Osasun mentala

Beasaingo EPSZ: Kiroldegia bitarteko gisa

Beasaingo Antzizar Kiroldegia bezalako baliabide komunitario bat eskura izateak osasuna sustatzeko balio du. Horrez gain, aukera ematen du zentroko erabiltzaileekin egindako interbentzioetan oinarrituta-ko trebetasunetako asko praktikan jartzeko.
Beasaingo EPSZ: Kiroldegia bitarteko gisa

Gaixotasun mental larriak dituzten pertsonek normalean ez dituzte izaten bizitza ohitura eta estilo oso osasuntsuak, haien artean sedentarismoa, munduko biztanleen %60k bezalaxe. OMEk 2011n jaso zuenez, sedentarismoak esan nahi du jarduera fisiko nahikoa ez egitea, eta jardueratzat ulertzen da “energia gastu gehigarria eskatzen duen muskulu eskeletikoek egindako gorputzaren edozein mugimendu“. Batzuetan, gaixotasunaren sintomak tratatzeko erabiltzen diren botikek gorputzaren pisua areagotzea eragiten dute. 

Jarduera fisikoa eta bizitza ohitura osasungarriak

Jarduera fisikoak aldaketak eragiten ditu maila fisikoan, sentsorialean, psikologikoak, sozialean eta kognitiboan eta horrek ondorioak ditu ongizatean eta bizitza kalitatean.  Hauek dira horietako batzuk:

·         Arlo fisiko eta sentsorialean:  Tentsio arteriala eta bihotz maiztasuna murrizten dira, tentsio muskularra ere murrizten da eta odol fluxua areagotzen da. Diabetesa izateko arriskua txikitzen da, pisua kontrolatzen laguntzen du, motrizitate larria hobetzen du eta baita koordinazio motor orokorra, posturen kontrola eta oreka ere. Giharren zurruntasuna ere murrizten du, besteak beste.

·         Arlo psikologikoan:  Gogo aldartea, autokontzeptua eta autoestimua  hobetzen ditu, sintoma negatiboak eta antsietatea, depresioa eta estresa izateko arriskua gutxitzen ditu, lorpen pertsonalak lortu izanaren sentimendua sortzen du, talde bateko kide izatearena, loa erregulatzen du…

·         Arlo sozialean: Parte hartze eta interakzio soziala areagotzen dira, baliabide komunitarioen erabilera normalizatzen da, autonomia handitzen da, isolamendua saihesten du, komunikazioan laguntzen du, arauak errespetatzen…

·         Kognizio arloan: Arreta eta kontzentrazioa hobetzen dira, espazio nahiz denbora orientazioa hobetzen dira, arazoak konpontzea…

Kirolen bat egitea, jarduera fisikoa, dantza, oinez ibiltzea, eskailerak igotzea eta etxeko lanak egitea  dira adibide batzuk.

Beasaingo EPSZ: Kiroldegia bitarteko gisaEguraldiak laguntzen duenean, erabiltzaile gehienak oinez joaten dira zentrora, eta horrek laguntzen du bideko arau eta seinaleak errespetatzen eta barneratzen. Kiroldegira joateko, berriz, herrigunetik urrun xamar egoteak garraio publikoa nola erabili ikasteko balio du inguru erreal batean. Horregatik, kiroldegira joateak autobusa modu autonomoan erabiltzen ikasteko ere balio du.

Lantzen ditugun ohitura eta bizitza estiloaren beste bi adibide dira higienean defizitak saihestea eta norbera-ren burua garbitzea. Ariketa fisikoa egiteak ondoren dutxatzera edo garbitzera eta arropa aldatzera behartzen gaitu. Hala, kiroldegia erabiltzeak, herritarren esku jartzen dituenez dutxak, aldagelak eta lehorgailuak, lagun-tzen du higiene ohitura osasuntsuak sortzen. Balio du, era berean, arropa egokia erabiltzea bermatzeko eta ondoren aldatzeko, eta horrela sortzen eta orokortzen dira errutina eta ohitura egokiak.

Gainera, kiroldegia erabiltzeak arauak betetzea dakar berarekin (arropa, takilen erabilera…) ondo funtzionatzeko eta horrekin arauak errespetatzen ikasten da, eta orobat, norberaren gauzak zaintzeko ardura hartzen da.

Gaixotasun mental larriak dituzten pertsonek oso gutxitan baliatzen dituzte komunitatean dauden baliabideak eta horrek isolamendu soziala eragiten du. Beraz, kiroldegia baliabide bat da integraziorako eta gizarte-inklusiorako eta baita trebetasun sozialak praktikan jartzeko ere. Era berean, lehenaldiko zaletasunak berreskuratu eta berriak aurkitzen laguntzen du. Batzuetan, lehen aldiz halako baliabideak erabiltzeak pertsona erabiltzaileen inplikazioa lortzen du. Horrek guztiak zeregin esanguratsuak betetzea dakar, eta interesa eta motibazioa sortzea zentroko ordutegitik kanpo ere modu autonomoan praktikan jarri ahal izateko.