Juan Carlos Irizarrek Aita Menni Ospitaleko pazienteen abesbatza zuzentzen du

Abesbatzak arrakasta handia du erabiltzaileen artean, izan ere, parte-hartzaileek gizarte-jarduera dibertigarria eta sortzailea egiteko aukera dute. Horrez gain, beren bizitza-kalitatea hobetzen du.
Juan Carlos Irizarrek Aita Menni Ospitaleko pazienteen abesbatza zuzentzen du

Musika pertsonentzat oso onuragarria dela sinetsita egonda, Juan Carlos Irizar ospitaleko psikiatra eta zuzendari medikoa den Iñaki Madariagarekin jarri zen harremanetan 90ko hamarkadaren erdialdean, eta pazienteen abesbatza bat sortzea proposatu zion.  Handik aurrera, zenbait urtetan izan ezik, musikari eta konpositore honek musika-jarduerak antolatzen ditu, pazienteek zentroan jasotzen duten tratamenduaren osagarri gisa. 

Gaixoei, ahulenei eta adinekoei musikaren bidez laguntzea, gustura sentiaraztea…Hori izan da betidanik Juan Carlos Irizarren helburua. Ez zuen antzeko esperientziarik, baina kantua terapeutikoa dela eta psikikoki eta fisikoki onuragarria ere badela esaten zion bere intuizioak. Gaur egun, abesbatza saio batean ikusten badugu, berehala konturatuko gara neurtzea eta azaltzea hain zailak diren onura terapeutiko horiek benetakoak direla.

Abesten gozatzea

Intuizio horretan oinarrituz, eta xehetasun guztiak kontuan hartuz, astean behin lan egiten du musikariak abesbatza osatzen duten erabiltzaileen talde txikiarekin. Kantuaren, erritmoaren eta musikaren bidez, pertsona bakoitzarekin lan egiten du, haien beharretara egokituz. Juan Carlosek euren autoestimua hobetzen dela ikusten du, hala ere, ematen duena baino gehiago jasotzen duela dio. Pazienteekin egindako lana oso barrenera heltzen zaiola dio, eta bere konposizio askotan lan horretan oinarritu dela. “Saio bakoitzaren ondoren guztiz aberastuta, zoriontsu eta berrituta sentitzen naiz. Joaten naizen egunean, negar egingo dut”, adierazi du.

 ‘Yo vendo unos ojos negros’, ‘México lindo y querido’, ‘Ikusi mendizaleak’… Zuzendariak lagunduta, pazienteek eurek aukeratzen dituzte abestiak. “Abesten gozatzen dute; elkarrekikotasuna dago, garrantzitsu eta protagonistak sentitzen dira. Gero eta paziente gehiagok izan nahi dute bakarlariak”, adierazi du, harro, Juan Carlosek, eta azpimarratu du kontzertuetan abesti bat bakarrik abesten dute, ongi ateratzen bada. 

Aizpa Ospitalariek Juan Carlos Irizar zuzendari moduan aukeratu zuten bere kalitate artistikoarengatik eta gaixotasun mentala duten pertsonekiko duen sentikortasunarengatik. Horrela, San Joan Jainkoarenaren Anaien auzoko ospitaleko paziente talde batekin ere lan egin du. Bi kongregazioen sortzaileari dion mirespenean oinarritu da Donostiako Aquariumean, irailaren 12an estreinatuko den San Benito Menniren ereserkia egiteko. 

Parte hartzeko baldintza nagusiak interesa eta motibazioa dira

Musikari handia

Aita Menni Ospitaleko pazienteen abesbatzaren zuzendariak Ahizpa Ospitalarien zenbait lekaimek ere abestea lortu du. Musika-jarduera ospetsua eta zabala duen profesionala da. Gaur egun, Galdakaoko musika-banda (Bizkaia) zuzentzen du, eta zenbait orkestra, musika-banda eta abesbatza ere zuzendu ditu. Egindako lanen artean, hainbat musika-konposizio, pianorako eta orkestrarako egindako hogeita hamar disko original baino gehiago, eta akonpainamendua, gitarra eta ahotsa duten pianorako musika-partituren hamabi liburu inguru nabarmentzen dira.

Ongizatea lortzea

Ospitalean egiten den abesbatza-jarduerak parte hartzen duen pertsonen ongizatea lortzen du. Lanaren funtsezko elementua musika da, eta badu bere egitura, asmoa, antolaketa eta erregulartasuna. Pazienteak lortzen dituzten onurak hauek dira:

Parte-hartzaileen eta zuzendariaren arteko harremanak sustatzea-

Talde-lana sustatzea.

Talde batekoa izatea sentitzea.

Hobeto entzutea, arreta jartzea eta kontzentratzea.

Erritmo berri eta desberdinetara egokitzea; baita egoera berri eta desberdinetara ere.

Autoestimua hobetzea.

Sormena garatzea. 

Abesbatza-jarduera abian jartzearen eta jarraitzearen helburu garrantzitsuenetako bat pazienteak motibatuta sentitzea eta jardueraz gozatzea da. Alderdi horiek eta irakasle-zuzendariak interes eta motibazio hori gogobetetasun bihurtzeko duen rola oso garrantzitsuak dira. Bi alderdi horiek, beste jarduera batzuetan ematea zailak diren sentsazioak eta bizipenak areagotu ditzakete.