“Pertsona moduan HAZITA ATERAKO GARA egoera zail honetatik”

"Pertsona moduan HAZITA ATERAKO GARA egoera zail honetatik”

Alfonso Sáez de Ibarra, psicólogo clínico del Hospital Aita Menni, es un gran experto en atención psicológica en emergencias y ha querido compartir en nuestra página algunas reflexiones.

KORONABIRUSA ETA KRISI PSIKOLOGIKOA

Idatzia:
Alfonso Saez de Ibarra, Aita Menni Ospitaleko psikologo klinikoa.
Aditua Lehen Laguntza Psikologikoetan eta trauma ondoko estresa prebenitzeko teknikan –‘debriefing psikologikoa’–, larrialdi egoera ugaritan part hartu izan du.

———————–

HASIERAKO ERREAKZIOAK

Inoiz gertatuko zitzaigula imajinatuko ez genuen egoera batean murgilduta gaude, ez behintzat “lehen mundua” esaten diogun honetan. Harrituta eta zurtuta gaude koronabirusaren hedapenaren aurrean: pertsona batzuk apokalipsia iragartzen ari dira, eta beste batzuek, berriz, uste dute pandemia ez dela hainbesterako izango.

Kontua da ez dela munduaren amaiera izango, baina beharbada zerbait ikasi beharko dugu  esperientzia honetatik, etorkizunera begia. Birusa gure osasun sistema proban jartzen ari da, kolapsatu egin daiteke, eta kolapso horren ondorioz gerta liteke pertsona askoren bizia arriskuan jartzea, ezin delako arreta eman.

Zalantzarik gabe, MEHATXU bat da gizakiontzat, mehatxua gure osasunerako, gure osasun sistemarako, sistema ekonomikorako, bizimodurako eta, finean, aurrez genuen ongizaterako. Eta, mehatxuen aurrean, zerbait egin behar dugu.

Nire hurbileko eremuan, Psikologian, Osasunaren Zientzietako bat den heinean (kasu honetan, osasun mentalekoa), hainbat osasun erakunde (Osasun Publikoa) eta elkargo profesionaletatik (Psikologiaren Kontseilu Orokorra) zabaltzen diren aholkuez gain, ondoez hori jasateko eta osasun mentaleko arazo ez bihurtzeko dauden moduei buruz, hausnarketa egin nahi nuke interesgarriak izan daitezkeen hainbat alderdiren inguruan.

SENTIMENDUAK ETA PORTAERAK ULERTZEA

Lehenik eta behin, hasi nahi nuke hasi hainbat erreakzio psikologiko azalduz, norberaren zein besteen portaera batzuk ulertzen lagunduko digulakoan, krisi erabat ezohiko honetan beharbada harrigarriak iruditzen baitzaizkigu.

 width=

Hainbat gogoeta bururatzen zaizkit Europako gizarte aberats honetan sekula gertatuko zitzaigunik uste ez genuen egoera honen aurrean, gure errutinatik eta bizimodutik atera gaituelarik, hain bat-batean, ezen oraindik ere shockean baikaude, NAHASMENDUAN kokatuta.

Gure errutinan eta gure bizimodu “ustez seguruan” geundelarik, epidemia hau urrun agertu zen, hain urrun, ezen hasieran “besteei baino gertatzen ez zaizkien kontuak ziren, gainera Txinan”Hona iritsi eta barreiatzen hasi zenean, ikaratzen hasi ginen, BELDURRA sentitzen. Beldurra, iristen zen informazio lausoak elikatua, COVID19 gaixotasuna berria delako eta ezagutza zientifikoa urria delako, izan ere, oraindik ere zalantza handiak daude transmisioari eta sendatzeko moduari buruz, SARS-CoV-2 koronabirusaren agerraldiaren ondoren. Ondorioz, daitekeena da gure ongizate eta osasun pertsonalari buruzko SEGURTASUN FALTAREN SENTSAZIOA agertzea, eta ETORKIZUNAREN AURREKO ZIURGABETASUNA izatea, erantzun bateratu eta erabatekorik ez dagoelako, ezta estamentu zientifikoen aldetik ere, horiengandik beti espero dugularik gure osasuna, ongizatea eta segurtasuna zainduko dutela.

