Osasun mentala

Kiroltasuna, elementu integratzaile eta terapeutikoa

Why Not-ek antolatutako saskibaloi lehiaketako txapeldunordeak gara!!! EPSZetatik lehiako kirol praktika bultzatzen da, integrazio sozial eta komunitariorako bitarteko gisa.
Maldatxoko baratzea

Bizitza kalitateari lotuta, jarduera fisikoa pertsona bakoitzaren ahalmen eta beharretara egokitu behar da. Halere, gaixotasun mentala duten pertsonen jarduera fisikoaren maila, gehienetan, populazioak oro har egiten duena baino txikiagoa izan ohi da. Jarduera falta horren kausa kontuan hartu beharreko hainbat arrazoi egon daitezke:

·         Bizimodua: sedentarismoa nagusi, tabako kontsumo handia eta dieta desorekatua.

·         Tratamendu farmakologikoaren bigarren mailako ondorioak.

·         Sintomatologia negatiboa: apatia, abulia, anhedonia eta sorgortzea.

Faktore horiek lagundu egiten dute gaixotasun somatikoak eta kronikoak agertzen, eta pertsonen bizitza kalitatea kaskartzen.

Gaixotasun mentala duten pertsonekin egiten diren interbentzio gehienetan jarduera fisikoa eta kirolaren praktika lantzen dira.  Biztanle horiengan jarduera fisikoaren praktikak dituen onurak honela laburtu daitezke:

o          Egoera fisiko orokorra hobetzen da.

o          Tratamendu farmakologikoaren bigarren mailako sintomak murrizten dira.

o          Estimulazio kognitiboa eta sentsoriala.

o          Koordinazio dinamiko orokorra hobetzen da: trebetasun psikomotorra, trebetasun motor finak eta lodiak, oreka, etab.

o          Adimen emozionalaren garapena bere bost osagaietan:  autokontzientzia, autorregulazioa, automotibazioa, enpatia eta trebetasun sozialak.

o          Pertsonen arteko zein pertsonaren baitako komunikazioa hobetzea: esperientzien elkartrukea.

o          Autoestimua handitzea.

o          Planifikazioan eta erantzukizunean laguntzea: kirolaren kultura (ordutegiak, diziplina, erantzukizuna, higienea…).

o          Erresilientziarako gaitasuna hobetzea: ahalegintzeko eta hobetzeko ahalmena (kirol balioak).

o          Esperientzien elkartrukea: elkarbizitza.

o          Loaren higienea hobetzea.

o          Eguneroko errutinatik ihes egitea eta arnasa familiarentzat.

o          Erabaki gehiago hartzea, independentzia eta motibazioa handitzea.

o          Baliagarritasun sentimendua hobetzea eta norbera asebetetzea.

o          Talde lana, non denek jartzen duten beren hondar alea helburu partekatu bat lortzeko.

o          Ohitura osasungarriak hobetzeko estimulua (elikadura hobetzea, tabako edo alkohola bezalako toxikoak kentzea…).

o          Liberazio kimiko zerebral naturala: endorfina, serotonina, dopamina.

Populazio horretan modu maioritarioan egoten den bizi estiloa kontuan hartuta, zentroetan egiten den lanketaren oinarria, oro har, jarduera fisikoa praktikatzeko ohitura hartzea izaten da. Ez da ezinbestean lehiako kirolari lotuta egon behar, baizik eta bizitza kalitatea hobetzeari; nahikoa da jarduera arin edo moderatu bat egitea, pertsona bakoitzaren ahalmenen eta beharren arabera.

Eskuarki egiten diren jarduerak izan ohi dira:

·         mantentzeko gimnasia: mobilizazioak eta luzaketak

·         mobilizazioa eta paseoa

·         lan aerobikoa makinetan (txirringa, step…)

·         boletan egitea

·         petanka

·         ergonomia posturala

·         yoga/erlaxazioa

Horrez gain, zentroetatik lehiako kirol praktika ere bultzatzen da, integrazio sozial eta komunitariorako bitarteko gisa.

Lehiako kirolaren praktika onura jakin batzuk ekartzen dizkie pertsonei hainbat esferatan, eta beste behar edo ezaugarri batzuk landu daitezke, lehiatik kanpoko praktikatik sakontzen ez direnak.

–      Lehiako kiroletan parte hartzeak gizartean bizitzeko trebetasun adaptatiboak erakusten dizkie pertsonei. Ezarritako arau batzuei jarraitzea lagungarri izan daiteke bizi garen gizartean orokortzeko, lehiarako trebetasunak eta lorpen sentimendua ere garatuz. Lehia hori ez da zertan negatiboa edo kaltegarria izan. Lehiako kirolen praktika lagungarria izan daiteke ulertzeko nola funtzionatzen duen lehiak giro atsegin batean, eta, ahaleginik onena egiten bada, arrakasta izateko aukera gehiago sortzen dira.

–      Lehiako kirolaren praktikak onurak sortzen ditu maila sozialean eta autoestimuan ere. Pertsona batek bere taldearekin jokatzen duenean, asebeteta sentitzen da, aitortua, eta taldeko parte izatearen zentzua garatzen du. Galtzen denean ere ikasgai baliotsua ikasten da: pertsonak bere kabuz ikasten du frustrazioa kudeatzen, baita ere taldeko kideei laguntzen eta horiekin enpatizatzen.

–      Lehiako kirolak lagundu egin dezake portaera negatiboak aldentzeko, hala nola erretzea, drogak kontsumitzea, erasokortasuna… Horren oinarrian dago lehiako kirolek espresatzeko modu bat eskaintzen dutela, adiskidetasuna eta baliotsu izatearen sentimendua.

Kiroltasuna, elementu integratzaile eta terapeutikoa

Aurreko premisak kontuan hartuta, zentroan baliabide komunitarioak erabiltzea sustatzen da, lehiako kirolak modu normalizatuagoan egin ahal izateko, Halaber, erabiltzaileentzat interesgarriak izan daitezkeen kirol ekitaldietan parte hartzea. Aipatu ekitaldietan parte hartzearen abantailetako bat da aurrez prestatzeko lana egin daitekeela, kirol lehiaketa jakin batean lorpen bat izatea bilatzeko.

Horrenbestez, joan den martxoaren 23an, Antzaran EPSZtik Why not? Fundazioak Donostian antolatutako saskibaloi txapelketara joan ginen. AGIFESeko kide batzuekin talde bat osatu ahal izan genuen, eta lehiaketan txapeldunorde geratu ginen. Partidak jokatu zituzten pertsonen bizipena oso positiboa izan zen, ez soilik sailkapena lortzeagatik eta ondorengo emaitzagatik, baizik eta baita ere trebetasun sozialak gartzen direlako eta pertsona ezagunez zein ezezagunez osatutako talde bateko parte sentitzeagatik, helburu komun baten bila. Jokatzen parte hartu ezin izan zuten lagunek ere modu positiboan bizi izan zuten garaipena, taldea etengabe animatuz.

Gainera, gure erabiltzaileen artean, EPSZtik hamabostean behin Why not radio saioetan parte hartzen duten pertsonetako baten presentzia geneukan, eta GIPUZKOA- DONOSTI BASQUET taldeko Onintza Aduriz, Elen Nystrom eta Touch Sarr jokalariak elkarrizketatu zituen, beraiek izan baitziren lehiaketako sariak banatzeko arduradunak.

Laburbilduta, gogoratzeko egun bat izan zen, kiroltasunaren bandera barneratu genuen egun bat, elementu integratzaile eta terapeutiko moduan.