Adineko pertsona

Zainketa pertsonalizatuei buruzko formazioa ematen diegu Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroei

Prestakuntza saio horiek 2020-2030 hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetan arreta eta zaintza eredu berri bat definitu, baliozkotu eta aplikatzeko 2020an martxan jarritako prozesu estrategikoaren parte dira.
Bergarako Adinekoen Eguneko Zentroko erabiltzaile bat, gizarte-langilearekin

Aita Menniko Adineko Pertsonaren Arloko arduradun Jose Antonio Ezquerrak Pertsonarengan Oinarritutako Arreta ereduari buruzko prestakuntza eman die lurralde horretako Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuaren menpeko egoitza eta eguneko zentroetako zuzendari eta langile asistentzialei, baita erakundeko teknikariei ere.

Prestakuntza, “Zaintza pertsonalizatuak, eredu partekatu bateranzko trantsizioa” izenburupean, otsailaren 14an eta 15ean egin zen streaming bidez, bi orduko hiru saiotan, eta 700 inguruk hartu zuten parte.

Prestakuntza saio horiek 2020-2030 hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetan arreta eta zaintza eredu berri bat definitu, baliozkotu eta aplikatzeko 2020an martxan jarritako prozesu estrategikoaren parte dira. Prozesu hori “Etorkizuneko bizilekurako trantsizioa” izeneko Liburu Berdean definituta dago, eta iazko ekainean aurkeztu zen, foru erakundeak zentro, erabiltzaile, langile eta senideekin egindako eta adostutako lan baten emaitza gisa.

Liburu Berdeak egoitza eredu berrirako “trantsiziorako palanken” artean, bi hauek jasotzen ditu: “arretaren eta zaintzen pertsonalizazioa eta kalitatea” eta “trantsiziorako prestakuntza”, horren barruan, hezkuntza arautuaren arloko jarduerak ez ezik, profesionalentzako eta familientzako etengabeko prestakuntza ekintzak ere jasotzen direlarik, laguntza zentroen arteko ezagutza eta praktika onak transferitzera bideratutako ekintzekin.

Esparru horretan, Aita Mennik bere adinekoen zentroetan Pertsonarengan Oinarritutako Arreta ereduaren aplikazioan duen esperientzia oso positibotzat jo du Gizarte Politiketako foru departamentuak, eta horrek ekarri du gure ezagutza baliagarria izatea Gipuzkoako lurraldeko beste zentro batzuei arreta eta zainketa pertsonalizatuen prozesuetan eskumenak eskuratzeko edo hobetzeko eta arreta eta zainketa pertsonalizatuen prozesuetan berrikuntza bultzatzeko.

Emandako saioetan, Jose Antonio Ezquerrak adinekoak izaki heterogeneotzat, bakartzat eta errepikaezintzat hartzearen garrantzia azaldu zuen, beren bizitzan errutinak, gustuak eta haientzat esanahia duten interes propio eta pertsonalak garatu baitituzte.

Gure Adinekoen koordinatzailea psikologia klinikoko psikologo espezialista da, eta esperientzia handia du adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan ardura lanetan, eta, azaldu zuzenez, zainketen pertsonalizazioa “jarduteko filosofia bat da, metodo malgu, parte hartzaile eta sortzaile batean oinarritutako prozesu etengabea, zeinean prozesuan aurrera egiteak berak garrantzi handia hartzen baitu, eta inplikatutako aldeak –zentroetako adinekoak, familiak, langileak eta arduradunak–ahalduntzen eta elkarren arteko lotura sortzen baitu”.

Ezquerrak Aita Menniko adinekoen zentroetan aplikatutako esperientziak jarri zituen mahai gainean, zainketak pertsonalizatzeko tresnak abian jartzeari dagokionez, hala nola “erreferentziazko profesionala”, arreta indibidualizatuko plana (AIP), “bizi historia”, jarduera eta errutina pertsonalizatuak, espazioen arkitektura eta giroa, zentroaren ingurune komunitarioan parte hartzea, egoiliarren, familien eta profesionalen prozesu parte hartzaile bateratuak, edo etengabeko ebaluazioa.

Erdigunean artatutako pertsona jartzen duten zaintza ereduak abian jartzeko, Ezquerrak azaldu zuenez, zaintza nolakoa den azpimarratzen duten hainbat elementu hartu behar dira kontuan: “Lehena ikuspegia aldatzea eta adinekoen begietatik gauzak ikusten saiatzea izango litzateke —adierazi zuen—. Beharrezkoa da, halaber, zentroak eta bere arduradunek sentsibilizatuta egon behar dutela eta malgutasuna izan behar dutela ulertzea, eta langileen balioa agerian jartzea, artatzen diren pertsonekiko lotura direlako, eta zaintzeko modu horren liderrak direlako”.

Profesionalen eginkizuna, beraz, erabakigarria da, eta horrela azaldu zuen. “Behetik gora lantzen diren prozesuek kutsatzen dituzte eta ereduaren hobekuntzan inplikatzen dituzte, baina bokazioa eta jarrera ere behar dituzte, eta ezinbesteko konpetentziak lortu behar dituzte, autonomia murriztuta duten eta hauskortasun handiko egoeran dauden pertsonei tratu beroa eskaintzeko”.