Arropa erostea ospitaletik atera gabe

Urtean bitan, udazkenean eta udaberrian, Arrasateko Modas Merche dendak emakumezko jantziak eramaten dizkie Ospitaleko pazienteei. Gero, beste denda batzuk ere kokatzen dira denboraldi batean: oinetakoak saltzen dituzten bi denda (horietako bat, ortopedikoa), eta gizonezkoena beste bat. Hala ere, erosketa gehienak egun hauetan egin arren, urte osoan erantzuten zaie pazienteen beharrei zentroan dagoen denda iraunkorraren bidez. Han, esaterako, hauek saltzen dira: azpiko arropa eta kirol arropa, garbitzeko eta higiene gaia, perfumeak, parafarmazia, poltsak, aterkiak…
Arropa erostea ospitaletik atera gabe

Tradizioa da dagoeneko. Duela bi hamarkada baino gehiagotik, udazkenean eta udaberrian, Alberto de la Mazak eta Virginia Gorosabelek Aita Menni Ospitalera eramaten dute Arrasaten duten Modas Merche arropa-denda. blusak, soinekoak, jakak, gonak, prakak, aterkiak, lepoko zapiak…‘Outlet’ txiki bat ere badago bazter batean, aurreko udaberriko deskontua duten jantziekin. Udazkenean, anorakak eta berokiak. Ispiluak eta probagelak ere badaude. Ez da ezer falta zentroko pazienteentzat berariaz jarritako boutique honetan.

Astean zehar, arduradunak eta laguntzaileak erosketak egitera dira Ospitaletik atera gabe, han bizi diren emakume gaixo askoren armairua hornitzeko. Askotariko neurri eta koloreen artean aukera dezakete, dendara bakarrik joan ezin diren pazienteei eramateko. Dagozkien Unitateetan daudenean, probatu, egokienak aukeratu eta egokitzeren bat egin behar bada orratzen bidez seinalatzen dituzte. Jantzi bakoitzean izen-abizenak jartzen dituzte, eta konponketak prezioan barne hartuta daude. Hiru jostunek barrenak hartzen, josturak zabaltzen eta beharrezkoa den guztian laguntzen diote Modas Merche dendari. Garrantzitsua da eskaerak garaiz entregatzea; bezero askok maiatzaren hasieran egiten den familien festan estreinatu nahi dituzte arropak.

Arropa erostea ospitaletik atera gabe

Albertok hainbat pasadizo ditu gordeta, duela 20 urte baino gehiagotik arropa ekartzen duelako Ospitalera (hasiera batean bere amak zuzentzen zuen negozioa): “Zenbait pazienteri dena polita iruditzen zaie. Baina, funtsean, beste edozein lekutan bezala, denda gizartearen isla da. Zenbait pertsonak ahal dutenean jantziak erosten gozatzen dute; beste batzuek, berriz, beharrezkoa dutenean bakarrik erosten dute. Nortasun handia dutenak ere badaude, gustu oso jakina dutenak, eta ausartagoak eta espontaneoagoak dira. Eta badaude besteen gustuetara edo aholkuetara arazorik gabe moldatzen direnak ere”.

Kalitatea eta erosotasuna

Gustuak alde batera utzita, azken urteetan Albertok eta Virginiak aldaketa bat nabaritu dute janzteko ohituretan: prakek, jertseek eta brusek aurrea hartu diete soinekoz eta jakaz osatutako ohiko jantzi-jokoei. Jantzi elastikoak, gomak gerrian, arropa erosoa nagusi dira. Ospitalean saltzen diren jantzien beste berezitasunetako bat da denak 30º-tan garbi daitezkeela garbitegi industrialean. Horretarako, ehunen konposizioak gutxienez % 50eko zuntz akrilikoa izan behar du (sintetikoa). Iraunkortasuna eta kalitatea eskatzen dira. Eta gero eta gehiago diseinua.

Hori agian gertatzen da kanpotik geure burua ongi ikusteak barrutik hobeto sentitzen laguntzen gaituelako. Oro har, pazienteek dendan gozatzen dute. Gehienek, arropa zertarako behar duten kontatzen diete Albertori eta Virginiari; esaterako, eder jarri nahi dutela Donostiara joateko, lobak ikusteko edo medikuarengana joateko. Zenbait ahizpek konfiantzaz eta lasaitasunez erostera joaten dira, beraientzat edo oparitzeko.

Arropa erostea ospitaletik atera gabe

“Apuntatuko didazu, Carmen?”

AMHko dendan erostea oso erosoa da; dirurik gabe joan daiteke. Carmen Micieces arduratzen da dendaz, eta egindako transakzio guztiak zuzenean apuntatzen ditu. Hori dela eta, badakigu azken urtean 264 praka saldu zirela (2013an baino 80 gutxiago), 254 blusa edo niki (aurreko urtean baino 66 gehiago), eta gainerakoa aurreko urteen antzera: 36 soineko, 188 jaka, 156 jertse eta puntuzko 35 jantzi-joko. Salmenten bolumena hainbat egoerengatik aldatzen da. Hala ere, Modas Merche denda uda ondoren bueltatuko da, oso zerbitzu praktiko bat ematen jarraitzeko, denboraldi bakoitzean haren zain egoten baitira.