San Benito Menniren astea: Omenaldia Juan Carlos Irizarri, Elkarrekin Bila-ri eta langileei

Gure ekitaldi aretoa hemendik aurrera «Juan Carlos Irizar Aretoa» izango da. Ahizpa Ospitalarioen sortzaile San Benito Menniren heriotzaren 109 urteurrena gogoratzeko jardueren artean Juan Carlos Irizarri egindako omenaldia eta erakundean 25 urte egin dituzten langileei eta Elkarrekin Bila proiektu sozialari emandako sariak egon dira.
Aurreskua Juan Carlos Irizarren omenez. Musikariaren irudia duen koadro batek gailentzen du areto nagusirako sarrera
Aurreskua Juan Carlos Irizarren omenez. Musikariaren irudia duen koadro batek gailentzen du areto nagusirako sarrera.

Apirilaren 24a San Benito Menniren jaia da, eta, data horren inguruan, Aita Menni Ospitaleak hainbat ekitaldi egin ditu, Ahizpa Ospitalarioen sortzailea gogoratzeko. Nabarmentzekoa da Juan Carlos Irizar oñatiar musikari zenari egindako omenaldia, hainbat urtez Aita Menniko Pazienteen Abesbatzaren zuzendari izan baitzen. Gainera, erakundean 25 urte bete dituzten langileak eta Elkarrekin Bila gizarte proiektua ere omendu dituzte.

Ekintza horietan, langileek, pazienteek, erabiltzaileek eta ospitalearen hurbilekoek parte hartu dute, baita zentroa hartzen duen Jesusen Bihotzaren kongregazioko Ahizpa Ospitalarioek ere.

Benito Menni apaiza (Milan, 1841-Dinan, 1914) Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioaren sortzailea izan zen, Maria Josefa Reciorekin eta Maria Angustias Gimenezekin batera, eta San Joan Jainkoarenaren Anaien Ordena ere berrantolatu zuen.

Elkarrekin Bila

Gure erakundeak sariak banatu zituen gizarteari ekarpena egiten dioten eta Aita Mennirentzat adierazgarriak diren pertsona edo erakundeen ekimenak aitortzeko. Oraingoan, Elkarrekin Bila Arantzazuko frantziskotarrek laiko talde batekin batera bultzatutako proiektua aitortu du.

Proiektuaren oinarrian dago bizitzan zailtasunak dituzten pertsonei eta taldeei (gaixoak, adikzioren bat dutenak, desgaitasun bat dutenak, zigor bat betetzen ari direnak, babes beharrak dituzten adingabeak…) Arantzazu Santutegian egonaldi bat eskaintzea, aisialdirako denbora emateko eta, aldi berean, prestakuntza posible bat proposatzeko.

Juan Carlos Irizar

Horrez gain, Aita Mennik oroitzapen berezia landu nahi izan du Juan Carlos Irizar oñatiar konpositore eta pianista, zeina 2021ean hil baitzen. Irizarrek Aita Menniren Pazienteen Koralaren zuzendaria eta gure proiektu solidarioen ongilea Liberian izan zen.

Hemendik aurrera, Aita Menni Ospitaleak Arrasaten duen ekitaldi aretoa «Juan Carlos Irizar Aretoa» deituko da. Errekonozimendu ekitaldira Itziar Aizpurua musikariaren alarguna joan zen, Irizarren adiskide eta senideez gain. Ondoren, Aita Menni Ospitalearen sorreraren 125. urteurrena dela-eta egindako «Nire mundu paraleloa» dokumentalaren proiekzioa egin zen.

Omenezko erlojuak

Aste honetako ostegunean, Arrasateko Aita Menni Ospitalean, omenezko erlojuak eman zitzaizkien erakundean lanean 25 urte daramatzaten edo aurten erretiroa hartu duten langileei (erakundean ‘laguntzaile’ esaten diegu).

Meza gotzainarekin eta beste jarduera batzuk

Benito Menniren heriotzaren 109. urteurrena gogoratzeko beste jarduera batzuen artean, nabarmentzekoa da Aita Menniko talde osoaren afaria, Arrasateko Santa Ana hotelean egin dena, futbol partida bat, eta pazienteekin eta haien senide eta lagunekin egindako jaiak. Gainera, santuaren omenezko hainbat lore eskaintza egin dira, Aita Menniko pazienteen abesbatzaren emanaldiak, Ruben de Pedro psikiatrak Bilboko etxegabeentzako tratamendu asertibo komunitarioari buruz emandako prestakuntza saioa eta Manuel Martin Carrasco doktore eta Aita Menniko zuzendari medikoak psikiatriaren bilakaerari buruz emandakoa.

San Benito Menniren astea: Omenaldia Juan Carlos Irizarri, Elkarrekin Bila-ri eta langileei
Ruben de Pedro mediku psikiatra, etxegabeen tratamendu asertibo komunitarioari buruzko prestakuntza saioan.

Ekitaldiak amaitzeko , apirilaren 24an, astelehena, San Benito Menni Egunean, 11:00etan, eukaristia bat izango da ospitaleko elizan, Fernando Prado Donostiako elizbarrutiko gotzainak egingo du elizkizunean. Gesalibarko abesbatzak eta ospitaleko pazienteen abesbatzak parte hartuko dute. Amaieran, Benito Menniren omenezko lore eskaintza egingo da komunitatearen lorategietan.

Albiste hau, komunikabideetan:

Goiena