Adineko pertsona

Javier Pastor: “Adinduentzako egoitzek gaixotasun mentala prebenituko duen giro terapeutikoa sortu behar dute”

El psiquiatra Javier Pastor

“Adinduentzako egoitzek gaixotasun mentala eta patologia psikikoak prebenituko dituen giro terapeutikoa sortu behar dute, eta euren gaitasunak galtzen dituzten pertsonak zaindu”, adierazi du Javier Pastorrek, Aita Menni adinduentzako egoitzetako psikiatrak, Euskadi eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen Urteko XVI. Bileran.

Pastorrek Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean ere egiten du lan, eta joan den astean mahai inguru bat protagonizatu du, Psikiatrian azaleratzen ari diren arazoei buruzko Bileran, horien artean egonik egoitzetako adinduentzako arreta psikiatrikoa.

Psikiatrak baieztatu duenez, bizi itxaropena luzatzearen ondorioz, pertsonak “urte gehiago bizitzen dira ahultasun egoera batean, gaixotasun fisiko gehiagorekin, menpekotasun, desgaitasun eta arazo psikiko gehiagorekin”.

Pastorrek egoera bat azpimarratu du, hau da, “gaur egun, menpekoak diren pertsona asko adinduentzako egoitzen esparruan bizi dira, eta, bertan, gaixotasun mentalek gizartean baino prebalentzia handiagoa dute. Azterketa batzuek diotenez, adinduentzako egoitza batean dauden 65 urte baino gehiagoko menpeko lagunen %70-90ek patologia mentalen bat dute”.

Ildo horretan, Pastorren arabera, “egoitzetan narriadura kognitiboa eta dementzia dira nagusi. Tratamenduak ez dira soilik farmakoak ematea, baizik eta, batez ere, prebenitzea eta euren ahalmenak galtzen doazen pertsonak zaintzea ahalbidetuko duen giro terapeutikoa sortzea. Horretan, talde terapeutikoa funtsezkoa da, batez ere egunero egoiliarrekin ari direnen taldea. Psikiatriei batez ere dementzien sintoma psikologikoak eta portaerakoak tratatzeko deitzen diete, esaterako, asaldura edo eldarnioak tratatzeko”.

“Adineko lagunek edonolako arazo mentalak izaten dituzte, eta horiek, gazteek sufritzen dituztenen antzekoak izanik ere, askotan bestelako modu batean azaleratzen dira. Gazte batengan depresioa errazago diagnostikatzen da, pazienteak gehiago erakusten dituelako bere emozioak, eta kontzienteago delako bere ondoezaz. Aitzitik, adineko pertsonak ez dira hain kontziente deprimituta egoteaz, eta gehiago zentratzen dira sintoma fisikoetan (‘min dut hemen, min dut han’)”, azpimarratu du Pastorrek, eta gaineratu: “anbulatorioko ingurunean pazienteak datu batzuk ematen dizkizu, baina egoitzan adituak ikusten du non bizi den, zer harreman dituen, zer egiten duen, eta, gainera, langileek oso informazio baliagarria emate dute haren osasun egoerari buruz. Garrantzitsua da pertsona horrek ingurune errealean nola funtzionatzen duen jakitea”.

Halaber, adituak gaineratu duenez, “zaharra izatea, gaixo egotea, babes urriak edukitzea eta zure rol soziala galtzea gaixotasun mentalerako arrisku faktoreak dira, eta egoera horiek adin tarte horretan gertatzen dira. Patologia psikiatrikoa oso prebalentea da egoitzen ingurunean, baita famili zainketen arloan ere. Menpekotasun maila bat duen adineko bat zaintzea oso gogorra da, eta arrisku handia dago zaintzaileen artean arazo mentalak egoteko; horregatik, profesional batengana jotzea gomendatzen da”.