Osasun mentala

Sindrome metabolikoaren interbentzioa eta prebentzioa Aita Mennin

Gaixotasun kardiobaskularra sufritzeko eta horregatik hiltzeko arriskua handitzen duten faktoreen multzoak protagonizatu zuen AMOren azken saio klinikoa. Merche Goñi eta Eva Cobos erizainek horren garrantzia azaldu zieten gainerako erizainei, eta euren Unitateetan arriskua detektatzeko eta ondorioak prebenitzeko egiten ari diren lana erakutsi zuten.
Eva Cobos eta Mercedes Goñi erizainak, mintzaldian zehar
Eva Cobos eta Mercedes Goñi erizainak, mintzaldian zehar

Sindrome metabolikoari x sindromea, sindrome plurimetabolikoa, intsulinorresitentziaren sindromea eta Reavenen sindromea ere esaten zaio, eta bera izan zen protagonista Aita Menni Ospitalearen azken saio klinikoan. Merche Goñi eta Eva Cobos erizainek horren garrantzia azaldu zieten gainerako erizainei, eta euren Unitateetan arriskua detektatzeko eta ondorioak prebenitzeko egiten ari diren lana erakutsi zuten.

Sindromeak faktore fisiologiko, biokimiko, kliniko eta metabolikoen multzo bati egiten dio aipamen, zeinek gaixotasun kardiobaskularra nozitzeko eta horregatik hiltzeko arriskua areagotzen duten. Prebalentzia aldatu egiten da gaitza zehazteko definizioaren arabera, baita adin, sexu, arraza eta bizimoduaren arabera ere. Espainian %22,7 inguruan dago, OMEren 2011ko zifra eta irizpideen arabera.

Edonola ere, eskizofrenia edo trastorno bipolarra bezalako gaixotasun mental larriak dituzten pazienteen sindrome metabolikoaren prebalentzia 2-4 aldiz handiagoa da biztanleria orokorrarekin alderatuta, eta adin goiztiarragoetan agertzen da. Osasuntsuak ez diren bizimoduek –elikadura txarra, sedentarismoa, tratamendua ez betetzea, tabakismoa, toxikoen kontsumoa–, eta tratamendu antipsikotikoak edo umorea egonkortzeko tratamenduak hartu beharrak arriskua handitzen dute –arrisku kardiobaskularraren arrisku faktoreak areagotzen dituzte, baita pazienteen pisua handiagotzen ere, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik–; arreta sanitarioa eskuratzeko aukera gutxiago izateak ere egiten du kalte.

Sindrome metabolikoaren interbentzioa eta prebentzioa Aita Mennin

2012. urtean, B Egonaldi Luzeko Arloak sindrome metabolikoaren azterketa bat hasi zuen, dianako populazioa identifikatuz. Bere interbentzio programaren oinarrian dago bizimodua aldatzea, kaloriak murriztuz eta ariketa fisikoa handituz, arrisku kardiobaskularreko faktoreak murrizteko.

B ELAren azterketak zioenez, biztanleen %49k obesitatea zuten, eta %30ek gehiegizko pisua; ondorioz, heziketa sanitarioko talde bat eratu zen, interbentzio indibidualak egiteko, eta erabaki zen dieta hipokaloriko zorrotza ezartzea, desorduetan kontsumitzen zenaren kontrolarekin batera, eta ariketa fisikoa ere gehituta (gimnasia/igeriketa/kanpoan paseatzea/mobilizazio laburrak eta luzeak barrualdean), paziente bakoitzaren funtzionalitate mailaren eta prestasunaren arabera.

Sindrome metabolikoaren interbentzioa eta prebentzioa Aita Mennin

Parametroen monitorizazioa sistematizatu egin zen, pisua aldizka kontrolatu zen eta arrisku faktoreak ekiditeko sentsibilizazio kanpainak egin ziren, horien artean hipertentsioa edo tabakismoa egonik. Txartelez, informazio saioez eta jarduera bereziak antolatzeaz gain, adibidez, “Kolesterolaren aste tematikoa”, beste ekintza batzuk ere egin dira San Joan Jainkoarenareneko Unitateetan, Egonaldi Ertaineko Unitatean edo Lege Psikiatriako Unitatean, pazienteak gonbidatuz euren borondatez prebentzio programan parte har dezaten. Horrenbestez, Egonaldi Ertaineko Unitatean (EEU), 2016an, profil heterogeneoko 28 paziente sartu ziren. Haien partaidetzak, eta beste unitate batzuetako gainerako pazientenak ere, emaitza desberdinak eman dituen arren, oso positibo baloratu da elikatzeko ohiturei eta ariketa fisikoa egiteari dagokienez.

Irteera libreen kopuruaren eta kontzientziazio mailaren arabera galdutako pisua begien bistan geratu da. Erizainek diotenez, merezi du “ildo horretan lanean jarraitzea; paziente bakoitzaren profilari zuzendutako dietekin, ospitaleko bertako kafetegian beste aukera osasungarri batzuk eskainiz, eta psikoheziketa indibiduala eginez”. Esku hartze indibidualak eraginkorragoak izan dira. Sindrome metabolikoa prebenitzeko arreta indibidualizatua jaso eta gero, parte hartzaileek jarrera irekiagoa erakutsi dute, prestatuago eta konbentzituago agertu dira.

Aita Menni Ospitale osoan prebentzioan aurrera egiten jarraitzeko, 2018rako ezarri den helburua da Unitate guztien artean diagnostiko eta interbentziorako irizpideak bateratzea. Sindrome metabolikoaren arreta egiteko protokolo bateratu bat ezartzea da kontua, XXI. mendeko osasun publikoaren arazo nagusietakoa baita.