Kalte zerebrala

Kalte Zerebralaren Eguna dela eta Donostian egindako kontzertu solidarioa guztiz bete zen

Donostiako publikoak babes handia eman die garuneko lesio bat duten pertsonei eta familiei. Ekitaldia, aurreko edizioetan bezala, Aita Menni Ospitaleak eta ATECE Gipuzkoak antolatu zuten. Oraingoan, Aita Donostia Abesbatza izan zen protagonista.
Kalte Zerebralaren Eguna dela eta Donostian egindako kontzertu solidarioa guztiz bete zen

Leku guztiak beteta, eta Aita Donostia Abesbatza protagonista dela, aurten ere Kalte Zerebralaren Eguna igaro dugu, Donostiako San Bizente elizan egin den kontzertu solidario batekin. 2020an ezin izan zen egin covidak eragindako murrizketengatik, eta, agian horregatik, 2021eko urriaren 26an Donostiako publikoa buru-belarri murgildu zen Gipuzkoan kalte zerebrala duten pertsonei laguntzeko ekitaldian.

Aita Donostia Abesbatza hirurogeita bost koralistak osatzen dute, Javier Alberdiren zuzendaritzapean. Garuneko lesio batek eragindako pertsonen aldeko kontzertuaren programan zeuden Ave Maria, Tomas Luis de Victoriarena; O Jesu Christe, Van Berchemena, eta Oculi Omnium, Charles Woodena, gai klasikoen artean, eta horiei gehitu zaizkie egungo kanta ezagunak, hala nola Se equivoco la paloma, Carlos Gustavinorena, edo Herribehera, Benito Lertxundirena, Lorenzo Ondarraren moldaketekin.

Kontzertura kaltetutako pertsona asko eta haien senide eta lagunak joan ziren, horien artean Zuatzuko Aita Menni Kalte Zerebraleko gure Zentroko erabiltzaileak. Entzuleen artean zeuden Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasun eta Desgaitasunaren Arretarako zuzendaria, Txaro Rodrigo; Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria, Aitziber San Roman; ATECE-Gipuzkoako lehendakaria, Jose Manuel Amador; gure ospitaleko zuzendari gerentea, Mikel Tellaeche, eta Kalte Zerebraleko Zerbitzuen koordinatzailea, Olatz Uriarte, gure talde terapeutikoetako beste profesional batzuekin batera. Topaketaren helburua, aurten ere, gizarteak egun horretan kaltea izandako pertsonak pixka bat gehiago ikusaraztea zen, eta herritarrek, oro har, haiekin batera gizartean integratzea eta parte hartzea aldarrikatzea.

Kalte Zerebralaren Eguna dela eta Donostian egindako kontzertu solidarioa guztiz bete zen

Kontzertua Kalte Zerebralaren Egunaren inguruan egiten da, eta antolatzaileak izan dira ATECE-Gipuzkoa, hartutako kalte zerebrala duten pertsonen senideen Gipuzkoako elkartea, eta Aita Menni Ospitalea. Gogorarazten dugu gure zentroa aitzindaria izan zela hartutako kalte zerebrala duten pertsonei arreta eta errehabilitazioa ematen.

Emanaldiaren ondoren, Jose Manuel Amadorrek Aita Donostia abesbatza ospetsuaren emanaldia eskertu zuen, baita erakundeen eta pertsona ugariren babesa jaso izana ere. Guztien babesarekin, zalantzarik gabe, arratsalde horretan helburua lortu zuten: guztion artean kalte zerebrala duten pertsonei babesa ematea, “beste alde batera begiratu gabe, ez daitezela bakarrik sentitu”.

Kalte Zerebralaren Eguna dela eta Donostian egindako kontzertu solidarioa guztiz bete zen

Aldez aurretik, goizean, Ahizpa Ospitalarioen Zuatzuko Zentroko erabiltzaileek eta ATECEko kideek informazio mahai bat jarri zuten Gipuzkoa plazan, kalte zerebralaren errealitatearen berri emateko, zeinak Gipuzkoan 2.000 laguni eragiten baitie. Bertan, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua izan zuten lagun. ATECE-Gipuzkoako lehendakari Jose Manuel Amadorrek elkarteak prestatu duen manifestu bat irakurri zuen, herritarrak zein erakunde publikoak kontzientziatzeko kalte zerebralaren arazoei buruz.

Kalte zerebralaren inguruko elkarte mugimenduak eskerrak eman nahi izan zituen, halaber, Gipuzkoako hiriburuko udaletxea edo San Mames estadioa bezalako eraikinak urdinez argiztatu zirelako Kalte Zerebralaren Eguna zela eta.

Kalte Zerebralaren Eguna dela eta Donostian egindako kontzertu solidarioa guztiz bete zen

Aita Donostia Abesbatza

Aita Donostia Abesbatza 1985ean sortu zen Gaztedi Elkartean eta, aita Kaputxinoekin duen loturagatik, Aita Donostia musikologo, folklorista eta konpositorearen izena darama.

Sortu zenetik, Aita Donostia Abesbatzaren jarduera pixkanaka liturgia ospakizunetan, erlijio laguntzetan, kontzertuetan eta lehiaketetan murgiltzen joan zen.

1988 urteaz geroztik, “Aita Donostia Musika Astea” ekimen artistikoa babesten du, Javier Alberdi zuzendariak sustatuta. Bertan, euskal eta munduko beste toki batzuetako abesbatza, instrumentu talde eta orkestrekin batera parte hartzen du. Bere emanaldietako batzuk dira: Ferialis Meza, XVIII. mendeko Anonimoa, G. Faureren Requiema, Felipe Gorritiren Meza, Rossiniren Meza Txikia, Mozarten Koroatzearen Meza, eta Karl Jenkinsen The Armed Man (A Mass for Peace).

Kalte zerebralaren errealitatea

Euskal Autonomia Erkidegoan 20.000 pertsona inguruk dute hartutako kalte zerebrala. Hartutako kalte zerebrala kalte bat da, egitura entzefalikoetan inolako lesio neurologikorik izan gabe jaio baina bizitzaren ondorengo une batean istripu zerebrobaskularra izan duten pertsonengan sortzen dena.

Hartutako kalte zerebralaren kausa nagusiak dira iktusak eta traumatismo kraneoentzefalikoa, eta horien kausa, halaber, trafiko istripuak dira, nahiz eta lanekoak eta kirolekoak ere badauden.  Kalte zerebral baten ondorioak askotarikoak dira, eta, larritasunaren eta eragindako aldearen arabera, mugikortasun nahasmenduak eragiten dituzte, komunikatzeko arazoak, defizit kognitiboak eta emozioen eta portaeraren alterazioak. Ondorioen konbinazio horrek galarazi egiten du eguneroko bizitzako oinarrizko jardueraren bat egitea kasuen %60tan, eta ezintasun larria edo erabatekoa %45etan.