Ostiraletan Juan Carlos Irizarrekin abesten dugu Beasaingo EPSZn

Kantuan gozatzea da helburu nagusia. Oñatiar musikariarekin, zentroan beti oso presente egon den jarduera musikala ‘profesionalizatzen’ da.
Ostiraletan Juan Carlos Irizarrekin abesten dugu Beasaingo EPSZn

Juan Carlos Irizarrek ondo ezagutzen du musikaren ahalmena. Aspaldi ari da zabaltzen horren eragin mesedegarriak Aita Menniren ingurunean. Ospitaleko pazienteen abesbatzako zuzendaria, eta We are like you proiektu solidarioaren aldeko kontzertu askotako protagonista, orain, Beasaingo Errehabilitazio Psikosozialeko Zentrora joaten da ostiraletan, bi kantu ordu partekatzera. Ziztu bizian pasatzen diren bi ordu, “nahiz eta esfortzu handia den edonorentzat, are gehiago gaixotasun mentalarekin bizi behar dutenentzat”, azpimarratzen dute zentroko begirale Marije Lizarragak eta Intza Maiorak

Musika Beasaingo EPSZko ekintzen funtsezko parte da, 2008an ireki zenetik ia. Beti egon da agendan. Horren erakusle argia da 2014an El Caserio zarzuelaren gainean egin zuten emanaldia. Baina, nolabait ere, oñatiar musikaria iristearekin bat, ‘profesionalizatu’ egin dira ostiraletako goiz musikalak.

Gozatzea, helburu nagusia

Hasierako errezeloak gaindituta, ostiralero zentrora joaten diren 20 lagunek gero eta gusturago kantatzen dute ((Tolosa, Beasain, Ordizia, Zumarraga, Urretxu, Legorreta eta Legazpitik joaten dira). Kantuan gozatzea da helburu nagusia. Eta gutxienez bi erabiltzailek laguntzen diote koruari beren musika tresnekin: Ainhoa Ariznabarreta, txistuarekin, eta Imanol Dorronsoro, gitarra akustikoari hautsa kendu behar ziola erabaki eta gero. 

Ostiraletan Juan Carlos Irizarrekin abesten dugu Beasaingo EPSZn

Juan Carlos Irizarren lanak, pazienteekin duen esperientziak eta musika prestakuntzak, eta, gainera, zentrotik ‘kanpoko’ izateak, ‘plus’ bat gehitzen diote jarduerari. “Nabari da profesionala dela. Eta saio bakoitzean den-dena ematen du”. Aho batez eskertzen diote, halaber, duen egikera eta jarrera maitekorra, eta erdi txantxetan gaineratzen dute “ahotsa jota samar dutela hainbeste kantatzeagatik”. Beraien aurpegiak ikusi besterik ez da behar konturatzeko zein ondo igarotzen duten tarte horretan. 

Oro har, abestea gogobetegarria da. ‘Posturan ere laguntzen du’, nabarmentzen dute begiraleek. Egiazki, abestiak taldean intonatzea asebetegarria da.  Aitzitik, jarduera harantzago doa; norberaren ahotsa aske uzteak eragin terapeutikoa du pertsonarentzat. 

Metodo kooperatiboa eta kasuala

“Funtzionatzen du metodo kooperatiboa delako, bakoitzak erakusteko zerbait duelako”, dio Juan Carlosek. “Oso gustuko dute, lagunartean lan egiten dute, modu kasualean. Behartu gabe. Eta, pixkana, teknika ikasten doaz. Baina garrantzitsuena gozatzea da, gorputzez eta arimaz. Kantatu egiten dute, eta errepikatu nahi dute”. Zalantzarik gabe, disfrutatzen dute, are, erronkak hartzen dituzte bere gain. Horren froga da zentroaren hamargarren urteurrenerako prestatzen ari diren sorpresa, urrian ospatzeko.

“Oso eroso etortzen naiz, ondo pasatzeko egundoko ilusioarekin, kantuan aritzea gustatzen zaien lagunekin kantatzera”, berresten du erabiltzaile batek, besteek buruaz baieztatzen duten bitartean. Juan Carlos bat dator: “ilusio konpartitua da”. Beharbada abesbatzaren eta zuzendariaren artean sortu den konexioagatik. “Oso harro nago beraietaz, oso hurbil sentitzen ditut beraien sentimenduak; betidanik ezagutuko banitu bezala da”, gehitu du. Oraingoz, ahotsak ez dira tonalitateka banatzen, “egongo da horretarako astia. Astetik astera hezten da belarria, ez da presarik eduki behar”. 

Ostiraletan Juan Carlos Irizarrekin abesten dugu Beasaingo EPSZn

Beatles, Itoitz, Raphael…  Abestien errepertorioa oso  atsegina eta askotarikoa da, eta horregatik da goiza hain erakargarria, hainbeste, ezen, Begoña Dorronsoro –gitarristaren arreba  eta bere lagun Nekane Zufiaurre hurbildu izan baitira ostiralen batean koruarekin abestera. “Kantatzearen eta gurekin aritzearen plazer hutsagatik etortzen dira. Dinamika oso positiboa da, eta zentroan ekimen guzietarako atea zabalik uztea gustatzen zaigu, erabiltzaileei on egiten badie”, azaldu dute Intzak eta Marijek

Jarrera eta aldarte horrekin, urrirako prestatzen diren sorpresaren zain geratzen gara. Edozer da posible Beasaingo EPSZn.