Adineko pertsona Arreta soziosanitarioa Desgaitasun intelektuala Kalte zerebrala Osasun mentala

Eztarriko trabamendu larrietan esku hartzea

Saio kliniko batean, azken azterlanen arabera emaitzarik onenak ematen dituzten erreanimazio maniobrak aztertu ditugu. Espainiako Urgentzia eta Larrialdietako Medikuntza Elkarteko Euskadiko lehendakari Patxi Ezpondak European Resuscitation Council-en eta American Heart Association-en gomendio berriak azaldu zituen.
Eztarriko trabamendu larrietan esku hartzea

American Heart Association 2010.

Eztarriko trabamendu batez ari gara gorputz arrotz bat arnasbidean sartu, arnasbidea buxatu eta aireari biriketan normaltasunez sartzen eta ateratzen uzten ez dionean. Airebidea erabat buxatzen duen trabamendua larrialdi medikotzat jotzen da, eta berehalako tratamendua behar du. Espainian bakarrik, buxadura larri honek –adin txikikoen artean, janari puska batek edo objektu txiki batek eragin ohi du–, 1.900 pertsonaren heriotza eragiten du urtean; trafiko istripuek baino gehiago.

EKALME-SEMES Espainiako Urgentzia eta Larrialdietako Medikuntza Elkarteko Euskadiko lehendakari Patxi Ezponda Inchauspe Aita Menni Ospitalera gerturatu zen European Resuscitation Councilen eta American Heart Associationen (AHA) gomendio berriak jakinarazteko.

Airebidearen buxadura, berez, arnasbidean sartzen den gorputz arrotz baten eraginez bat-batean hasten den arnas zailtasun baten gisara agertzen da. Ezin denez normaltasunez arnastu, asfixia arriskua hor dago. Hona hemen arriskurik handiena daukaten pertsonek izaten dituzten arazoetako batzuk: irensketa arazoak (disfagia) edo hortz protesiak, Alzheimer gaixotasuna edo bestelako dementziak, parkinsona, obesitate morbidoa (S. Prader Willi), ahoaren zein mugimenduaren koordinazio txarra, haginkada txarra, hipotonia muskularra, hiperfagia (gehiegizko jateko gogoa), mastekatze urria, jatun handiak… 

Berez, eztarrian trabamendua jasateko arriskua adin guztietan izaten da; hala ere, heriotza kasuak haurtzaroan, 65 urtetik gorako pertsonen artean eta, batez ere, oso zaharrak diren pertsonen artean gertatzen dira. “Arazoaren intzidentziak gorako joera erakusten du; azterlanetako azken emaitzen arabera, 2009tik 2010era bitartean %4ko hazkundea izan da”, baieztatu zuen Ezponda doktoreak.

Gomendioen zati handi bat betikoa bada ere eta gure pertsonal sanitarioak ondo ezagutzen badu ere, inportantea da gogoratzea normaltasunez erantzuten eta arnasa hartzen ez duen pertsona oro bihotz-biriketako geldialdi bat pairatzen ari dela eta larrialdi zerbitzuak berehalaxe aktibatu behar direla. Helburua da biziraupena handitzea eta anoxiak eragindako sekuelak murriztea.

Laguntzarik eraginkorrena

Adineko pertsonetan, trabamendua jan edo edan bitartean gertatu ohi da. Laguntzeko prozedura modu batekoa edo bestekoa izango da buxadura arina edo larria den, biktimak zer adin duen eta nolako gorpuzkera duen. 

Buxadura arina denean, hau da, biktimak eztul egin aurretik arnasa har dezakeenean, hitz edo negar egin dezakeenean, komenigarriena izaten da biktimak berak buxadura desagerrarazteko egiten dituen ahaleginak ez eragoztea: anima ezazu eztul egiten segi dezan, egon zaitez berarekin eta zaindu nola dagoen; buxadurak hor jarraitzen badu edo buxadura larri baten zantzuak agertzen hasten badira, aktibatu larrialdi zerbitzua.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Ezponda doktoreak zenbait elkarte zientifikoren berpizte gidak aztertu zituen. Bere iritzia arrazoitu ondoren, American Heart Associationen gomendioen alde agertu zen, gomendio erraz eta pragmatikoak direla eta. Erantzuten duten pertsonei airebidea libratzeko, AHAk zera gomendatzen du:

