Iñaki Madariaga: “Gaixotasun mentala duten pertsonek ez lukete espetxe erakundeetan egon behar”

Lege Psikiatriako Unitateko zuzendariak EHUko Udako Ikastaroetan adierazi zuenez, Espainiako kartzeletan dauden 60.000 lagunetatik laurden batek gaixotasun psikiatrikoren bat dute, eta kasuen %8an gaitz hori larria da. Psikologoek, psikiatrek eta judikaturako kideek indarkeriaren eta arazo mentalaren arteko harremana aztertu zuten, Miramar Jauregian, eta osasun publikoaren arazo horri erantzuna emateko modurik onenaz jardun zuten.
Iñaki Madariaga: "Gaixotasun mentala duten pertsonek ez lukete espetxe erakundeetan egon behar"

Argazkia: Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen Fundazioa

“Gaixotasun mentala duten pertsonek ez lukete espetxe erakundeetan egon behar, eurentzako leku hobeak daude. Espetxea ez da leku egokia sendatzeko, eboluzionatzeko eta garatzeko”. Hori da Lege Psikiatriako Unitateko zuzendari Iñaki Madariagaren iritzia, eta horrela jaso du Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen Fundazioak bere webgunean. 

‘Indarkeriaren eta arazo mentalen arteko harremana’ izenburupean, Zientzia, arte eta Letren Akademiak (Jakiunde) antolatu eta Psikologia Klinikoko katedradun Enrique Echeburuak koordinatutako ikastaroak hainbat alderdi landu zituen prebentzioari buruz, gizartearen babesari buruz horrelako egoerak gertatzen direnean, eta beharrezko errehabilitazioari buruz, protagonisten tratamendu sanitarioen bitartez.

Madariaga doktoreak Diario Vascori  adierazi zionez, pentsatu daitekeenaz bestela, seguruenik harreman txikiagoa dago indarkeriaren eta arazo mentalaren artean. “arazo mental bat egoteak ez du esan nahi indarkeriarekiko loturarik dagoela. Hori esanda, egia da halaber arazo psikiatrikoen esparru espezifiko bat dagoela, zeinean pazienteek ez duten kontrol medikoa egiten edo ez duten medikamentua hartzen, eta horrek portaera bortitzak eragin ditzake”  Gure Lege Psikiatriako Unitatean dauden pertsonei dagokienez, egiazki “sintomatologia larria duten paziente mentalez ari gara, sintomatologia horrek delitua eragin duelarik. Horien kasuan, estamentu judizialean ebatzi da pertsona horiek erantzukizunetik salbuetsita daudela. Errugabeak dira eta, ondorioz, espetxe zigor bat ez da justifikatzen”.

Madariaga doktoreak ikastarora bertaratu zirenei eta komunikabideei azaldu zienez, Aita Menni Ospitaleko Lege Psikiatriako Unitatetik .abenduan 4 urte beteko ditu– 42 paziente igaro dira. Dispositiboa aitzindaria da estatuan, eta bere sustatzaileak hainbat datu ere ezagutarazi zituen: 

–           Espainian gaur egun 60.000 lagun daude espetxe erakundeetan sartuta, eta horien %25ek gaixotasun psikiatrikoren bat dute.

–           2006an, gutxi gorabehera 190 eraso fisiko gertatu ziren espetxeetan, eta 2015ean zifra hori 400era arte igo zen. Gertaera horien erdiak baino gehiago gaixotasun mentala duten pertsonei lotuta zeuden. 

–           Biztanle horien%7-8k gaixotasun mental larria dauka. Hori arazo sanitario, judizial eta sozial oso garrantzitsua da.

Ezinbesteko segurtasuna

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Gure adituaren iritziz, aukerarik onena ingurune sanitarioan dago, ez espetxearen ingurunean, “baina aukera hori soilik gomendatu ahal izango da pazientearen eta bere inguruko pertsona guztien segurtasuna bermatzen bada”.

Segurtasuna bermatzeko, portaera autoerasotzaileak eta heteroerasotzaileak galarazteko eta pazienteek ihes egitea ekiditeko instalazio eta tresna egokiekin lortzen da. Horretarako, ekintza bakoitza biziki protokolizatu behar da, betiere oso arau zorrotzak beteta. Horretarako, ezinbestekoa da langile asistentzial esperientziadunak egotea, kualifikatuak, prestatuak eta horrelako pertsonekin lan egiten ohituak.

Noticias de Gipuzkoa egunkariak iragarri zuenez, Madariaga doktorea ikastaroko hizlari ospetsuen taldeko kidea izan zen, eta taldeko gainerako kideak izan ziren ‘Laboratorio Humano’ ikerketa taldeko zuzendari Rafael Torrubia Beltri; Lege Medikuntzako Euskal Institutuko Guillermo Portero, Kriminologiako irakasle titular Santiago Redondo, Psikologiako fakultateko Pertsonalitateko katedradun Antonio Andres Pueyo, eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko lehendakari Iñaki Subijana.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak eta Gipuzkoako Arlo Sanitarioko Zuzendaritzak Aita Menni Ospitalearen proiektu hau babesten dute, eta finantzatzen laguntzen dute, mantendu ahal izateko.