Dolua ulertzea eta tratamendua

06/07/2016

Egilea: Alfonso Sáez de Ibarra, Aita Menni Ospitaleko psikologo klinikoa

LEHEN ZATIA: DOLUA ULERTZEA

Doluaren paradigma norbaiten heriotzaren ondorengo aldiari lotu ohi zaio. Ulertu genezake behin-behineko egoera moduan, galera horren inguruko sentimenduei lotuta, eta hildako pertsona gabe bizitzeko modu berri bat ikasteari lotuta. 

Askotan, egoera horri aurre egin behar diogun lehendabiziko aldia da. Sarri, luzaz harremana izan dugun pertsonen heriotza izaten da (gurasoak, anai-arrebak, bikotekidea, seme-alabak). Are gehiago, gerta daiteke bizitza osoa maite genuen pertsona horren inguruan antolatu izana, harekin denbora asko eman izana, eta are gure bizitzako hainbat partzelari uko egin izana orain desagertu egin den pertsona horrekin elkarbizitzan egoteko.

Dolu txikiak

Aitzitik, gure existentzian zehar dolu asko egiten ditugu, eta ez soilik hurbileko norbait hiltzen denean. Bizitzaren prozesua esperientzia berrietara irekitzeko prozesu etengabea da, baina baita ere galera edo amaitu eta ixten diren faseen prozesu etengabea. Dolu txiki horiek bizitzen ikasteak prestatu egiten gaitu gure bizitzako dolurik garrantzitsuenei osasunez aurre egin ahal izateko. Txikitatik ikasten dugu dolu txikiak egiten, eta hazten goazen heinean konplexuago bihurtu ohi dira. Gure gurasoek ez badigute aukera hori ematen (adibidez, arraintxo bat hil eta beste bat berdin-berdina erosten badigute ez gaitezen konturatu eta ez dezagun negar egin), tristezia eta galera toleratzeko ikasketa progresibo hori galarazten ari zaizkigu.

Bizitzan galera itxurarik ez duten galerei ere egin behar izaten diegu aurre (frustrazioak), inoiz eduki edo lortu ez dugun zerbait “galtzen” dugunean. Adibidez, bizitzako alderdi baten gaineko proiektu, plan, ilusio bati buruz pentsatzen dugunean (bizitza profesionala, etxe bat, ezkondu, ondoan eduki nahi genukeen pertsona, auto bat, New Yorkera joan, etab.), denbora ematen dugu pentsatzen, bilatzen, informatzen, galdetzen, hitz egiten, partekatzen eta hainbat ahalegin egiten gure bizitza norabide horretan bideratzeko. Bizitzako ingurumariak aldatzen direnean, adibidez, arlo ekonomikoan (dirua behar dut ustekabe baterako), bizipenetan (lanean edo norbait zaintzen espero baino denbora gehiago eman behar dut), edo maila zirkunstantzialean (lekua, ordutegia, lanpostua aldatu didate), gertatzen zaigu ezin ditugula hasitako proiektuak burutu, horietan hainbeste energia gastatu eta gero. Une horietan proiektua behin-behinean gelditu behar dugu, edo are behin betiko egin behar diogu uko.

Munduarekiko harremana 

Doluaren prozesua ulertzeko funtsezkoa da ulertzea nolako harremana dugun munduarekin, pertsonekin eta objektuekin.

