Nola entrenatu funtzio exekutiboak gaixotasun mentala duten lagunengan?

25/09/2018

Ereiaro proiektuaren emaitza laneratu aurreko hainbat tailer okupazional izan dira. 'Baratzezaintza terapeutikoaren tailerra’ eta 'Landare aromatiko, sukaldaritza landare eta sendabelarren tailerra’ funtsezko baliabideak dira Aita Mennin dagoeneko, gaixotasun mental larria duten lagunen funtzio exekutiboak entrenatzeko.

Idazleak:
- Macarena AspiunzaErrehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko arduraduna  
- Selene Vélez, Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko terapeuta okupazionala  
- Fuensanta Mesa, Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko begiralea 

Orain dela hiru urte, Aita Menni Ospitaleak Ereiaro Proiektu abiarazi zuen, Ekoudalatx produktu ekologikoen enpresarekin batera. Proiektuaren emaitza izan dira laneratze aurreko hainbat tailer okupazional, hala nola: 'Baratzezaintza ekologikoaren tailerra' eta 'Landare aromatiko, sukaldaritza landare eta sendabelarren tailerra'. Orain, urteak igaro eta gero, alderdi guztietan agertzen diren emaitzak ikusten dira, eta funtsezko tresna bihurtu dira gaixotasun mentala duten pertsonengan garunaren funtzio exekutiboak erabili behar diren zereginetan trebatzeko edo prestatzeko. Berez, hori da tailerraren helburuetako bat.

Gaixotasun mentala eta funtzio exekutiboak

90eko hamarkadatik aurrera, eskizofreniaren eta psikosiaren nahasmendu kognitiboei buruzko ikerketa nabarmen hazi da. Aipagarria da psikosi eta eskizofreniako defizit neurokognitiboen aldakortasuna oso-oso zabala dela, eta alde handiak daudela pertsona batzuetatik besteetara.

Aldakortasun horretatik abiatuta, egiten duguna –funtzio exekutiboak– planifikatu, gauzatu eta ebaluatzeko daukagun ahalmena ere aldatu egin daiteke gaixotasun mental larri baten diagnostikoa agertzen denean, eta arazo handiagoak edo txikiagoak eragin ditzake egunerokoan funtzionatzeko orduan.

Gaixotasun mentala duten pertsonengan funtzionalitate hori galtzearekin/murriztearekin batera narriadura kognitiboa agertu ohi da, eta, egoera horretan, garunaren goi mailako funtzio exekutiboei pertsonaren narriadura globala lotzen zaie.

Gaur egun, funtzio exekutiboek gaixotasun mentala duen pertsonaren funtzionamendu psikosozialaren maila iragartzen dutela jotzen da.

Funtzio exekutiboak

Pentsa dezakegun egin dugun, egiten ari garen edo egin behar dugun gauzaren batean. Adibidez, artikulu hau idazten ari naiz; hitzaldi bateko hizlariari edo eskolako irakasleari arreta jartzen ari naiz; erostera irten behar dut denda itxi baino lehenago. Gauza errazak ematen dute, baina ekintza horietako bakoitzak maila handiko prozesu kognitibo batzuk behar ditu, zeregin bakoitza gauzatu ahal izateko.

Prozesu horiei funtzio exekutibo esaten zaie, eta, horiei esker, gai gara egunerokotasunean xede jakin batekin jarduteko.

 Horrenbestez, funtzio exekutiboak hainbat trebetasun eta prozesu kognitibo dira, zeinek ahalbidetzen diguten ingurunera ondo egokitzea eta arazoak bideratzea, eskuragarri ditugun informazioak integratuz.Horiek esker portaera propositiboak egin ditzakegu. Oro har, esan daiteke jarduera mentala eta baliabide kognitiboak kontrolatu eta autorregulatzeaz arduratzen direla, hainbat alderditan parte hartuz, horien artean egonik motibazioa edo morala, eta, gainera, informazioa prozesatzen eta portaera kontrolatzen esku hartzen dute.

 Trebetasun horiek ez dira guztiz jaiotzetikoak, aitzitik, pertsonen bizitza eta garapen ziklo osoan zehar barneratu eta garatzen dira. Berez, horietako batzuk garunaren heldutasunari lotuta daude. Era berean, zahartu ahala edo arazo neurologikoak agertzen direnean, indarra galtzeko joera dute.

