Ertzaintza Aita Mennira hurbildu da Interneteko arriskuak prebenitzen laguntzeko

Informatika delituetako aditu batek hitzaldia eman zuen, Interneten, sare sozialen eta telefoniaren arrisku potentzialez ohartarazteko. Oinarrizko neurri batzuk hartzea lagungarria izango da ziberdelituen biktima ez izateko, eta, hala gertatuz gero, nola jokatu jakiteko.
Ertzaintza Aita Mennira hurbildu da Interneteko arriskuak prebenitzen laguntzeko

Egunero konektatzen gara Internetera, beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko, informazioa bilatzeko, lan egiteko, erosteko, jolasteko. Eta badakigu zibergaizkileek posta elektroniko faltsua, estekak eta deskarga fitxategiak baliatzen dituztela espioi programak eta birus informatikoak sartzeko. Mila eta bat trikimailu euren asmoak lortzeko. Tranpa horietan ez erortzeko, gure Egonaldi Ertaineko Unitateak (EEU) prebentzio jardunaldi bat antolatu zuen gure pazienteentzat, sare sozialen eta Interneten erabileraren arriskuei buruz. Amaia Bulumburu Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko koordinatzaileak azaldu digunez, ospitale osoarentzat antolatuko zen, pandemiaren ondorioz ezarri ditugun sektorizazio neurri zorrotzengatik izan ez balitz.

Ordenagailuaren edo mugikorraren bidez delituen biktima izatea nola galarazi erakusteko, eta baita ere legeak erasotzaile bihurtu ez gaitezen ezartzen dituen mugak ezagutarazteko, Erandioko komisaldegiko Iker Legardon ertzaina Arrasatera joan zen, prestakuntza hitzaldi bat ematera.

Agentearen eskutik, ‘grooming’ bezalako hitzak ikasi genituen (helduengandik adingabeenganako sexu jazarpena), ‘ciberbulliyng’ ziberjazarpena dela (mehatxuak, larderia, nahi gabeko, ‘whatsappak’…, etengabeko eraso psikologikoa telefono mugikorra edo emailak erabiliz, irudiak zabalduz eta sare sozialetan iruzkinak hedatuz), eta ‘sextinga’ praktika arriskutsu bat dela, eduki erotikoa duten norberaren irudiak partekatzen direlarik, kontrola galtzen bada. Azken puntu horretan azpimarratu zuen erabat debekatuta dagoela pertsona baten argazki konprometituak zabaltzea baimenik gabe. Bideo edo argazki horiek birbidaltzea ere delitua da eta kartzelara ere joan daiteke.

Ertzaintza Aita Mennira hurbildu da Interneteko arriskuak prebenitzen laguntzeko

Oinarrizko segurtasun arauak

Aurkezpena, ‘Sareari lotutako delituak’ izenekoa, joan den otsailaren 25ean egin zen. Ertzaintzako hizlariak benetako adibide batzuk aipatu zituen eta oinarrizko segurtasun arau batzuk zerrendatu zituen, onena prebenitzea baita. Posta elektronikoko, sareetako eta abarretako pasahitzak emateak duen arriskuaz ohartarazi zigun, edo diruditena ez diren webgune edo zerbitzuetan sartzeak duen arriskuaz. Hori ‘phishing’ izango litzateke, hau da, nortasuna ordeztea: pertsona batek beste baten itxura egitea edo simulatzea, adibidez, beste baten webgunea imitatzen duen enpresa bat izatea, lapurtzeko edo iruzur egiteko. Nortasuna ordezteko delituak espetxe zigorra dakar.

Interneteko orri bat segurua dela eta egiazki erakunde horri dagokiola ziurtatzeko, bere web helbidea https letrekin hasi behar da eta hasierako giltzarrapoa agertu behar da. Hori oso garrantzitsua da erosketak egiteko garaian. Hizlariak behin eta berriz esan zuen gomendagarria dela PayPal bezalako zerbitzuak erabiltzea, edo erosketak egiteko zenbateko mugatuekin kargatzen diren banku erakundeen txartel birtualak erabiltzea; zerbitzu horiek askoz seguruagoak dira. Halaber, antibirusa eguneratuta izatearen garrantzia azpimarratu zuen, bai ordenagailuetan, bai tableta eta mugikorretan.

Ez ezabatu eta beti salatu

Iker Legardonek esan zigun, gainera, kontu handiz ibili behar dela eta pertsona ezezagunekin harremanak saihestu behar direla, ez bidaltzeko inoiz argazki edo bideo desegokirik xantaia bati amore emanez; hori eginez gero, xantaia ez bailitzateke inoiz amaituko. Gomendioa, horrelako zerbait gertatu bada, berehala salatzea da, Poliziak esku hartu ahal izan dezan, eta mezuak ez ezabatzea, nahiz eta lotsa eman. Garrantzitsua da pantaila argazkiak, messengerreko elkarrizketak eta Ertzaintzari ikerketan lagun diezaioketen froga guztiak gordetzea, Interneten denak arrastoa uzten baitu. “Gainerako guztiak huts egiten badu”, ertzainak abisua emateko edo kontsultatzeko aholkatu zigun, [email protected] helbidera mezu bat bidaliz. Larrialdietan laguntza eskatzeko (segika ari zaizkizulako edo eraso egingo dizutelako sentsazioa, etab.), tresna interesgarria da Ertzaintzaren webgunetik deskargatu daitekeen app bat sakatzea, besterik gabe, agenteak berehala joan daitezen.  

Pribatutasuna eta segurtasuna alderdi garrantzitsuak dira gure nortasun digitala sortzen eta gure bizitza teknologikoa babesten laguntzeko. Daukagun ospe digitalak gure etorkizuneko lana baldintzatu dezake, adibidez. Ikerrek erakutsi zigun Whatsappen pribatutasun doikuntzak konfiguratzen, eta ohartarazi zigun profileko argazki batetik eta ‘igotzen’ dugun edozein argazkitatik zenbat datu eta metadatu atera daitezkeen: non egin den, ordua, agertzen diren xehetasunak, etab. Horrela jakin diren pertsona publikoen adibideak eta haien bizitza pribatuari buruzko xehetasunak ikusi genituen. Gezurrez eta albiste faltsuez hitz egiteko astia egon zen, ‘fake news’ horiek ez sinesteko eta zabaltzen ez jarraitzeko egokitasunaz.

Unitateko pazienteak eta profesionalak oso gustura egon ginen eta asko ikasi genuen. Jakina, poliziaren mintzaldiaren ondoren hainbat iruzkin egin ziren, baita galdera eta zalantzak ere, eta oso modu atseginean erantzun zituen gure adituak giro lasaian. Eskerrik asko etortzeagatik!