Osasun mentala

Gure egonaldi luzeko unitateetako pazienteek tertulia literario dialogikoetan parte hartzen dute

Deustuko Unibertsitateko INTERACT I+G proiektuarekin lankidetzan. Ekimenean irakurketaren inguruko sentimendu sakonak partekatzen dira, eta osasun mentalaren arloan dituen onurak nabarmentzen hasi dira.
Gure egonaldi luzeko unitateetako pazienteek tertulia literario dialogikoetan parte hartzen dute

Tertulia literario dialogikoek (TLD) partekatzen den irakurketa bati buruzko eztabaida edo solasaldi bat hasteko aukera ematen dute, eta osasun mentalaren arloan dituen onurak agerian uzten hasi den baliabidea dira.

Duela aste batzuk, TLDak Aita Menni Ospitaleko egonaldi luzeko unitateetan egiten hasi ziren, INTERACT I+G proiektuarekin lankidetzan: Ingurune interaktiboak dibertsitate funtzionaleko testuinguruen inklusiorako: Deustuko Unibertsitatearen garapena, ikaskuntza eta bizikidetza hobetzea, Aitana Fernandez Villardon psikologoaren eskutik, zeina haren ondorioei buruzko doktoretza tesia egiten ari baita. 

Solasaldietan, Zainketa Berezien Unitateko eta Arantzazu 1 eta 2 unitateetako 25 paziente parte hartzen ari dira, eta Frank Kafkaren ‘Metamorfosia’ liburua irakurtzen ari dira, literatura unibertsaleko lan handienetako bat. Tertulien saioek 45 minutu inguruko iraupena dute, eta astero egiten dira talde bakoitzarekin (gutxi gorabehera 8 pertsonako 3 talde). Saioetan, aldez aurretik orrialde batzuk irakurri ondoren, irakurketa horretatik sortzen diren ideiak eztabaidatu eta komentatzen dira. TLDetan gertatzen diren interakzioak ikuspegi dialogikoan oinarritzen dira, hau da, berdintasunezko elkarrizketan, elkartasunean eta desberdintasunen berdintasunean oinarritzen dira. 

TLDaren ahalmen terapeutikoa

Nazioarteko ikerketa zientifikoak agerian utzi du esku hartze dialogikoak eraginkorrak direla psikosia duten pertsonak berreskuratzeko prozesuan. Ikuspegi horren barruan daude TLDak, Europako ikertzaileek inpaktu eragiletzat definitu dituztenak, ‘hezkuntzako jarduera arrakastatsua’ direlako (jarduera akademikoa handitzen du eta bizikidetza eta jarrera solidarioak hobetzen ditu, behatutako eskola guztietan egiaztatu denez), eta eraginkorrak, errepikagarriak eta jasangarriak direlako. TLDek eraldaketa pertsonalak eta sozialak lortzeko duten ahalmena frogatu da, baita maila kognitiboan, emozionalean eta jokabidean duten eragina ere. Gainera, hainbat testuingurutan erakutsi dute erabilgarriak direla, hala nola espetxeetan, alfabetatze prozesuan dauden helduen heziketan eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekiko inpaktu terapeutikoan. 

Aitana Fernandez Villardonen ikerketak tertulia literario dialogikoek parte hartzaileen gaitasunean duten inpaktua aztertu nahi du, horien pentsamendu eta emozio prozesuei buruz hausnartzeari eta erregulatzeari dagokionez, izan ere, elkarrekin argudioak emanez, pentsamendu kritikoaren trebetasun hori sustatzen da. Halaber, ebaluatuko du ea elkarrizketa prozesu horrek pertsonen arteko identifikazioa errazten duen, eta ea norberaren eta gaixotasunaren kontzientzia handiagoa sustatzen duen. Oro har, aztertuko du ea solasaldiak laguntza eraginkorra izan daitezkeen gaixotasun mentala duten pertsonen errehabilitazioan. 

Aurretiko emaitzak, parte hartzaileen pertzepzio subjektiboan oinarrituta, oso positiboak dira. Saioetan, parte hartzaileek Gregorio Samsa narrazioaren protagonistaren irakurketarekin lotzen dituzten bizi esperientzia kritikoen, gaixotasunaren edo familiaren inguruko alderdiak partekatzen dira. Gainera, laguntza eta identifikazio harremanak garatzen dira parte hartzaileen artean, elkartasun eta eraldaketa giroa sustatzen laguntzen dutenak. 

Gure egonaldi luzeko unitateetako pazienteek tertulia literario dialogikoetan parte hartzen dute

Jarduerako parte hartzaileak onuradun izango dira azterlanak irauten duen 4 hilabeteetan. Aurrerago, Aita Menni Ospitaleak esku hartzeko metodologia hori txertatu ahal izango du, teknika horren malgutasunari eta unitateetako langileek saioetan modu irekian parte hartzeko eskuratu dezaketen prestakuntzari esker.