Osasun mentala

Aita Mennik hatz markek eskizofrenia arriskua antzeman dezaketela frogatzen duen azterlan batean parte hartu du

Huella dactilar

Aita Menni Ospitaleko eta Ahizpa Ospitalarioen hainbat probintziatako beste zentro batzuetako pazienteek parte hartu duten azterketa batek frogatu du hatz markak eskizofrenia izateko arriskuaren markatzaile gisa erabiltzea fidagarria dela.

Azterketa FIDMAG Ahizpa Ospitalarioetako eta Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko Osasun Mentalaren arloko (ZIBERSAM) ikertzaileek egin dute, Espainiako Ahizpa Ospitalarioen ospitale sarearen laguntzarekin.

Zehazki, duela gutxi Schizophrenia Bulletin aldizkari entzutetsuan argitaratu diren ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, “adimen artifizialeko algoritmo aurreratuak erabiliz, %70eko fidagarritasuna lortzen da eskizofrenia duten hatz markak eta pertsona osasuntsuen hatz markak bereizteko garaian”. Horrek adierazten du hatz marka gaixotasunaren arriskuaren markatzaile erabilerraza eta fidagarria izan daitekeela, bai gaitza berehala detektatzeko, bai etorkizunean agertuko den zehazteko, eredu dermatoglifikoak, behin osatu eta gero, egonkorrak direlako bizitzan zehar.

Azterketan erabili den metodologia pazienteen hatzak eskaneatzean oinarritzen da. Zehazki, ezkerreko hatz lodiaren, erakuslearen eta erdikoaren irudiak aldi berean erabili zituen modeloa izan zen doitasun handiena lortu zuena (%70). Ondoren, algoritmoaren bidez lortutako irudien prozesamendua egiten da, konplexutasun handiko patroiak aztertuz, algoritmoak gaixotasuna pairatzeko arriskua zehaztu dezan.

Jatorri genetikoko eta ingurumen jatorriko alterazioak

Eskizofreniaren jatorriari buruzko hipotesi nagusiaren arabera, jaio aurreko edo bizitzako lehen urteetan sortutako jatorri genetikoko edo ingurumen jatorriko alterazioak agertzen dira. Hatz markak neurogarapen goiztiarraren markatzailetzat hartzen dira, enbrioi jatorria partekatzen dutelako nerbio sistema zentralarekin, eta elkarrekin garatzen direlako haurdunaldiko aste berberetan.

Aldez aurretik egindako azterketek eskizofrenia duten pazienteetan hatz marken patroietan alterazioak daudela iradoki dute, baina lagin txikiak erabili zituzten eta hatz marken oso alderdi zehatzen azterketan oinarritu ziren, horietan dagoen informazioaren zati handi bat alde batera utzita.

Adimen artifizialean egindako azken aurrerapenek aukera eman dute eredu daktilarrak konplexutasun guztiarekin aztertzeko. Hala ere, horrelako teknikak inplementatzeko lagin handiak behar dira, eta, beraz, FIDMAG Ahizpa Ospitalarioek eta CIBERSAMek zentro anitzeko azterketa hau koordinatu dute, 1.700 pertsona ingururen hatz markak jasotzeko, horietatik 700 pazienteak direlarik.

Eskizofrenia duten eta ikerketan parte hartu duten pertsonak zortzi probintziatan dauden Ahizpa Ospitalarioen zentroetatik datoz, tartean Gipuzkoako Aita Menni Ospitaletik.

Irakurri azterlan osoa

Erreferentzia: Fingerprints as Predictors of Schizophrenia: A Deep Learning Study. Raymond Salvador, María Ángeles García-León, Isabel Feria-Raposo, Carlota Botillo-Martín, Carlos Martín-Lorenzo, Carmen Corte-Souto, Tania Aguilar-Valero, David Gil-Sanz, David Porta-Pelayo, Manuel Martín-Carrasco, Francisco del Olmo-Romero, Jose Maria Santiago-Bautista, Pilar Herrero-Muñecas, Eglee Castillo-Oramas, Jesús Larrubia-Romero, Zoila Rios-Alvarado, José Antonio Larraz-Romeo, Maria Guardiola-Ripoll, Carmen Almodóvar-Payá, Mar Fatjó-Vilas Mestre, Salvador Sarró, Peter J McKenna, HHFingerprints Group , Edith Pomarol-Clotet. Schizophrenia Bulletin (IF: 9,306). 2022: 1-8. PubMed ID: 36444899; DOI: https://doi.org/10.1093/schbul/sbac173.