Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko ikastaroek jarraitzen dute

Josebe Iturriozek bi saio gidatu zituen, non zaintzaren feminizazioari buruz eztabaidatu zen
Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko ikastaroek jarraitzen dute

III. Berdintasun Planak bultzatuta, Aita Menni Ospitalean emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzeko prestakuntzak aurrera jarraitzen du. Josebe Iturrioz berdintasuneko teknikaria arduratu zen azken ikastaroa emateaz, eta zaintzaren feminizazioari buruz eztabaidatu zen.

Parte hartzaileek ikusi ahal izan zuten aurrerapen asko egin dela gurea bezalako erakunde femenino eta feminizatuan, baina oso emakume gutxi dagoela ardura postuetan, emakumeek lantalde gehien-gehiena osatu arren eta inoiz baino prestatuago egon arren.

Postu nabarmenetan emakumeak ez egoteari buruzko azterketa

Bi saioetan zehar, Josebe Iturriozek ibilbide historiko bat egin zuen, osasunaren, jakintzaren eta boterearen arteko harremanak nolakoak diren eta zergatik diren horrela azaltzeko. Iturrioz Filosofia eta Letretako lizentziatua da, bi doktoretza ditu eta Berdintasuneko master bat, eta, azaldu zuenez, unibertsitateak sortu ondoren emakumeak medikuntzaren jardueratik baztertuta geratu ziren, eta, oro har, emakumeen presentzia debekatuta egon zen XIX. mendearen amaierara arte. Emakumeen bizitza famili eremura mugatuta geratu zen, eta, ondorioz, zaintzara. 

Bazterketa horrek eragin du erreferentziazko emakumerik ez egotea, eta horrek emakumeen egoera soziala ahultzen eta desorekak betikotzen ditu. 

Aitzitik, emakumeen lana onartzea eta baloratzea galarazi duten oztopoak gogorarazteaz gain, Josebe Iturriozek zenbait emakumek garatu zituzten estrategiak eta egin dituzten ekarpenak ere erakutsi zituen. Horien artean, erizaintza profesional modernoaren aitzindaritzat jotzen den Florence Nightingaleren adibidea jarri zuen. Nightingaleren lana gidatu zuten alderdietako batzuek gaur egun oraindik ere aurreratutzat jotzen den ikuspegia zuten –esaterako, medikuntza prebentiboa, osasungintzan diharduten pertsonen prestakuntza eta laguntza, nutrizio orekatua edukitzeko aukera, edo gaixoak etxean beran zaintzeko prestakuntza–.

Asko hobetu da, baina…

Prestakuntza, elkarrizketa eta eztabaidarako denbora honek oraindik beharrezkoa den eraldaketari buruzko kontzientzia hartzeko balio du. Gaur egun berdintasuna aldarrikatzen bada ere, bereizketa eta hierarkia sozialak aurkitzen ditugu sexua dela eta; gizonen lanak hobeto aitortzen eta ordaintzen dira, emakumeek lanaldiak murrizten jarraitzen dute etxeko dependenteak zaintzeko, eta haurdunaldiak laneko ibilbidea baldintzatzen jarraitzen du.