Honela ospatu dugu San Benito Menni ospitalearen fundatzailearen eguna

Egun handiaren inguruan, apirilaren 24an, gustu guztietarako ekintzez disfrutatu genuen. Santuaren eguneko urteroko ekitaldirik hunkigarrienetakoa gurean 25 urte bete dituzten pertsonenganako aitortza da.
Honela ospatu dugu San Benito Menni ospitalearen fundatzailearen eguna
Omendutako lankideak Zuzendaritza Kontseiluarekin.

Apirilaren 24aren bueltan, San Benito Menniren heriotzaren urteurrenean, Euskadiko Aita Menni Ahizpa Ospitalarien zentroetan hainbat ekitaldi antolatu dira santu fundatzailea ohoratzeko. Horien artean, urtero bezala, omenaldia egin zaie aurten erakundean lanean 25 urte bete dituzten pertsonei.

Jaiaren egunean beran, eukaristiaren ondoren, Aita Menni Ospitaleko zuzendaritzak oroitzapenezko ordularien entrega tradizionala egin zuen, oraingoan Aita Mennin lanean 25 urte bete dituzten lantaldeko 14 kideri (erakundean kolaboratzaile esaten diegu), baita aurten erretiroa hartuko duten beste bi pertsonari ere.

Honela ospatu dugu San Benito Menni ospitalearen fundatzailearen eguna

Hilaren 24ko argazkiak ikus daitezke collagean klik eginez, eta albistea Mondraberrin eta ‘Diario Vasco‘ egunkarian ere.  

 

‘Zilarrezko ezteiak’ direla-eta omenaldia jaso duten lagunak dira: M. Jose Arbizu, Merche Baroja, Jorge Bereciartua, Manuel Bermudez, Alicia Cenalmor, Idoia Diaz de Guereñu, Estibaliz de Miguel, Monica Etxebarria, Ane Miren Ibabe, Izaskun Murua, Jose Luis Hernando, Reyes Hidalgo, Vicente Hueso, Garbiñe Jauregui. Eta erretiroagatik, Paula Hidalgo eta Nati Regos.

Hausnarketa eta baita dibertsioa ere

Honela ospatu dugu San Benito Menni ospitalearen fundatzailearen eguna

Errekonozimenduaz gain, San Benito Menniren heriotzaren 104. urteurrenean, ‘Kalteberatasuna tratatu eta zaintzea: gogoeta bat Identitatearen Esparrutik’ izeneko hitzaldia nabarmendu zen, Ahizpa Ospitalarien Identitate Arloko zuzendari Alejandro Floriten ahotik.

Harridura aurpegiak, irribarreak eta txaloak. Hilaren 23ko arratsaldean bertan, protagonistak berak jarraitu zuen, oso bestelako erregistro batean. Floro Magoak, Juan Tamariten eskolako ikasleak, dena posible den haurtzaroko ilusioa itzuli zigun. Ikuskizun dibertigarri eta harrigarrian zehar, esku askok lagundu nahi izan zuten boluntarioki magia jokoetan parte hartzen, karta, soka eta dadoekin.

 

Bonsaiak eta askoz gehiago

Benito Menniren bizitzari buruzko hitzaldiak, eukaristiak, meriendak, txokolate janak eta bazkari bereziak; gustu guztietarako ospakizunak egon dira. Horien artean nabarmentzen da Jesus M. Arizmendiarrietaren bonsaien bigarren erakusketa. Bigarren urtez jarraian, Aita Menniko Giza Baliabideetako arduradunak miniaturazko arbolekiko duen zaletasuna partekatu du ospitaleko atarira inguratzen diren guztiekin. Bere kuttuna pago baso bat da, baina beste asko ere deigarriak dira, edertasunagatik, antzinatasunagatik edo koloreengatik.

Honela ospatu dugu San Benito Menni ospitalearen fundatzailearen eguna

Kirolak ere ezin huts egin aste honetan. Aita Menni Kirol Elkarteak antolatuta, hainbat kirol proba jokatu dira, erabiltzaileen, pazienteen, senideen eta Aita Menniko langileen partaidetzarekin. Interesik handiena sortu zuen hitzorduetako bat izan zen Aita Menni Ospitaleko eta San Joan Jainkoarenaren Ospitaleko neska-mutilen arteko futbol partida.

San Benito Menniren eguneko jaiaren bueltako ospakizunetan gure erakundeari lotutako mota guztietako lagunek parte hartzen dute.

Benito Menni Milanen jaio zen (Italia), 1841ean, eta Dinanen zendu zen, 1914ko apirilaren 24an. Arrasaten bere izena daraman ospitalearen fundatzailea izan zen, San Joan Jainkoarenaren Anaien ordenaren errestauratzailea, eta Ahizpa Ospitalarien kongregazioaren kofundatzailea.