Lehenik eta behin, esplikatu behar dugu ezartzen ditugun harremanak edo loturak ez direla soilik gauzek edo pertsonek ematen diguten zera horretan oinarritzen, eta, aldiz, gehienbat horiei buruz gure barruan egin dugun irudian oinarritzen direla. Horrenbestez, niretzat objektu batek berez duen erabilgarritasuna bera baino askoz garrantzitsuagoa den objektu batekin izan dezaket harremana; nire benetako harremana nik maite dudan objektu horren gainean egin dudan irudiarekin edo errepresentazioarekin lotuta dago. Askoz esanahi gehiago dituen irudi bat da, eta niretzat egiazko errealitate objektiboa transzenditzen du. Adibidez, gosaltzeko katilu baten erabilera begi-bistakoa da, eta horrela ikusiko du etxera bisitan etortzen zaigun edonork, baina bikotekidearekin lehen aldiz Parisera bidaiatu nuenean erosi nuen katiluak askoz gehiago esan nahi du niretzat, ez da gosaltzeko erabiltzen dudan tresna hutsa, edo kolore polita duen zerbait; lasaitasun eta kontzientzia pixka batekin erabiltzen dudan bakoitzean, aldi berean energia psikikoa erabiltzen dut, oroitzapen, afektu eta are amets moduan, eta, adibidez, egunen batean seme-alabekin itzuliko naizela irudikatzen dut.

Prozesu hori haurtzarotik egiten dugu, gure bizitzako objektu, leku eta pertsona askori balioa emanez. Gure harremanetako kanpoko errealitatearen gainean egiten ditugun barne errepresentazio ugarirekin osatutako errealitatearen mapa osatzen joaten gara. Uste dugu mapa hori errealitatearen argazki objektibo bat dela, baina egiazki gure iraganeko zein etorkizuneko inpresio emozionalekin tindatu, zirriborratu eta pintatu den errealitatea da, nire izaeraren arabera eratua, eta objektu, leku edo pertsona horiekin izan ditudan esperientzien arabera eratua.

Errepresentazio horiek egiteko ohiko modua da ustez presente dauden ezaugarriak esleitzea, benetan gertatzen dena izanik geuk nahi dugula ezaugarri horiek egotea, eta sarri askotan idealizatu egiten ditugu maitasunezko objektu horiek: idealizatzen dugunaren adibide nabarmena gure ama eta aita dira.

Horrez gain, esplikatu dezakegu edozein objekturekin dugun harremanak energia psikikoaren inbertsioa dakarrela, esaterako, arretan, pentsamenduetan, irudikapenetan, eskaintzen diodan denboran, etab. Gastu hori egiten dudanean nire energia psikikoaren zati bat galtzen dut, eta, ondorioz, pixka bat husten naiz, eta zerbait falta dudala nabaritzen dut. Falta dudan zati horrek osatu gabe sentiarazten nau, eta ekintzaren bitartez lortzera mugiarazten nau (motibazioa): adibidez, aurrekoan katilua erosi nuen Paris hirira joateko bidaia planifikatuko dut, beharrezko dirua aurreztuko dut eta egin egingo dut. Berriro joaten naizenean elikatu egingo naiz eta hasieran galdu nuen energia hura berreskuratuko dut. Alta, bueltan etortzen zaidan energia hori ez da berbera, orain aldatuta dago, nigandik kanpo dauden beste pertsona eta leku batzuetatik etortzen zaidalako, eta horrela hazi egiten naiz, kantitatean zein kualitatean. Ikasi egin dut, aberastu egin naiz.

Prozesu hori askoz bizi eta aberasgarriagoa da harremanak beste pertsona batzuekin ezartze baditugu. Nire pentsamendu, denbora, fantasiak eta portaeren zati bat ematen diet, baina bueltan haien portaerak, pentsamenduak eta denbora etortzen zaizkit, beraien ikuspegiarekin aberastutako energiarekin. Grosso modo, hazkunde pertsonalerako prozesua da, munduarekin eta pertsonekin dugun harremanaren bitartez eraikia.  

Adierazi behar da alderantziz eginez gero, pertsona batek ez badu bere energia ezerekin edo inorekin harremanak izateko inbertitzen, pertsona ez dela hazten, eta denborarekin behera egiten duela, bere buruaren unibertsoan zentratzen eta korapilatzen delako. Azkenean, mingostu eta hil egiten da, emozionalki behintzat. Horregatik, besteei ematen zaiena hazi egiten da, eta besteengandik defendatzen dena, besteen beldur dagoena, gauzak galtzeko beldurra izan eta gorde egiten dituena, egoista, azkenean samindu egiten da eta, pixkana, suntsitu egiten da.

