Osasun mentala

Pinturaterapia tailerra, sormena sustatzeko eta emozioak adierazteko

Proba pilotuak hilabete iraun du, zazpi pazientek parte hartu dute, eta erakutsi du pintura saio terapeutiko horiek askatzaileak eta atseginak direla, eta irudien bidez kontzentrazioa, adierazpen emozionala eta oroimena sustatzen dutela.
Amaia Bolumburu Errehabilitazio Psikosozialeko Zerbitzuko koordinatzailea, Maite Arriaga Pinturaterapia Tailerreko irakaslearekin, Gabonetan Aita Menniren pazienteen lanak jasoz Eibarren egin zen erakusketa bisitatzen
Amaia Bolumburu Errehabilitazio Psikosozialeko Zerbitzuko koordinatzailea, Maite Arriaga Pinturaterapia Tailerreko irakaslearekin, Gabonetan Aita Menniren pazienteen lanak jasoz Eibarren egin zen erakusketa bisitatzen.

«Sormena sustatzea» izenburupean, azken asteetan pinturaterapia tailer bat garatu da Aita Menni Ospitalean. Tailerra Danobatgroupen dirulaguntzari esker antolatu da, eta, Maite Arriaga irakasleak zuzenduta, helburu orokorra zen parte hartzaileek ongizatea aurkitzea eta beren autoestimua handitzea. Helburu espezifikoen artean zeuden autoadierazpena eta gogoeta bultzatzea, trebetasun sozialak hobetzea eta berriro gaixotzea murriztea eta sintomek okerrera egitea saihestea.

Unitate desberdinetako zazpi pazienterekin hilabeteko proba pilotu bat egin ondoren, esan dezakegu arte plastikoak (pintura, kasu honetan) ordu eta erdiko saioetan lantzea oso askatzailea eta atsegina izan dela, haien inpresioen arabera. Saio horiek hausnarketa prozesu bat errazten dute, oro har pertsonek eta, bereziki, gaixotasun mentala dutenek eskertzen dutena, diotenez, beren lanetan sortzen dituzten irudien bidez kontzentratu daitezkeelako eta gogoratu dezaketelako – modu erraz eta bisualean –. Gainera, saioetan parte hartzeak adierazpen emozionala askatzea sustatzen du, eta emozio positiboen bizipena errazten du. Azkenik, sortzen dituzten marrazkien bidez, esperientziak, oroitzapenak eta afektuak kontatzeko gai sentitzen dira.

«Egin zen lan motak ez du zerikusirik ohiko pintura klase batekin», dio Amaia Bolumburu psikologoak, Errehabilitazio Psikosozialeko Zerbitzuko koordinatzaileak. «Jarduera oso berria izan da, orain arte egin dugunaren oso bestelakoa, eta asko suspertu ditu pazienteak, barruan daramatenaren zati bat atera ahal izan dutelako. Ona litzateke Ospitalean egiten diren ohiko jardueren programan sartu ahal izango bagenu», amaitu du.

Emakume bat paper orri baten margotzen
Argazkia: Maite Arriaga

Pinturaterapia tailerraren helburuak

Helburu nagusia:

Pertsonen sormena sustatzea, pinturaren bidez beren emozioak adierazi ditzaten, kanporatu ditzaten, eta beren autoestimua eta, azken batean, bizi kalitatea hobetuko dien lan piktoriko bat egin dezaten.

Helburu espezifikoak:

  • Autoadierazpena eta gogoeta bultzatzea.
  • Gizarte eta komunikazio trebetasunak hobetzea.
  • Hazkunde pertsonala sustatzea, giro seguru eta bideratzaile batean.
  • Errealitatearekiko kontaktua aregotzea eta hobetzea.
  • Berriro gaixotzea eta sintomatologiak okerrera egitea murriztea.
  • Desestigmatizazioa, sentsibilitatea eta komunitatean parte hartzea sustatzea.

Pinturaterapia tailerraren garapena

Pinturaterapiako proba pilotua oso suspergarria izan zen pazienteentzat, oso gustura parte hartu baitzuten, giro lasaia sortzen zelako.

Tailerra ordu eta erdiko saiotan egituratu zen, eta pintura berezi bat erabiltzen da (Gouache Lascaux Resonance), usain jakin batzuk dituena. Parte hartzaile bakoitzak modu librean egin zituen margolanak, pinturari buruzko aldez aurreko ezagutzarik behar izan gabe. Interakzioa sustatu zen ariketa kolektiboen bidez, besteen lanarekiko balorazioa eta errespetua sustatuz. Saioetan parte hartzaileen aldartea eta gogoetak jaso ziren ariketa bakoitzaren aurretik eta ondoren, eta, hala, elkarrizketa eta inpresioak partekatzea bultzatu ziren.

Maite Arriaga arteterapiako adituak 15 urte baino gehiagoko esperientzia du Debagoienean eta Durangaldean sormen tailerretan, eta justifikazio sendo batekin aurkeztu zion ekimena Ospitaleko Zuzendaritzari, antzeko beste esperientzia batzuetan ikusitako onura terapeutikoetan oinarrituta. Kasu arrakastatsuek babesten dute bere proposamena, esaterako: gure Ospitaleko paziente ohi batek, tailer horien laguntzarekin, bere bizi kalitatea hobetzea lortu zuen, eta margotzen jarraitzen du.

Jarduera guztia amaitu ondoren, irakasleak paziente bakoitzaren balorazioa jaso du memoria batean, pertsona bakoitzaren obrak eskaneatuta, eta bertan azaltzen du obra bakoitzean informazioa transmititu daitekeela, alderdi emozionalak ukituz, eta horrek informazio asko ematen digula edo kasu bakoitzari buruz duguna berresten duela.

Irakasleak baimena eskatu zigun paziente bakoitzaren lan bat modu anonimoan aurkezteko, Gabonetan Eibarreko erakustareto zentriko batean egin den erakusketan (Topaleku erakusgelan), obra bakoitzaren zergatia eta nola egin zen azalduz. Beraz, ekimen honek, terapeutikoki onuragarria izateaz gain, komunitatearen barruan parte hartzea sustatzen ere lagundu du.