Osasun mentala

Maldatxotik Arditurriko meategietara

Abuztuaren 21ean txango bat egin genuen Oiartzungo meategietara. Maldatxoko Errehabilitazio Psikosozialeko erabiltzaileek aukera izan zuten meategien sorrera eta funtzionamendua ezagutzeko.
Maldatxotik Arditurriko meategietara

Udan, Maldatxoko EPSZn eguraldi ona aprobetxatu eta zentrotik irtetea gustatzen zaigu. Joan den asteazkenean, hilak 21, Grosetik Oiartzunera abiatuta hasi genuen eguna, Pasaia eta Errenteria zeharkatuz, autobusean. Oiartzunera iritsita, kafe bat hartu genuen herriko plazan. Bertan paseatzeko eta lekua ezagutzeko denbora ere izan genuen.

11:15ean argazkietan ikusten den tren berdera igo ginen, eta, 20 minutuan Arditurriko meategietaraino eraman gintuen, Aiako Harriaren Parke Naturalaren. Trenaren ibilbidean paisaia oso berdea eta polita zen. Behiak ikusi genituen, asto bat, eta, are gehiago, baita ostruka bat ere! Trenak gainera, musika euskalduna zeukan jarrita. 

Iristerakoan egin genuen lehenengo gauza izan zen dokumental bat ikustea, meategiaren sorrera eta funtzionamendua azaltzen zuena; burdina ateratzen zen eta, batez ere, galena zilarduna, zilarra eta beruna lortzeko, erromatarren garaitik 1984ra arte, urte horretan itxi baitzen. Horrez gain, gidariak maketan batean azaldu zigun nola sortu zen Arditurri mendia, Aiako Harrian. 

Azkenean, meazuloetan sartu ginen.Kasko bat jantzi eta, gure gidariarekin, 150 metro ibili ginen meategian barrena.Barruan hotz handia zegoen.Material desberdinak ikusi genituen, horien artean karea, burdina, arbela… Meazulo osoan zehar ur asko zegoen, itoginak genituen gainean, eta hirugarren mailako –sakonena da– ur depositua ere ikusi ahal izan genuen.

Maldatxotik Arditurriko meategietara

Meazuloko irteeran, tren berdea zain genuen atean. Txango oso ondo antolatuta egon zen, eta, horri esker, Oiartzungo parke batean lasai bazkaldu ahal izan genuen, Donostiara bueltan eramango gintuen autobusa hartu aurretik.Alegia, oso ondo pasatu genuen.