Aita Mennik Etxetek kudeatuko du

09/06/2016

Gipuzkoako Foru Aldundiaren programak behar diren baliabideak ematen ditu mendetasuna duten pertsonak beren etxean egon ahal izan daitezen. Datozen bi urteetan zerbitzua emateko lehiaketa irabazi du Aita Mennik.

%33ko edo hortik gorako mendetasuna edo aitortutako mendetasun mailaren bat duten Gipuzkoako pertsonei zuzenduta, Etxetek eguneroko bizitzako jardueretan irisgarritasuna eta autonomia pertsonala bermatzeko behar diren baliabideak eskaintzeaz arduratzen da.

Laguntza produktuen erakusketak eginez, eta informazioa eta aholkularitza emanez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa honen helburua hau da: desgaitasuna duten edo mendetasun egoeran dauden pertsonak beren etxean egon daitezen laguntzea. Aita Menni da entitate adjudikazioduna, datozen 24 hilabeteetan, bai Donostiako –Ondarreta kalea, 7– eta Eibarko Edertek zentroak bai Donostiako Igaran dagoen biltegia kudeatzeko. 

Esperientzia produktu lagungarrietan eta etxebizitza egokitzen

Aita Menniko profesionalek aholku emango diete erabiltzaileei beraien autonomia hobetzeko eta, horrenbestez, bizi kalitatea hobetzeko balia ditzaketen laguntza produktuei buruz (ohe artikulatuak, gurpil aulkiak, eskaren aurkako koltxoiak, garabiak…). Produktuok aldi baterako lagata edo mailegu bidez eskuratu ahal izango dira. Gainera, Aldundiari diru laguntzak eskatzeko prozedurei buruzko informazioa emango da, izan halako laguntza teknikoak eskuratzeko edo izan etxebizitza egokitzeko proposamenak egiteko.

Aita Menni Ospitalearen barruan “oztoporik gabeko” etxebizitza bat dago, azken teknologia domotikoaz hornituta, desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza baten eredu. Aita Menniko taldeek, zehazki kalte zerebrala duten pertsonei arreta ematen dietenek, esperientzia handia dute irisgarritasunari dagokionez, eta produktu lagungarrien azken teknologiaren berri dakite; etxebizitza ugari egokitzen parte hartu dute, eta landa lan bat ere egin dute Ermua udalerrian, desgaitasuna duten pertsonek etxean bizi kalitatea mantendu ahal izan dezaten. 

Etxetek zifratan

2015ean, 3.205 pertsonak jaso zuten Etxetek programaren 7.426 laguntzetakoren bat. Horietatik 5.277, mailegu bidezko laguntza teknikoak izan ziren (oheak, gurpil aulkiak, garabiak); 178 laguntza ekonomiko, laguntza teknikoak eskuratzeko; berreskuratzen ez diren 1.600 laguntza tekniko (audiofonoak, garbitasunerako gauzak), eta aholkularitzako beste 371 laguntza, etxebizitza ingurunea egokitzeko (bainuontziaren lekuan dutxa jartzea, ateak zabaltzea, sistema domotikoak instalatzea…). Produktuen mailegua izan zen gehien hazi zen laguntza mota.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aita Menniren arteko kontratuan honako hauek sartzen dira: prestakuntza ikastaroen antolakuntza eta laguntza teknikoak higienizatu, konpondu eta biltegiratzeko zerbitzu osagarriak, laguntza tekniko horiek banatu aurretik.