 Esan dugunez, gure biziraupen eta egokitzapenerako oso baliagarriak diren hainbat trebetasun eta prozesu hartzen ditugu funtzio exekutibotzat.  Baina, zeintzuk dira? Funtzio nagusi eta garrantzitsuenetako batzuk hauek dira:

  • Malgutasun kognitiboa: gure portaera eta jarrera egoera berrietara edo ustekabeetara egokitzen laguntzen digu.
  • Inhibizioa: gure erantzun inpultsiboak kontrolatzeko eta arrazonamenduaren bitartez beste batzuk sortzeko ahalmena.
  • Monitorizazioa: prozesu honen bitartez portaera ikuskatzen dugu, eta ezarritako ekintza plana betetzen den aztertzen dugu.
  • Planifikazioa: funtzio honen bitartez etorkizunean pentsatu dezakegu eta lan bat egiteko edo helburu jakin bat betetzeko modua marrazten dugu.
  • Lan memoria: informazioa aldi baterako nola gordetzen eta manipulatzen dugun zeregin konplexuak egin ahal izateko.
  • Erabakiak hartzea: hainbat aukeratatik bat hautatzeko ahalmena, modu efizientean eta meditatuan.
  • Arazoak bideratzea: ondorio logiko batera iristeko ahalmena inkognita bat planteatzen denean.

Ondo begiratuta, denak dira beharrezkoak 'Landare aromatiko, sukaldaritza landare eta sendabelarren tailerreko’ azpizereginak garatzeko. 

'Landare aromatiko, sukaldaritza landare eta sendabelarren tailerra’ eta funtzio exekutiboak

Nola eragin dezakegu funtzio exekutiboetan 'Landare aromatiko, sukaldaritza landare eta sendabelarren tailerretik’? Tailerreko azpizeregin bakoitza funtzio exekutibo bakoitzetik aztertuz. Ikus ditzagun zein diren eta nola jarduten duten.

  • Malgutasun kognitiboa: eguraldiak eguneroko programazioa baldintzatzen du; hau da, bero handia badago gehiago joko dugu ureztatzera, eta euria edo elurra egiten badu, barruan egiteko lanak bilatuko ditugu. Tailerreko parte hartzaileek, batzuetan, euren portaera zein pentsamendua egokitu beharko dituzte gorabehera puntual batzuetara edo egoera berrietara. Tailerrean parte hartzea lagungarria da gaixotasunaren eta instituzionalizazioaren beraren berezko zurruntasun kognitiboa malgutzeko. Begiraleek egunerokoan gerta daitezkeen aldaketak azaltzen dizkiete taldeko kideei, eta garatzeko alternatiba seguruak eskaintzen dizkiete.
  • Inhibizioa: Kimaketa hasi behar den unean arretaz identifikatu behar dira zein diren moztu beharreko landareak, adarrak eta hostoak, eta, helburua lortzeko, inpultsibitatea eta arrazoitu gabeko erantzunak alde batera utzi behar dira. Egoera horietan, begiraleak lagundu egin behar die gaixotasun mentala dutenei arrazoitu gabeko portaera inpultsiboei eusten, hitzez edo fisikoki gidatuz, eskatzen zaien jarduerara egokitutako erantzunak lortzeko.  
  • Monitorizazioa: Egunero, tailerra hastean, egunean zehar zer egingo duten azalduko zaie parte hartzaileei, eta plan bat prestatzen dute elkarrekin, zehaztuz zeregin bakoitzaz nor arduratuko den, azpizeregin bakoitza zertan datzan, zer laguntza beharko den, etab. Segurtatuko dugu dena ulertzen dela eta kide bakoitzak ikuskatu ahal izango duela nola doan bere lana, amaieran emaitza ikusi ahal izateko. Lana banaka edo binaka egin daiteke. Binaka egiten bada, bikotekide batek edo txandaka egin ditzakete ikuskapen lanak.
  • Planifikazioa: hemen zeregin bakoitzaren programazio osoa sartzen da, pausoz pauso, bai baratzeko lanetan bai barruko lanetan. Urtaroek definitzen dituzte tailerrean egin beharreko lanak, eta jarduera eta eguneroko errutina markatzen dute. Funtzio exekutibo honekin, prozesua osatzen duen sekuentzia osoa ikusi daiteke, produktua merkatura atera arte; beran zehazten dira helmugak, eta zeregin bakoitzaren hasiera eta amaiera ikusten dira. Horrela, errazago antolatuko ditugu denborak. Parte hartzaileek eguneroko antolamendua parte hartzen dute, materialez arduratzen dira, garbiketarako materialak, atsedenaldiak, etab. Ondoren, horietakoren baten adibide bat jarriko dugu:   

o   Udaberri-uda: Udaberrian landarea ernetzen hasten da, gehiago ureztatu behar da, eta belar txarrak kentzen dira. Udan izpilikua, bateko eta besteko mendak, berbena limoiusaina, mota belarra, salbia, belar bedeinkatua, bortusaia, perrexila, oreganoa, melisa eta albaka biltzen hasten dira. Lan horrek uztail, abuztu, irail eta urriko zati handi bat hartzen du.

