“Nire mundu paraleloa”, gure 125. urteurreneko bideoa

“Nire mundu paraleloa” da Aita Mennik ekoitzitako dokumentalaren izenburua, egungo Aita Menni Ospitalearen jatorria den Santa Ageda Osasun Etxearen inaugurazioaren 125. urteurrena dela eta egina, zeina ekainaren 1ean ospatuko baita.
"Nire mundu paraleloa" dokumentalaren kartela
“Nire mundu paraleloa” dokumentalaren kartela.

Atzo, Aita Menni Ospitaleko ekitaldi aretoan egin zen zintaren lehen proiekzioa, eta oso publiko berezia elkartu zen: pazienteak, gure zerbitzuen erabiltzaileak, profesionalak eta, duela hilabete batzuk, dokumentalaren grabazioan parte hartu zuten gure Familia Ospitalarioko beste kide batzuk.

Bittor Zubelzu izan zen proiekzio gelara sartzen lehenetakoa, jakin gabe dokumentalak Ospitaletik irten zenekoa hartuko zuela abiapuntu gisa, bertan bi urte eman ondoren, gainbegiratutako pisu batean bizitzen hasteko. Amaia Bolumburu psikologoa, harekin batera filmaren hasierako protagonista, handik gutxira iritsiko zen, eta berdin Iñaki Bustamante eta Gorka Lizarazu, eta Casilda Lazcano nekaezina, Egoitz Zabala gure Pastoral eta Elkartasun arduradunaren besotik —nola ez—. Mikel Argañak, Bittorren pisukideak ere bat egingo zuen taldearekin; dokumentalean garbitegiko lanean agertzen da.

Ana Mari GanboaKalte Zerebraleko pazientea, errehabilitazio prozesuan ikusiko duguna—, proiekzioa hasteko zain zegoen, Zerbitzuko koordinatzaile Olatz Uriarterekin berriketa alaian, dokumentaleko beste protagonista batzuk esertzen ziren bitartean, hala nola gure ama nagusia, Sor Isabel Martinez, edo gure zuzendari gerentea, Mikel Tellaeche.

Irma Garciari, Bilboko Neurorrehabilitazio Zentroko Haurren Errehabilitazio Unitateko fisioterapeutari, dokumentala pantailan agertzen diren bere bi pazienteen ondoan ikustea gustatuko zitzaion, Nahia Perez eta Iris Lasagabaster, baina bi neskatilak ezin izan ziren joan. Beste batean, agian.

Aretoa barreiatuta, dokumentaleko parte hartzaile gehiago eta Aita Menniko profesionalak, zintaren zuzendari Daniel Landaren taldeak egindako lanaren emaitza ikustera hurbildu nahi izan zutenak. Dani ez zen gurekin izan, baina bideokonferentzia bidez konektatu zen proiekzioa hasi aurretik, agurtzeko eta irudiak eta elkarrizketak grabatzen aritu ziren bitartean izandako tarte onengatik eskerrak emateko. “Talde osoak ilusio handiz lan egin dugu —kontatu zigun—. Ezagutzen ez genuen errealitate bat da, ikusarazi nahi genuena, eta guretzat garrantzitsuena zeuok ikustea eta aitortuta sentitzea da. Espero dugu lortu izana”.

Daniel Landa conversa por videoconferencia con los asistentes a la proyección
Daniel Landak bideokonferentziaz hitz egin du proiekzioan parte hartu dutenekin.

Dokumentalaren amaierak eragin zituen txaloen arabera, badirudi Daniren helburua bete egin zela. Une hunkigarriak egon ziren —Gorkak besarkatu egin zuen Bittor, horrek pantailan bere sentimenduak partekatzen dituenean—, une maitagarriak —hala nola Nahiak elkarrizketatzaileari fisioterapeuta izan nahiko lukeela esaten dionean—, eta baita barreak ere Casildaren komentarioekin, bai dokumentalean, bai aretoan.

Varios de los participantes en el documental, atentos a la pantalla

Foto de grupo de algunos de los participantes en el documental

Amaieran, gogobetetzea aurpegietan, eta laudorio hitzak dokumentalerako, zeina datorren ekainean izango baitu estreinaldi “publikoa”. Lan horretan Aita Menni zer den eta Hospitalitateari ematen diogun esanahia erakusten dugu, bideo korporatibo batean baino askoz modu pertsonalagoan: gure Familia Ospitalario handiaren parte diren pertsona batzuen bizitzaren, pentsamenduaren eta sentimenduen zati txikien bidez.

Bitartean, hemen uzten ditugu edukiaren zertzelada batzuk, trailer moduan:

Bideoa

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.