Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan emango diete arreta COVID-19a duten egoiliarrei

Bi unitate bereizirekin eta zabaldu daitezkeen 48 plazarekin. Aldundiak Eibarko Ospitalean birkokatu du Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuei arreta emateko zentroa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan emango diete arreta COVID-19a duten egoiliarrei
Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua Aita Menni-ko mediku-taldearekin eta kudeatzailearekin bildu dira gaur goizean Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan, bertan kokatu baita Gipuzkoako adinekoen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko erreferentziazko zentroa. Orain arte, Gurutze Gorriak Donostian duen zentro soziosanitarioan artatu dituzte kasu horiek. “Datozen egunetan Eibarko Ospitaleko hirugarren solairuan bi funtzio beteko dituen instalazio bat irekiko dugu: batetik, egoitza saretik datozen COVID-19 eta arnas urritasuna duten pertsonen kasuak artatzeko plazak irekiko dira eta, bestetik, egoitzetako sarrera berriak 14 egunez isolatzeko lekuak ere zabalduko dira”, azaldu du Olanok.

Horrela, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “errealitate berrirantz goaz, betiere erantzukizunez eta zuhurtziaz, guardia jaitsi gabe eta egoitzak bisitetara nahiz egoiliar berrien sarreretara pixkanaka eta berme guztiekin irekiaz”. Olanok gaineratu duenez, egoitza sarea ziklo berri batean murgilduta dago, eta “erabakigarria da prebentzio, aurre-hartze eta erantzun azkarreko neurri guztiak zorroztea”. Horregatik, Eibarko Ospitalean birkokatu dugun zerbitzuak funtzio bikoitza beteko du eta gaixotasunari eusteko fase berri baten aurrean prest egoteko aukera ematen digu”.

Mediku eta teknikari adituekin hausnartu eta kontrastatu ondoren, zerbitzua “birdimentsionatzea” erabaki da, Gizarte Politiketako Departamentuak sustatu duen Errealitate Berrira Egokitzeko Planaren esparruan. Donostiako Gurutze Gorriaren zentroa Gipuzkoako dotazio sozio-sanitario handiena da, 130 egoitza plaza baititu, horietatik 73 soziosanitarioak; Eibarko Ospitalearen instalazio berriak, berriz, 48 plaza ditu bi unitate bereizitan, eta behar izanez gero handitu egin daitezke. Olanok gogorarazi duenez, Gurutze Gorriaren zentroan, martxoaren 15etik maiatzaren 8ra COVID-19 kasuak artatzeko zabalik egon den zentroan hain zuzen, 89 pertsona artatu direla guztira, eta aldi berean 45 gehienez.

Eibarko Ospitaleko hirugarren solairura egindako bisitan, zeina Osasun Sailak Gipuzkoako Foru Aldundiari utzi baitzion joan den abenduan bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen baten ondoren, Markel Olano eta Maite Peña Aita Menniko profesional taldearekin bildu dira, eta haiek arduratuko dira gune horretan arreta emateaz. Talde kudeatzailearekin eta medikuarekin bildu ondoren, 2.500 m2-ko espazioan dauden instalazioak bisitatu dituzte, Aita Menniko zuzendari kudeatzaile den Mikel Tellaecherekin batera, zeinak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu dion “COVID-19aren krisian lurraldeko adineko pertsonen arreta eta babesa ematen laguntzeko eurengan jarritako konfiantzagatik”. Halaber, eskerrak eman dizkie Osakidetzari eta Eibarko Ospitaleko taldeari “erronka berri honetan izandako harrera eta laguntzagatik”, adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan emango diete arreta COVID-19a duten egoiliarrei

“Ezbairik gabe, horrelako proiektuek Aita Menniren xedea deskribatzen dute, hau da, gaixo ahulenen beharrei erantzutea. Horretarako, ezinbestekoa da Aita Menni osatzen duten langileen giza taldea eta talde profesionala, eta zorionak eman nahi dizkiet beren lanagatik”, gaineratu du.

Zorionez, gaur egun, ez dago arnas urritasun larria edo ertaina duten adineko egoiliarrik bideratu beharrik zentro espezializatu honetara; izan ere, birusak beheranzko bidean jarraitzen du Gipuzkoan: gaur egun, 12 pertsonak jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin, eta inork ez du ospitaleko arreta behar, denak egoitzan bertan artatuak izaten ari dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan emango diete arreta COVID-19a duten egoiliarrei

Diputatu nagusiaren hitzetan, lankidetza soziosanitarioa “erabakigarria” izan da Gipuzkoan birusaren aurka borrokatzeko: “Gurutze Gorriaren zentroaren irekiera aitzindariaren helburua osasun sistemak gainezka ez egitea izan zen, arreta egokia eta eraginkorra bermatuz, eta helburu berarekin birkokatu dugu zerbitzua Eibarren”. Olanok Aita Menniren talde osoa zoriondu du pandemiari erantzuteko erakutsi duen prestutasunagatik. Izan ere, Aita Menni ospitaleko langileak arduratu dira egoitzei aholku eta laguntza emateaz, birusa erabiltzaileen artean zabaltzea prebenitzeko eta geldiarazteko orduan. 

Horren harira, diputatuak azpimarratu du Aita Mennik “funtsezko” papera jokatu duela Txoke Planaren barruan, eta “haiekin izan dugun harremana etengabea izan dela COVID-19aren aurkako borrokan”. Aita Menniko profesionalek banakako eta aurrez aurreko aholkularitza teknikoa eskaini diete Gipuzkoako egoitza guztiei, eta laguntza eman diete zentroak sektorizatzeko lanetan, kontingentzia planen aplikazioan, hondakinen eta barne-zirkuituen kudeaketan, norbera babesteko ekipamenduen erabileran eta kentzean, eta abarretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aita Mennik Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan emango diete arreta COVID-19a duten egoiliarrei

“Komunitate gisa aurre egin diogu pandemiaren lehen erasoari. Lankidetza horri eutsi egin behar diogu datozen aste eta hilabeteetan”, berretsi du. Testuinguru horretan, esan du adinekoen egoitzek Aldundiaren “lehentasun nagusia” izaten jarraituko dutela. “Lanean jarraituko dugu egoiliarren eta langileen ongizatea eta osasuna babesteko”, amaitu du.

* Berria argitaratu dute:

Diario Vasco 

Noticias de Gipuzkoa