Denbora tarte horretan, barruko lana ere hasten da, produktua merkaturatzen dugun arte. Ondoren landaren bakoitzaren sortak egiten dira, eta lehortzen uzten dira lehortegian. Lehortu eta gero aletu egiten dira. Saltzeko zorroetan sartu dira, pisatu eta etiketa jartzen da.

o   Udazken-negua: urteko garai horretan jarduera gehienbat landare bakoitzaren kimaketa izango da, batez ere izpilikuari dagokionez, udak eder agertu dadin, bere usain gozoarekin eta kolore lila eta moreekin. Neguan mantentze lanak egiten dira, eta landareak zaintzen dira kontrako klimatologiari aurre egiteko.

  • Lan memoria: urteak igaro ahala, tailerreko parte hartzaileek profesionaltasun eta jarduera maila asko eraginkorragoa lortzen dute; plangintzaren arabera egin beharreko zeregin bakoitza ezagutzen dute, parte hartzen dute eta funtzionamendu autonomoa lortzen dute. Eguneroko entrenamenduari eta trebakuntzari esker, gai dira zeregin kognitibo konplexuak egiteko, esaterako, baratzeko landare desberdinak identifikatzeko.
  • Erabakiak hartzea: egunero, tailerreko parte hartzaileek eta begiraleak erabakiak hartu beharko dituzte gertatzen diren egoerei aurre egiteko, adibidez, zomorro plaga gertatzen bada, uzta hondatu duen kazkabarra egiten badu, gehiegizko produkzioa badago… Taldean, egoerara egokitzeko aukerarik onena aukeratzen dute; adibidez, gehiegizko produkzioa badago, saltzeko beste produktu bat sortzen dute, edo izurriteei hobeto aurre egingo dien landarearen beste aldera bat bilatzen dute. Esaterako, aurten, gorputzerako almendra olioa izpiliku aromarekin ontziratu dugu.

  • Arazoak bideratzeabanaka, gerta daiteke tailerreko lagunek arazoak izatea la konplexuagoak egiteko eta, orduan, begiraleak orientatu eta laguntzen ditu, beharrezkoa bada, lana erraztuz eta sinplifikatuz, arazoa konpontzea lortzeko, betiere ahoz edo fisikoki gidatuz, ezarritako helmugara iritsi ahal izateko. Adibidez, lurra iraultzeko indarra erabili beharra duen lanabes bat erabili behar bada, laneko denbora laburtu daiteke, atsedenaldiak eta lana tartekatu, lanabesa erabiltzen entrenatu, indarra biren artean egin, etab.

Lorategi terapeutiko eder bat

Sortu eta hiru urteren buruan, hasieran lursail txikitxo bat zena lorategi terapeutiko eder bihurtu da, eta bere lurrin eta koloreekin inbaditzen gaitu. Leku zoragarri bat, non landare aromatikoak, sukaldaritzakoak eta sendabelarrak ezagutuz paseatu daiteken.

Egunero, Egonaldi Luzeko B Unitateko 15 lagunek parte hartzen duten tailerrean (Arantzazu arloa 1 eta 2). Horietako batzuk berotegi barruko gunean zein kanpoko baratzeetan aritzen dira ordu eta erdi batez; beste batzuek barruko lanetan lan egiten dute, esaterako, lehortzen, zorroetan sartzen edo etiketa jartzen. Hilean larunbat batez Arrasateko azokan merkaturatzen ditugu gure landareak.  Prozesu guztia Fuensanta Mesa begiraleak zuzentzen du.

 “Pixkana-pixkana landareen aldaerak ezagutzen joan gara, itxuragatik, koloreagatik eta aromagatik.Zertarako erabiltzen diren eta zertarako diren mesedegarriak azaldu diezazuekegu.Urtaroak igaro ahala, gure lanak aldatu egiten dira, eta horrek laguntzen digu planifikatzen urteko sasoi bakoitzean zer egin behar dugun”, esaten digu tailerreko parte hartzaile batek. Izan ere, produkzio lanen sekuentzia hori guztia, landarea berotegian edo lurrean sartzen denetik azokara iristen den arte, tresna ezin hobea da funtzio exekutiboak sustatzeko eta entrenatzeko.