Adineko pertsona Desgaitasun intelektuala

Estimulazio multisentsoriala, dementzia eta portaera alterazioak dituzten pertsonekin esku hartzeko

Aita Menni Ospitaleko hainbat arlotako profesionalak estimulazio multisentsorialaren ezagutzan sakontzen ari dira. Zenbait baliabide erabiliz, pertsonaren zentzumenak ‘esnatzea’ nahi da, eta ongizatea eta munduarekiko konexioa hobetzea.
Estimulazio multisentsoriala, dementzia eta portaera alterazioak dituzten pertsonekin esku hartzeko

Txurdinagabarri Adinduentzako Egoitzan egindako esperientziak lagundu egin dio Aita Menni Ospitaleari estimulazio multisentsorialeko teknikak hobeto ezagutzen, eta dementzia aurreratua edo portaeraren alterazioak dituzten pertsonengan duen eraginaz gehiago jakiten. 

Otsaileko saio klinikoa estimulazio neurosentsoriala ere esaten zaion teknikara bideratu zen monografikoki. Zentroko arlo desberdinetako profesionalak ikasgelara joan ziren, lehenik eta behin, Psikologia departamentuko arduradunaren sarrera entzutera. 

Oinarrizko mailako estimulazio sentsoriala da oinarria, musikoterapian, animaliekin lagundutako terapian edo beste terapia batzuetan gertatzen den bezala. Jose A. Ezquerrak azaldu zuenez, multisentsorialitatea lantzea ohikoa da –ingurune naturaleko sentsazioek zentzumen bati baino gehiagori eragiten diotelako–, eta antzinaroan ere egiten zen, baina estimulazio multisentsorialeko teknika orain dela hamarkada batzuk hasi ziren orokortzen Herbehereetan. Handik “snoezelen” gelak hedatzen hasi ziren, non bost zentzumenak lantzen diren. Terminoa itzulpen zaila duten bi hitz holandesetatik dator, eta “sentsazioz zipriztintzeko” modu batez ariko ginateke, “amets egiteko”. Ezquerrak, halaber, esan zuen gaiari buruzko literatura gutxi dagoela, eta artikulu gehienak azken bost urteetan argitaratu direla. “Azterketek, emaitza erabakigarriak ematen ez dituzten arren, erantzun emozionalak sistematizatzeko arazo handiak daudelako, iradokitzen dute portaera alterazioak murrizten direla eta antsietatea arintzen dela”, azpimarratu zuen.  

Estimulazio multisentsoriala, dementzia eta portaera alterazioak dituzten pertsonekin esku hartzeko

Esperientzia Txurdinagabarriko adinduekin

Gaur egun, portabilitatearen teoriari esker, snoezelen gela bat izan gabe ere esku hartu daiteke. Ainara Anton da Txurdinagabarrin estimulazio multisentsorialean esperientziarik gehien duen begiralea. Saioak adinekoaren gelan beran egin daitezke. Bertara edo beste edozein gelatara estimulazio multisentsorialeko orga bat eramaten da, zeinak elementu bisualak (koloretako tutuak, led argiak, irudi proiektorea), soinukoak (musika) eta ukimenekoak (bibrazio hariak) dituen, eta beste hainbat elementurekin osatzen da, usaimena estimulatzeko, estimulazio eta erlaxazio atmosfera bat ezartzen laguntzeko.

Aita Mennik Bilbon kudeatzen duen adinduentzako egoitza horretan orain dela bi urte hasi ziren multisentsorialitatea lantzen, hasieran 2-4 laguneko talde txikietan. Goizean narriadura kognitibo larririk handiena baina erantzuteko gaitasuna zutenak estimulatzen zituzten, betiere bisita gutxien eta errealitatearekiko kontakturik gutxien zutenei lehentasuna emanez. Arratsaldean, portaera alterazioak zituzten pertsonekin egiten zen. Berehala ondorioztatu zuten saio indibidualetan emaitzak askoz hobeak zirela. Orain saioak pertsonalak dira, eta, batzuetan, familia ere gehitzen da, parte hartu ahal izan dezan eta gertatzen den konexio hain desberdin eta sakon horretaz disfrutatu ahal izan dezan, eta topagune berri bat ezartzen da narriadura duen pertsonaren eta senidearen artean. 

