Juan Carlos Irizarrek We Are Like You Proiektuaren aldeko bira amaitu du

Oñatiko musikariak maiatzean hasi zuen biraren emanaldirik nabarmenenetako batzuk jasotzen dituen disko bat grabatu du.
Juan Carlos Irizarrek We Are Like You Proiektuaren aldeko bira amaitu du

Juan Carlos Irizar Oñatiko musikari, konpositore eta zuzendariak Liberian osasun mentaleko We Are Like You Proiektuaren  aldeko kontzertuen bira solidarioa amaituko du datorren azaroaren 27an Zestoako bainuetxean. Sarrera aurreko saioetan bezala doakoa izango da. Kontzertua 19:00etan hasiko da. Lagundu nahi duten pertsonek borondatezko dohaintzak egin ahal izango dituzte, zuzenean edo zero lerroaren bidez LABORAL KUTXAREN kontu-korronte honetan:  ES51 3035 0001 56 00 10129618.  

Bira Eskoriatzan maiatzean hasi zenetik, Juan Carlos Irizar Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritan aritu da. Artistak emanaldirik nabarmenenetako batzuk jasotzen dituen disko bat grabatu du Afrikan ebolaren kontra borrokatzen jarraitzen duten pertsonen omenez; boluntarioen eta Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien omenez bereziki.

Kontzerturik nabarmenenetako bat joan den irailean izan zen Chillida-Leku Museoan, Zabalaga baserriaren lurretan dagoena (Hernani). Hor, Eduardo Chillida eskultore donostiarraren lanak daude sakabanatuta. Emanaldia Aita Menni Ospitaleak bere zentroetako langile, laguntzaile, boluntario eta familientzat antolatu zuen festa baten barruan egin zen. 

Juan Carlos Irizarrek musika instrumentaleko 30 disko baino gehiago egin ditu, hamabi partitura-liburu, antzerki, telebista, dokumental eta filmetarako hainbat konposizio musikal, eta haurrentzako eta pedagogiarako hainbat lan.  Bere jardueraren zati handi bat proiektu solidarioekin lotuta dago (esaterako, Aita Menni Ospitaleko Pazienteen Abesbatza zuzentzen du).

“WE ARE LIKE YOU” PROIEKTUA 

“We are like You” proiektuak izen hori du gaixotasun mentala duten pertsonen estigmatizazioa saihesteko. Aita Menni Jesusen Bihotz Sakratuaren Ahizpa Ospitalarien Kongregazioaren barruan dago, eta Europan, Asian, Hego Amerikan eta Afrikan zentroak ditu. Bere eginkizun nagusia da osasun-laguntza ematea gehien behar duten pertsonei, osasun mentalaren esparruan bereziki.

Ahizpa Ospitalariak 1996. urtean hasi ziren lanean Liberian, “Benedict Menni” anbulatorioan eta errehabilitazio-zentro batean. Ebolaren krisia 2014. urtean hasi zen eta horren ondorioz, herrialdeko osasun-zerbitzu askok –horien artean “Benedict Menni”- itxi egin zuten, kutsatzeko beldurrarengatik. 

Juan Carlos Irizarrek We Are Like You Proiektuaren aldeko bira amaitu du

Aita Menni Ospitaleak, egoera horren aurrean sentsibilizatuta, lankidetza-programa bat garatu du Liberiarekin herrialde horretako Osasun Ministerioarekin koordinatuta Ahizpa Ospitalarien Liberiako Benedict Menni Zentroari instalazioak berriro irekitzen laguntzeko.

Proiektuak bost helburu hauek ditu: 

  • Benedict Menni Health Center osasun-zentroa berriro irekitzea.
  • Ebola duten pertsonei (biktimen senideei, osasun arloko langileei eta bizirik atera direnei) laguntza psikologikoko programak egitea.
  • Gaixotasun mentala duten pazienteentzako Susperraldi Unitate bat abian jartzea.
  • Osasun mentaleko pazienteentzat arreta anbulatorioa jartzea.
  • Gaixotasun mentala duten pazienteekin moldatzeko trebakuntza-programak ezartzea.