Kalte zerebrala

Besoaren eta eskuaren errehabilitazioa hemiplegiaren ondoren: pintzak eta heltzeko gauzak

Bideotutorial hau goiko adarrak edo besoak moderatuki kaltetuta izanik ere, sorbalda, ukondo, eskumutur eta eskuarekin jardun dezaketen pertsonei zuzenduta dago. Helburua da, ahal den heinean, errehabilitazio tratamenduari jarraipena ematea, alde batetik, lortutako helburuak indartzeko, eta, bestetik, eboluzioaren kurba mantentzeko. Garrantzitsua: ariketa guztiak molestiarik edo minik gabe egingo ditugu.
Besoaren eta eskuaren errehabilitazioa hemiplegiaren ondoren: pintzak eta heltzeko gauzak

Bideotutorial hau goiko adarrak edo besoak moderatuki kaltetuta izanik ere, sorbalda, ukondo, eskumutur eta eskuarekin jardun dezaketen pertsonei zuzenduta dago. Helburua da, ahal den heinean, errehabilitazio tratamenduari jarraipena ematea, alde batetik, lortutako helburuak indartzeko, eta, bestetik, eboluzioaren kurba mantentzeko. Garrantzitsua: ariketa guztiak molestiarik edo minik gabe egingo ditugu.

Iktus baten edo kalte zerebraleko beste kausa baten ondorioz, pertsona askok hemiparesia (indarra eta trebetasuna galtzea) edo hemiplegia (paralisia) sufritzen dute. Gorputzaren erdia, eskuina  edo ezkerra, mugitzeko zailtasunak, batez ere, ibiltzeko arazoetan eta goiko adarreko eraginean ikusten dira. Bideo honetan, Marta Juaristi Bilboko Aita Menni Errehabilitazio Zentroko terapeuta okupazionalak hainbat ariketa erakusten dizkigu pintekin eta heltzeko gauzekin, kalte arin edo moderatua duten eskuaren eta besoaren errehabilitaziorako.

PINTZAK ETA HELTZEKO GAUZAK KALTE MODERATUA DUEN GOIKO ADARRERAKO

Ondoren erakusten diren ariketak egiteko, gure etxean egon ohi diren objektu arruntak beharko dira: gerriaren parean dagoen mahai bat, aulki bat, ur botilatxo bat, edontziak, potoak, toalla bat, txanponak edo fitxa biribilak, lekaleak edo puxtarriak, plastilina, txotxak, pilotak eta itsulapiko bat.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

JARDUERAK

Ariketa bakoitza 5 aldiz errepikatuko da, mahaiaren parean eserita:

1)- Besoak jasotzea: jarduera honetarako makila, makulu edo toalla kiribildu edo antzeko objektu bat erabiliko dugu. Objektua bi eskuez hartuta, besoak jasoko ditugu gorantz bularraren pareraino, eta 5 segundoz eutsiko diogu. Altuera horretan daudela, enborra biratzen saiatuko gara, besoak eskuin-ezker mugituta.

2) Objektuak kokatzea: besoa mahaiaren hainbat aldetara zuzendu behar da, eskumuturra heldu beharreko gauzara moldatuta. Guztira 10 objektu eramango dira, hala nola edontziak, ur botilatxoak, potoak eta abar puntu kardinaletarantz. Aurrera, atzera, eskuinera eta ezkerrera.

3) Txanponak-katilua ariketa: hainbat txanpon jarriko dira mahai gainean, eta edontzi bat buruz behera jarrita, ukondoa ahalik eta gehien luzatzeko distantzian, pazienteak txanponak pilatu beharko ditu bata bestearen gainean.

4) Puxtarriak: ariketa hauek pintza digitalak lantzeko balio digute. Puxtarriak/txitxirioak/hurrak plater batetik bestera eramango ditugu, pintzak txandakatuz (hatz lodia-hatz erakuslea, hatz lodia-hatz luzea, hatz lodia-hatz nagia, hatz lodia-hatz txikia).

5) Pintza interdigitala: ariketa honetarako, aurrekoaren material berak erabiliko ditugu. Lehendabizi hurra, puxtarria edo txitxirioa hartuko dugu tarte interdigital batean, eta txandaka pasatuko dugu hatz guztietatik igaro arte (hatz erakuslea-hatz luzea, hatz luzea-hatz nagia, hatz nagia-hatz txikia),  Objektu txiki hori hatz artean dugularik, eskua biratuko dugu gorantz (supinazioa), eta platerera/potora eramango dugu.   Erraza baldin bada, 4 puxtarri/txitxirio jarriko ditugu hatz arteko tarteetan eta ariketa berdina egingo dugu.

6) Txotxak sartu eta atera esponja edo plastilina zati zabaldu batean: 20 txotx edo orratz banan-banan hartu behar dira (objektu oso txikiekin arazoak baditugu, txotxekin hasiko gara) eta apar-goman edo plastilinan iltzatuko ditugu. Ariketa hatz erakuslearekin eta lodiarekin hasiko dugu, eta pintza txandakatuz joango gara (hatz lodia-hatz erakuslea, hatz lodia-hatz luzea, hatz lodia-hatz nagia, hatz lodia-hatz txikia).

7) Txotxak atera esponja edo plastilina zati batetik: aurreko ariketa amaitu eta gero, maniobra alderantziz errepikatuko dugu, txotxak plastilinatik ateratzeko.

8) Plastilina oratu: Plastilina zati bat hartu eta errulo bat egingo dugu, ogia oratzen ari bagina bezala.

9) Erruloa lortu eta gero, zatitxoak kentzen joango gara, pintza txandakatuz.

10) Plastilina oratu bolatxo forma emanez.

11) Bi pilota ertain manipulatzea. Esku ahurrean biraraziko ditugu, lehenengo erlojuaren norabidean eta ondoren kontrakoan.  Zer pilota erabili ditzakegu? golf pilotak, pinponekoak, puxtarri handiak, edo, are gehiago, geuk egin ditzakegu pilotak plastilinaz.

12) Eskumuturraren egokitzapena eta manipulazioa landuko dugu itsulapiko batekin. Helburua da fitxa edo txanpon handiak (adib., 2 eurokoak) itsulapiko baten zirrituan sartzea.

 

  • Ariketaren lehen fasean, txanponak banan-banan sartuko ditugu zirritutik.
  • Bigarren fasean, 3-4 txanpon hartuko ditugu, banan-banan, eta esku ahurrean mantenduko ditugu. Ondoren, hatz lodiaz txanponei bultza egin, banan-banan, eta itsulapikoan sartu.

Aldaera: “3 marran” edo “jarri 4″ jokoa baduzu, ariketa hau egin daiteke baita ere.

13) Ordenagailuan idaztea hatzak disoziatzeko. Teklak sakatu besterik ez da egin behar, pultsazio bakoitzean hatzak txandakatuz. Nahi baduzu, proposatzen dizut zerrendak idaztea, esaterako, urteko hilabeteak, asteko egunak edo, besterik gabe, teklatu osoa goitik behera pasatzea.

 

Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Saretik espero dugu horrelako ariketak baliagarriak izatea HKZ duten pertsona guztiek euren errehabilitazioa landu ahal izan dezaten etxean ere bai.