Erantzun txikietan dago handitasuna

Batzuetan, familiek ahozkoa ez de beste maila batean interakzioa izatearen beldur egoten dira. “Hori sakona izan ohi da. Sor daitekeen konplizitatea ezin da esplikatu”, segurtatzen du begiraleak. Eta berehala ikusten dira onurak. Jose Ezquerra psikologo klinikoak nabarmendu duenez, pertsona bat aspaldi badago bere senidea erreakzionatzen ikusi gabe, terapia honen aurrean nola erreakzionatzen duen ikustea  oso elementu indartsua da. 

Erabateko arreta horrekin, “pertsona batzuengan aurrerapen handia ikusten da lehen saioen ondoren. ‘Ezer ez egitetik’ irribarre egiten hasten dira, monosilaboak esaten, hitzak errepikatzen, keinuak egiten… Eta hortxe, erantzun txikietan dago handitasuna”, nabarmendu du Ainara Antonek. Musika, orriak edo pinaburuak bezalako objektuak, usaintzeko eta ukimena estimulatzeko, testura desberdinekin. Horrela azaltzen du udazkena gogoratzeko modu bat izan daitekeena. Bi adibide kontatu ditu xeheki, egoitzako gizon batekin eta emakume batekin terapia nola joan den azaltzeko, eta irribarrea eragiteak, begirada batek edo tonu muskularraren aldaketak  nolako konplexutasuna duen azaltzen saiatu da. 

Ingurune multisentsorialak eraikitzea

Estimulazio multisentsoriala, dementzia eta portaera alterazioak dituzten pertsonekin esku hartzekoAita Menniko profesionalei ingurune multisentsorialak nola sortu eta kudeatzen diren erakusteko, BJ Adaptaciones etxeko ipar zonako aholkulari Gil Barrero gure saio klinikoraino hurbildu zen, Arrasaten. Ordezkatzen duen enpresak domotikaren mundua jartzen du estimulazio multisentsorialaren zerbitzura. Kontsola txiki bat eta hainbat sakagailu, kontrolatzeko argiak, proiekzioak, musika, perimetroko argiak, led argiak, soinuaren arabera intentsitate desberdinarekin bibratzen duen kuxin bat, edo bururatu dakigukeen edozein baliabide elektriko. Horren laguntzarekin, itsasertzeko egunsenti bat simulatu dezakegu, olatuen hotsarekin, eta aldatuz doan iluminazio laranja batekin, edo paraxut batetik salto egiteko esperientzia bizi dezakegu, haizearen soinuarekin eta aurpegian airearen sentsazio dugula. Softwarea erabiltzaile bakoitzarentzat pertsonalizatu daiteke, bere gustuen arabera, eta, are gehiago, etxera ere eraman daiteke.

Dieta sentsoriala neurrira

Masaje bat, musika, usain bat… Estimulazio multisentsorialaren bitartez, narriadura handia edo arazo larriak dituzten pertsonengana iritsi daiteke, oso oinarrizko elementuak erabiliz, bakoitzaren gustuen arabera, “bere neurrira” prestatuta, adierazi zuen Gil Barrerok. Bere azalpenean, katalogo teknologikoaz gain, arreta bereganatu zuen “baretasuna aretoa”; espazio horretan kromoterapia, musikoterapia eta aromaterapia konbinatzen dira, eta aktibazio maila erregulatzen eta erlaxazio egoeran jartzen laguntzen du. 

Horrelako terapiek ongizatea ematen diete pazienteei eta adinekoei, eta gaixoen eta zaintzaileen arteko harremanak hobetzen dira. “Dena probatu behar da. Edozer gauza, nihilismo terapeutikoan erortzea izan ezik”, amaitu zuen gure Psikologia Departamentuko arduradunak.