, Antzaran Abesbatzaren txanda etorri zen. ‘Furra furra’, ‘Behin batian Loiolan’, ‘Gabeko izar’, ‘Non geratzen den denbora’… Leire Intza begiraleak eskusoinua eta Beñardo Lazkanotegi erabiltzaileak biolina joz, Antzaran Abesbatza osatzen duten EPSZren ia erabiltzaile guztiek 12 pieza interpretatu zituzten, Palmera Montero guneko 2. aretoan bildutako jendearen gozagarri. 

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Beti bezala, Gabonetarako eta 2019. urterako desio onen trukea egin zen jardunaldian, eta bertaratu ziren pertsona guztien arteko harremana indartzen lagundu zuen horrek. Berrikuntza moduan, aurten, Gabonetako luncha zentroan bertan egin beharrean, bazkaria egin genuen hurbileko jatetxe batean, eta 50 bazkaltiar bildu ginen. Egia da deialdiak ez zuela interes orokorrik piztu herritarren artean, baina halere, datorren urtean topaketa hau berriz ere toki publikoren batean egiten ahaleginduko gara, gure erabiltzaileak komunitatean sar daitezen laguntzeko.