ONDORIOAK

Ziurgabetasun horren ondorioz ESTRESA handitzen dela hautematen da, eta ezagunak egiten zaizkigun adierazpen hauek agertzen dira: kezka, urduritasuna, buruaren eta portaeren azelerazioa, haserrekortasuna, lo egiteko zailtasuna, segurtasun falta, etab. Horrez gain, dagoeneko sentitzen ari gara hainbat GALERA izan ditugula gure bizitzeko eta sentitzeko moduan, esaterako: ezinezkoak diren errutinak, batzuek osasuna galtzea, eta, azkenik, besteekiko distantzia fisikoa, ezin diegularik bostekoa eman, besarkatu edo muxu eman, edo hurbil-hurbiletik lagundu. Galera horiek guztiek nolabaiteko TRISTEZIA eragiten digute nahi dugun horregatik, nahiz eta behin-behinekoa izan.

Ondoez egoera hori konpontzen saiatzeko, beharbada, segurtasun falta eta zalantza bizipen hori konpentsatzen saiatzen gara, esaterako, informazioa bilatuz, egoerari aurre egin ahal izateko. Orduan, geure burua harritzen dugu egunean hainbat ordu ematen ditugulako informazioa eta GEHIEGIZKO INFORMAZIOA bilatzen eta jasotzen gaudelarik, datuak, buloak (fake-news) eta txisteak, egunean ordu asko emanez gai bereari buruz pentsatzen, eta, akaso, hasieran ondoeza eragin ziguten emozio negatibo horiek elikatzen. Halere, eta ondoezak hor jarraitzen duenez, gerta daiteke hainbat gauza guztiz ez sinestea, nahiz eta oso logikoak diruditen. UKAPEN horrek azalduko luke jende askok oraindik ere portaera egoistak izatea, esaterako, ezarritako murrizketak ez betetzea.

BIZIPEN HORIEK MINIMIZATZEKO ESTRATEGIAK

Estrategia sendo ugari iradoki dira bizipen eta erreakzio negatibo horiek minimizatzeko, eta ez naiz horretan luzatuko, hainbat komunikabidetan dagoeneko ugari agertzen ari baitira.

–          Murriztu gehiegizko informazioa: saiatu egun osoa ematen hitz egiten, irakurtzen edo ikusten koronabirusari buruzko informazioa. Mugatu gaiari eskaintzen zaion denbora.

–          Aukeratu informazio iturri fidagarriak, egiaztatu gabeko mezuak baztertuz.

–          Egin ariketa fisikoak etxeko konfinamenduarekin bateragarriak, estresa kudeatzeko (gero eta iradokizun gehiago dago online). Lehenago ez bazenuen ariketa fisikorik egiten, ahalegin fisiko txiki bat eragiten duten garbiketak edo konponketak egin ditzakezu.

–          Egin lehenago denbora faltagatik egiten ez zenituen jarduera indibidual atseginak, konfinamenduarekin bateragarriak, eta garai batean gustuko genituenak (irakurri, musika entzun, serieak edo filmak aktiboki ikusi, online ikastaroak egin, eskulanak, etab.).

–          Mantendu kontaktu eta harreman pertsonalak beste bide batzuetatik (ez presentzialak), sare sozialen, telefonoaren eta abarren bitartez. Atal honetan garrantzitsua da denboraren zati bat gure emozioak partekatzera eskaintzea konfiantza gehien dugun pertsonekin. Halaber, une egokia da normalean, denbora faltagatik, kontaktuan egoten ez garen pertsonekin kontaktatzeko (urruti bizi diren lagunak…).

–          Gelditu eta gure buruari buruz hausnartu, gure iraganari, orainari eta etorkizuneko lehentasunei buruz, barneratu pixka bat gure BARNEKOTASUNEAN.

–          Hartu perspektiba pixka bat gure ondoezarekiko, arazo gehien duten pertsonei laguntzen saiatuz (laguntza behar duten bizilagun zaurgarriak, kalera irten ezinik konpainiarik gabe geratu eta bakarrik dauden pertsonei arreta eskainiz, etab.).

–          Jarri agerian gure bizitzarako oso baliagarriak diren ezaugarriak eta tresnak, hala nola inguruan ditugunekiko PAZIENTZIA, ULERMENA, ENPATIA, TOLERANTZIA.

–          Ahal den heinean, erlatibizatu egoera umorearen bitartez, gertatzen zaigun guztiak ez baitu larritasun berdina.