Energia psikikoa

Azaldutakoaren arabera, honela deskribatu dezakegu doluaren prozesua: proiektu edo pertsona bati zuzenduta energia psikikoa hustu eta inbertitu genuen aurrez, eta orain energia psikiko hori galdu dugu edo jada ez dago. Orduan, hutsunea sentitzen hasten gara, zerbaiten faltan gaudelako sentsazioa. Geurea zen zerbait galdu dugunez, orain falta dugun zerbait galdu dugunez, herren sentitzen gara, eta galdu dugun zati horrek eragindako tristezia agertzen da. Dolu batean gaudenean galdu dugun horri buruz pentsatzen dugu, baina baita ere galdu dugun geure zati horri buruz. Besteagatik egiten dut negar, eta baita niregatik ere, herren nagoelako eta zalantza dudalako etorkizunean hutsik geratu den zulo hori betetzeko gai izango naizen.

Doluaren prozesuan zehar barneratzen joaten gara ezingo dugula hutsunea lehenagoko energi iturri beretik bete. Jakina, hori metafora kuantitatiboa da, izan ere, geratzen zaizkigun “zuloak” ez dira soilik energi kantitate batez osatzen, hau da, “forma” txiki bat ere badute. Hala, galdutako objektu bat ezingo da inoiz guztiz eta osorik beste batekin ordeztu, oro har haren espazioa bete dezakeen arren.

Gertuko pertsona baten heriotzak eragindako dolua askotan aztertu da, eta aurre egiteko egoera gogor eta zailenetakoa da, batez ere contra natura bada, adibidez, gorpua itsasoan galduta badago, edo gorpua identifikatu ez bada, edo gurasoek haurra lurperatu behar badute. Badirudi zailena dela seme/alaba batek bere buruaz beste egiten duenean.

Prozesuaren faseak 

Dolua prozesu progresiboa da, eta etapaz etapa joan gaitezke “zauri psikikoa” ixten eta galdu den eta itzuliko ez den “objektuari” eskaintzen nion energia hori birbideratzen ikasten, nire mundu psikikoa betetzeko eta aberasteko.

Doluaren faseek (ukapena, amorrua, tristezia, negoziazioa eta onarpena) aukera emango didate ongizate eta hazkunde iturri hari uko egiten. 

  • UKAPENAren fasean psikismoa nahastuta dago, eta arazoak ditu pertsonaren desagerpenari buruz benetan gertatu den zerbait balitz moduan pentsatzeko.
  • AMORRUAren fasean pertsonak haserre erreakzionatzen du galeraren aurrean, askotan heriotza eragin duenaren edo aurreikusten jakin ez zuenaren aurka, edo are norberaren aurka, bere buruari galdetuz ea zerbait gehiago egiterik zegoen (errua).
  • TRISTEZIAren fasean pertsonak batez ere falta den pertsonaren hutsunea sentitzen du, eta galdutakoa inoiz berreskuratuko ez duelako etsipena.
  • NEGOZIAZIOAren fasean pertsonak beste modu batera bizitzen jarraitzeko aukerak planteatzen ditu, hildakoa gabe.
  • ONARPENAren fasean pertsona ordu arte ez bezalako beste modu batera bizitzen hasten da, harreman eta poz iturri berriak aurkitu ditzake hildako pertsonak utzitako hutsunearen zati bat betetzeko.

Beti ez da argi eta garbi pasatzen deskribatutako fase guztietatik, eta batzuetan faseak elkarren gainean jartzen dira. Adibidez, tristezia beti egoten da presente gehiago edo gutxiago, baina une jakin batean kontzienteago egiten da.

Fase guztietatik igarotzea normala da, eta ez du inolako gaixotasun edo prozesu patologikorik adierazten. 

BIGARREN ZATIA: DOLUAREN TRATAMENDUA

Tristezia eta depresioa. Noiz behar da tratamendua dolurako? Nola lantzen da tratamendu psikologikoa? Eta tratamendu psikiatrikoa behar bada? Gai horietaz eta beste batzuez hitz egingo dugu hurrengo entregan