Osasun mentala

Lehia sanoa Errege Koparen partidaren aurrean

Laguntasun eta kiroltasun erakustaldia. UMEko pazienteek portaera eredugarriz disfrutatu zuten Athletic – Real partidaz.
Lehia sanoa Errege Koparen partidaren aurrean

Euskadin futbolaren inguruan dagoen zaletasun handia agerian geratu da egunotan Aita Menni Ospitalean ere. Athletic edo Reala? Arrasateren kokapen geografikoagatik, Gipuzkoan baina Bizkaiko mugan, eta, talde bat hauspotzeko garaian bakoitzak bere lehentasunak dituelako, hilaren 3an Sevillan jokatutako Errege Kopako partidak interes handia sortu zuen gure Unitate eta dispositiboetan. Horietako batzuetan, esaterako, Egonaldi Ertaineko Unitatean (UME), erraztasunak eman zizkieten partida ikusi nahi zutenei.

Lehia sanoa Errege Koparen partidaren aurreanAurreko egunetan dagoeneko futbol giroa eta lehia sanoa zebilen. Hormak apainduta, eta porra bat antolatuta, Realaren eta Atheticen zaleen txantxen artean, itxaronaldia zirraragarria izan zen.

Finalaren emaitzak ebatzi zuen auzia, talde txuri-urdinaren garaipenarekin. Bilbotar taldeko jokalariek txalo egin zuten Realak garaikurra jasotzen zuen bitartean. Eta antzeko zerbait egin zuten gure pazienteek, telebistaren aurrean eszena ikusten ari zirela. Porraren irabazleari ikurrintxo bat oparitu zioten.

“Garrantzitsuena da primeran pasatu zutela. Elkarri ziria sartu nahian ibili ziren, baina oso ondo onartu zuten galtzaileen porrota. Oso gustura egon ziren, eta errespetu handiz”, zehaztu du Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko koordinatzaile Amaia Bulumburu psikologoak, portaera egoki eta kirol legeko irakasgai horretaz harro.