Bigarrenik, aipatu nahi nuke, egoera honek norberari eragin diezazkiokeen oztopo, galera eta sufrimendu guztiak gorabehera, eraginkortasunez eta modu osasungarrian aurre eginez gero, ahalduntzeko AUKERA bat izan daitekeela (berriro diot, galerak ukatu gabe, horiek baitira garrantzitsuenak, eta zalantzarik, nola edo hala betiko markatuko baikaituzte).

BALIABIDE PERTSONALAK

Horregatik, gizaki orok dituen baliabide pertsonalak azpimarratu nahi nituzke, hain egoera berezia jasaten lagungarriak direlako.

Gure arbasoek, aitona-amonek eta gurasoek benetan egoera zailak jasan zituzten (gerrak, gerra ondokoak, pobrezia eta hainbat arlotako gabeziak…), eta gai izan ziren aurrera egiteko. Zergatik uste dugu gu ez garela gai izango? Beharbada inoiz ez dugulako izan horrelako zailtasunei aurre egin beharra. Aitzitik, unea iristen denean, gizakiak frogatu digu uste baino ZAILTASUN gehiagori egin diezaiekeela aurre. Gainera, gizakiak bere burua BERRASMATZEN du, SORTZAILEA izateko gai da, eta arazo berrien aurrean irtenbide berriak bilatzeko gai. Egoera kritiko horiek jartzen gaituzte proban pertsona moduan eta gizarte moduan.

Beldurra sentitzea ez da gauza desiragarri bat, baina BELDURRA egokitzeko erreakzio bat da, beste modu batera jokatzea ahalbidetzen didana, arriskuari aurre egiteko motibazio eta esfortzu handiagoarekin, eta, ondorioz, bermatu egiten du HOBETO EGINGO DUDALA nire burua eta besteak zaintzeko guztia, esaterako, eskuak garbitu, segurtasun distantzia mantendu, mugitzeko murrizketak bete, konfinamendua edo berrogeialdia toleratu, etab. Gainera, ahalegin handiagoa egin dezaket inguruko pertsonak ZAINTZEN ETA BABESTEN, eta horrek GOGOBETETZE PERTSONALA ere eragin dezake.

Gaixotasunak inguruko norbait harrapatzen badu eta ondorioak larriak badira, halabeharrez, TRISTEZIA sentituko dugu. Hori gertatuz gero, GURE LAGUNTASUNAK gaixotasunaren ondorioz sortutako sufrimendua arintzeko ahalmena ere badu, eta geure tristeziari zentzua ematekoa, eta horrek, era berean, maite ditugun pertsonekin ditugun HARREMANAK aberastu ditzake.

Kontuan hartzeko beste aldagai bat dira egungo egoeratik eratorriko diren ondorio ekonomikoak. Zorterik gehien dugun pertsonek ez dugu ezer galduko edo ia ezer, baina beste batzuek asko galdu dezakete, baita ez dutena ere. Egoera hau aukera bat da ELKARTASUNA gauzatzeko okerren daudenekin, baita gure aldetik pixka bat galtzen badugu ere. Beraz, aukera dugu daukaguna baino ASKO GUTXIAGOREKIN BIZI GAITEZKEELA ikusteko, beharbada, zoriontsu izateko, orain ezinbestekotzat jotzen ditugun hainbeste gauza EZ DITUGULA BEHAR ikusteko.

Oxala egoera hau ez balitz inoiz gertatu, pertsona askok asko galduko dutelako, baina gizateriaren historiak, neure historiak eta pazienteekin partekatzen ditudan historiek erakusten didate pertsonak INDARTUTA aterako garela krisi honetatik, USTE BAINO SUFRIMENDU HANDIAGOA JASATEKO GAI GARELA, geure baitan ERREAKZIO ETA SENTIMENDU BERRIAK aurkituta, ingurukoen SENTIMENDU ETA ERREAKZIOEI buruz gehiago eta hobeto ezagututa, eta orain paralizatu egiten gaituzten eta hain handiak ez garela erakusten diguten BELDUR BATZUK GAINDITUTA.

Finean: pertsona moduan HAZITA aterako gara krisi zail honetatik, eta IKASKETA horiek aprobetxatu ahal izango ditugu etorkizunean pertsona hobeak izateko, bai geure buruarekin, bai maite ditugunekin.