Maria Josefa Recioren oroitzapenezko festa eta Ospitaleko Boluntarioen Eguna

Aita Menni Ospitaleak zenbait egunetan ekartzen ditu gogora ospitalea bera sortu zuten pertsonen irudia. Urriaren 30 horietako bat da, izan ere, duela 131 urte Maria Josefa Recio ahizpa hil zen.
Maria Josefa Recioren oroitzapenezko festa eta Ospitaleko Boluntarioen Eguna

Ahizpa Ospitalarien kongregazioa sortu zuen Mª Angustias Giménezekin batera, eta Benito Menni aitaren aholkuekin Maria Josefa Recio oso emakume solidarioa izan zen. Horrez gain, lehen Ama Nagusi orokorra izan zen. Gaixo mental baten kolpeen ondorioz hil egin zen, eta haren bizitza-ereduak bizirik dirau oraindik Kongregazioan. Erroman 2011ko otsailaren 8an bildutako teologoen kongresuak “beneragarri” deklaratu zuen. Helburu moduan ezintasun psikikoa edo gaixotasun mentala duten pertsonen interesak defendatzea eta laguntzea duen Mª Josefa Recio Fundazioa haren ondareetako bat da.

Mª Josefa Recioren heriotzaren urteurrena dela eta, Ospitaleko Boluntarioen Eguna egin zen urriaren 30ean. Arrasateko Aita Menni Ospitalean meza, bazkaria eta dantzak izan ziren. Festan ehun pertsona inguruk parte hartu zuten, horien artean, Gesalibar, Txurdinaga eta Durangoko zentroetako 50 boluntariok. Halaber, Gesalibar eta Deustuko pazienteak eta ahizpa ospitalariak ere izan ziren. Elkartzeko eta ospatzeko eguna izan zen.

Egoitz Zabalak, Aita Menni Ospitaleko Boluntarioen arduradunak, gaur egun, 75 boluntario daudela gogoratu du; 52, Aita Menni Ospitalean, eta 23, Durangoko eta Txurdinagako zentroen artean.