  • Abdomeneko konpresioak egin (Heimlichen maniobra). Ez egin maniobra hau urtebetetik beherako ume bati buxadura kentzeko.
    • Jar zaitez zutik edo belauniko biktimaren atzean eta ingura ezazu haren gerria besoekin.
    • Esku bat ukabilean bildu.
    • Jarri ukabilaren hatz lodiaren aldea biktimaren abdomenaren kontra, erdiko lerroan, zilborra baino apurtxo bat gorago eta bularrezurra baino nabarmen beherago.
    • Heldu ukabilari beste eskuarekin eta zanpatu ukabila biktimaren abdomenerantz, goranzko konpresio azkar eta irmoa eginez.
    • Errepika itzazu konpresioak objektua airebidetik kanporatu arte edo biktima konorterik gabe geratu arte.
    • Konpresio berri bakoitza mugimendu indibidual eta berezi batez egin, buxadura libratzeko.
  • Haurdun dauden emakumeez, pertsona gizenegiez eta gurpil aulkian dauden pertsonez ari bagara, abdomeneko konpresioak egin beharrean, torazikoak egin.

Biktimak erantzuten ez badu

Buxadura jasaten ari den biktimaren egoera larriagotu egin daiteke, erantzuteari uzteraino larritu ere. Eztarriko trabamendu larriak istripuzko heriotzen 4. arrazoia dira Estatu Batuetan. Erantzuten ez duen pertsona bati (bularreko haurrak alde batera utzita) airebidea libratzeko, hauek dira AHAk duela gutxi egindako gomendioak:

  • Eska ezazu laguntza larrialdietako zerbitzua aktiba dadin.
  • Erantzuteari uzten ari zaiola ikusten baduzu, kontu handiz, biktima lurreraino jaitsarazi.
  • Bihotz-biriketako erreanimazioari ekin, konpresio torazikoekin hasita: kalitate handiko 30 konpresio.
  • Aireztapenak egiteko airebidea irekitzen duzun aldiro, biktimaren ahoa erabat zabaldu. Bila ezazu buxadura eragin duen objektua.
  • Erraz ateratzeko moduko objektu bat ikusten baduzu, atera ezazu hatzekin.
  • Objekturik ikusten ez baduzu, 2 haize ematerekin jarraitu.

Konortea galtzean, baliteke laringeko muskuluak erlaxatzea. Hala, airebidearen buxadura erabateko edo larri bat buxadura partzial bihur liteke. Konpresio torazikoak abdominalekoek bezainbat indar sor dezakete; hori ona izan daiteke objektua kanporatzeko, eta kenduz gero, azkenean aireztapen eraginkorrak egin daitezke.

Biktima baten airebidearen buxadura desagertu egin dela jakingo duzu baldin eta:

  • Aire mugimenduak nabaritzen badituzu eta aireztapenak egitean toraxa igo egiten dela ikusten baduzu.
  • Biktimaren eztarrian gorputz arrotz bat ikusi eta atera egiten badiozu.
  • Buxadura libratu ondoren, kalitate handiko bihotz-biriketako maniobrekin jarraitu behar den baloratzen duzunean.
  • Biktimak erantzun egiten badu, balorazio medikoa egin beharra dago abdomeneko konpresioen ondoriozko konplikazio posibleak ebaluatzeko.

Adituaren azalpenak galdera ugari ekarri zituen. Ezponda doktorearentzat oso inportantea da Heimlich maniobraren eraginkortasuna, behar bezala eginez gero. Haren iritziz, “Larrialdiko ekintza planek berehalako lehen erantzun hau sustatzen jarraitu beharko lukete. Hala ere, terapia hau eraginkorra ez denean, eta krikotiroidotomia bat egin aurretik, hurrengo pauso logikoa xurgatze aparatu eraginkor bat erabiltzea izan liteke. Oraintsu, bi gailu hauek hasi dira komertzializatzen: Dechoker eta LifeVac; bi-biek gomendatzen dute lehenik Heimlichen maniobra egitea, baina interesgarriak izan litezke abdomeneko konpresioak egitea zaila edo ezinezkoa gertatzen den pertsonekin erabiltzeko. 

Nolanahi ere, “biktima konorterik gabe gelditzen bada, berehala ekin behar zaio bihotz-biriketako erreanimazioari, laguntza eskatu bitartean”, nabarmendu du Euskadiko EKALME-SEMESeko lehendakariak.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

American Heart Association 2010.