Paziente psikiatrikoen osasunerako gure hezkuntza programak interesa piztu du

24/11/2021

Maider Iglesiasek gure prestakuntzaz hitz egin zuen Espetxe Osasunaren Espainiako Elkartearen XIII. Biltzar Nazionalean eta XXI. Jardunaldietan. Osasunari buruzko oinarrizko nozioak integratzea eta, halaber, bizi ohitura osasungarriak sustatzea da gure pazienteekin egiten diren saioen helburua.

Maider Iglesias Garciak, Aita Menni Ospitaleko Lege Psikiatriako Unitateko (UPL) erizainak, paziente psikiatrikoetan osasunerako hezkuntzari buruzko tailerra eman zuenEspetxe Osasunaren Espainiako Elkartearen XIII. Biltzar Nazionalean eta XXI. Jardunaldietan.

Topaketa urriaren 28, 29 eta 30ean egin zen Alcala de Henaresen (Madril), eta, esparru horretan, gure hizlariak heziketarako erabiltzen ditugun talde teknikak azaldu zituen, bereziki erreparatuz egoerak baloratzeko analisirako teknikei, alderdi emozionala ahaztu gabe, eta trebetasunak garatzeko teknikei, trebetasun jakin batzuen inguruko prestakuntzarekin eta egoera errealetako portaeraren garapenarekin.

Programa Lege Psikiatriako Unitatean dauden pazienteei zuzendutako dago, eta helburua da bizi ohitura osasungarrietan heztea eta sustatzea, eta, aldi berean, beharrak, desorekak eta asaldurak hautematea. Lantzen diren gaiek zerikusia dute digestio sistemarekin, arnas sistemarekin, lokomozio aparatuarekin, zirkulazio sistemarekin, gizonezkoen eta emakumezkoen ugalketa sistemekin, hilekoaren zikloarekin eta haurdunaldiarekin, zentzumenekin eta alkoholaren ondorioekin. Saioak 30-45 minutukoak izaten dira, eta astero egiten dira beren borondatez joaten diren 10 pertsonako taldeetan. Saio egituratuak dira, eta bertaratuei informazio argia ematen zaie, esaldi errazen bidez, eta batzuetan informazioa inprimatuta eta ikus-entzunezkoetan ere ematen da.  

Sindrome metabolikoaren esku hartzea eta prebentzioa

Aita Menni Ospitalean duela lau urte baino gehiagotik garatzen ditugu sindrome metabolikoaren esku hartze eta prebentziorako programak. Sindrome metabolikoa gaixotasun kardiobaskular bat izateko eta horregatik hiltzeko arriskua areagotzen duten faktoreen multzoari esaten diogu. Sindrome horri X sindromea, sindrome plurimetabolikoa, intsulinarekiko erresistentziaren sindromea eta Reaven sindromea ere deitzen zaio, eta XXI. mendeko osasun publikoaren arazo nagusietako bat da.

Osasunerako hezkuntza saio berezien bidez helburu hauek lortu nahi dira:

- Pazientea osasuna zaintzearen garrantziaz ohartaraztea.

- Bizi estilo osasuntsua zehazten laguntzen duten ohitura eta jokabide aldaketak sustatzea pazienteengan.

- Gero eta ariketa fisiko gehiago egitea pixkanaka.

Aldez aurretik, erizaintza arlotik hasierako balorazioa egiten da: pisua, neurria, abdomenaren perimetroa, tentsio arteriala, hasierako anamnesia (bizi ohiturak, tabakismoa, ariketa fisikoa, mugikortasun mugak). Arlo medikoak, berriz, sindrome metabolikorako interesgarriak diren datu medikoak ematen ditu (hasierako analitika, aurrekari somatikoak, ile gluzemia beharraren balorazioarekin, tentsio arterialaren kontrola…).

Hileroko saioez gain (urrian hasi eta ekainean amaitzen dira), hilean behin sindrome metabolikoa prebenitzeko aste tematikoa egiten dugu, ohitura osasungarriak mantentzearen, pisua jaistearen eta ariketak egitearen  garrantziari buruzko kontzientziazioa indartzeko. 

Maider Iglesiasek gogorarazi zuenez, Espainiako herritarren artean egin berri den azterketa baten arabera, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra edo antzeko gaixotasun mental larriak dituzten pazienteek morbilitate handiagoa eta biztanleriak oro har baino 2-3 aldiz hilkortasun handiagoa aurkezten dute, %60 gaixotasun somatikoei egozten zaielarik (gaixotasun zerebrobaskularra eta sindrome metabolikoa). Sindrome metabolikoari dagokionez, prebalentziak gainerako populazioan baino bi-lau aldiz handiagoak dira.