Osasun mentala

Droga kontsumoa prebenitzeko gure jardunaldiak itzuli dira

Nerabezaroan Adikzioak Prebenitzeko Aita Menni Ospitaleko Zerbitzuak drogen kontsumoaren arriskuei eta ondorio psikiko eta organikoei buruzko tailer teoriko-praktikoak antolatu ditu berriro. Prebentzio saio horietan, zentroko profesionalek eta pazienteek substantzia arriskutsuenez eta horien kontsumoak eta adikzioak dakartzan arriskuaz hitz egiten dute.
Droga kontsumoa prebenitzeko gure jardunaldiak itzuli dira
Saioetan legez kanpoko substantzia arriskutsuenen arriskuak lantzen dira, horien artean egonik kalamua eta diseinuko drogak, baita legezko drogekiko adikzioarenak ere, tartean alkohola edo tabakoa.

Urteak dira Aita Menni Ahizpa Ospitalarioek drogei eta horien ondorioei buruzko informazio hitzaldiak ematen dituztela ikastetxe eta gazte erakundeetako nerabeentzat. Amaia Bolumburu psikologo kliniko eta Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuko koordinatzaileak gidatu ditu saio horiek azkenaldian, beren esperientzia pertsonala partekatzen dituzten ospitaleko pazienteekin batera.

Topaketa horiek pandemiarekin eten ziren, baina dagoeneko Nerabezaroan Adikzioak Prebenitzeko Zerbitzuak bere jarduera berrabiarazi du. Amaia Bolumbururen eskutik, tailer teoriko-praktikoen formatuan itzuli dira, bai Aita Menni Ospitaleak Arrasaten dituen instalazioetan, bai hala nahi duten ikastola eta ikastetxeetan. Parte hartzeko, droga mendekotasuna prebenitzeari buruzko interesa duten ikastetxeek eta beste gazte erakunde batzuek Aita Menni ospitalera deitu dezakete telefonoz (tel. 943 794411) eta Ainhoa Cortabarriagatik galdetu, edo mezu bat idatzi [email protected] helbidera.

Droga kontsumoa prebenitzeko gure jardunaldiak itzuli dira

Ziklo berri honen barruan, apirilaren 27an, Legazpiko Haztegi Ikastolako ikasleak izan ziren hiru orduko jardunaldi horretan parte hartzen lehenak, zeinean drogarik ohikoenen ondorioak aztertzen baitira, alkoholetik eta tabakotik hasi eta substantzia berrienetaraino. Taldea 42 ikaslek eta hiru irakaslek osatzen zuten.

Droga mendekotasunak prebenitzeko prestakuntza

Tabakoa, alkohola, marihuana, speeda, estasia, kokaina, ketamina, disolbatzaileak, LSD, heroina eta horrelako drogak erabiltzeak eta abusuak substantzia horien kantitate handiagorako tolerantzia eragiten du, baita mendekotasun fisikoa eta psikologikoa ere. Amaia Bolumburuk kontsumoaren eta adikzioaren arrisku fisiko eta psikologikoak azaldu zituen, baita nerabearen bizitzan eta inguruan eragiten duten inpaktua ere. Prozesua kontsumo sozialarekin hasi ohi da nerabezaroan (adibidez, asteburuko botiloia), sozializatzeko eta desinhibitzeko. Arriskuen artean, adikzioaz gain, garuneko nahasmendu larriak daude, horien artean ikaskuntza, kontzentrazioa edo memoria oztopatzen dituztenak, baita ere izu eta antsietate erreakzio zorrotzak ere, eta beste nahasmendu mental, depresibo eta psikosi mota batzuk. “Kanpoko presioagatik probatu baduzu, giroz aldatzeko unea da. Inork ez dezala zure ordez erabaki!”, azpimarratu zuen gure psikologoak.

Marihuana beste droga batzuk kontsumitzeko “sarrerako atea” da? Gauza jakina da kokaina eta heroina probatu duten nerabe ia guztiek aldez aurretik alkohola, tabakoa eta marihuana kontsumitu dutela; kontsumitzaile erregularrek aukera handiagoa dute heroina eta kokaina kontsumitzeko, eta, zenbat eta goizago hasi marihuana kontsumitzen, orduan eta arrisku handiagoa dagoela beste toxiko batzuk kontsumitzeko.

Garrantzitsua, garaiz prebenitzea

“Nerabezaroa garai erabakigarria da. Arazoak eta nahasmenduak sakonagoak dira 15-16 urte bete aurretik kontsumitzen hasten direnen artean. Nerabeen artean, hasiera goiztiar horrek eskolako errendimendua okertu dezake, eta ikasketei behar baino lehenago uztea eragin, azpimarratu zuen Bolumburuk. “Drogek hondatu egiten zaituzte, eta toxikoen kontsumoa oso lotuta dago gaixotasun mentalarekin”, gaineratu zuen, garaia baino lehen hil zen Amy Winehouse kantariaren irudiak erakutsiz, drogekiko adikzioa gertatu aurrekoak eta ondorengoak. Baita bideo bat ere, pertsona anonimoen aurreko eta ondorengo aurpegiekin.

Adikzioaren ezaugarria kontsumorako desio konpultsiboa da, eta gure kulturan integratuta dauden substantzien ingurukoa izan daiteke (tabakoa, alkohola), edo integratu gabe daudenen ingurukoa (marihuana eta opioideoak). Gure pazienteetako batek bere testigantzaren bidez partekatu nahi izan zituen drogen munduaren errealitatea eta bizipenak.

Aholku batzuk

  • Onena da ez kontsumitzea.
  • Kontsumitzaile giroan:
      • Errespetatu ez kontsumitzea erabakitzen duena.
      • Kontsumitu nahi ez baduzu, ez kontsumitu.
      • Saihestu drogak erraz eskuratzeko egoerak.
      • Egoera zailetan, drogek okertu egiten dute egoera.

Goiza emankorra eta atsegina izan zen, parte hartze handiarekin. Amaieran, ikasleek, taldetan banatuta, aktiboki parte hartu zuten ikasitakoa titular batean laburbilduz. “Kontsumoak beti eramaten zaitu galbidera”, “Kontsumitzen baduzu, zeuk erabaki duzulako izan dadila” eta antzeko esaldiek bete zuten berariaz prestatutako panela.

Maiatzaren 4an, 65 ikasle inguruko talde bat hurbilduko da Aita Menni Ospitaleko ikasgelaraino, Aguraingo Aniturri Institutukoa, adikzioei buruzko gure prestakuntza eta sentsibilizazio tailerretako batean parte hartzeko.

Ekimenari berriro ekinda, Aita Menni Ospitaleak espero du adikzioak eta horien ondorioak prebenitzen laguntzea.