Arreta soziosanitarioa Osasun mentala

«Presoak eta etorkinak osasun mentaleko zaurgarritasunaren adibide dira»

Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen zuzendari mediko eta Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Elkarteko (SEPSM) presidente Manuel Martin Carrasco doktoreak “Bioetika eta Osasun Mentala: biztanleria zaurgarriaren erronka komunak” izeneko jardunaldiaren ponentzia markoa aurkeztu zuen. Topaketan eman zuen hitzaldian –Andaluziako Arartekoak Sevillan antolatuta–, osasun mentalaren eta pertsonen zaurgarritasunaren arteko harremanean sakondu zuen, bereziki presoei eta etorkinei erreparatuz.
12 laguneko talde bat, jardunaldiko kartelaren alboan
Manuel Martín Carrasco (irudian, kartelaren ezkerrean) eta Andaluziako Arartekoa, Jesús Maeztu (eskuinean), beste parte-hartzaile batzuekin eta jardunaldian izan zirenekin.

Manuel Martin Carrasco doktoreak, Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen zuzendari mediko eta Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Elkarteko (SEPSM) presidenteak, azaroaren 6an parte hartu zuen “Bioetika eta Osasun Mentala: biztanleria zaurgarriaren erronka komunak” jardunaldian.

Andaluziako Arartekoak antolatuta, jardunaldiak osasun mentalak ingurune zaurgarrietan duen eragina aztertu zuen, batez ere presoen eta etorkinen artean, eta pertsona horien berezitasun kultural eta sozialekin bat datozen ikuspegiak sustatzea azpimarratu zuen. Topaketan arreta soziosanitarioak bioetikaren esparruan duen garrantzia nabarmendu zen, pertsonen duintasuna errespetatzen duten printzipio eta balioetan oinarrituta.

Adinekoak, desgaitasuna dutenak, adikzioak dituztenak, osasun mentaleko arazoak dituztenak, barneratze zentroetako adingabeak, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak, LGTBI+ kolektibokoak, migratzaileak, espetxean daudenak eta etxerik gabeak daude, besteak beste, zaurgarritasun handiena duten biztanleen artean.

Jardunaldia sektore soziosanitarioko, gizarte zerbitzuetako, arlo juridikoko eta gaixotasun mentala duten pertsonen eskubideen aldeko elkarteetako profesionalei zuzenduta zegoen, baita nahasmendu mentalak dituzten pertsonei beraiei eta haien familiei ere. Osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsona zaurgarrien egoera ikusaraztea eta haien eskubideak gehiago babestuko direla bermatzea zen azken helburua.

Ingurune zaurgarriak

Martin Carrascok hasi zuen gogoratzen bi pertsonatik batek osasun mentaleko arazoak dituela bizitzan zehar, eta nahasmendu mental batzuk «izugarri larriak eta ezgaitzaileak» izan daitezkeela, hala nola eskizofrenia eta beste psikosi batzuk, nahasmendu bipolarra eta nortasun nahasmendu larriak edo depresio larriak.

Hitzaldiaren zati handi bat gaixotasun mentalarekiko babes, arrisku eta erresilientzia faktoreek hartu zuten. «Arriskua metagarria da, arrisku faktoreak elkarren artean lotuta daude (ez da erraza faktore kausal bakar bat zehaztea), eta, elkarren artean berrelikatuz, korapilo kaltegarriak sortzen dira. Arrisku faktoreek maila indibidualean, erlazionalean, komunitarioan eta sozialean jarduten dute», azaldu zuen, eta, aldi berean, osasun mentaleko politiketan faktore sozialak, ekonomikoak eta kulturalak kontuan hartzeko beharra nabarmendu zuen. «Presoak eta etorkinak biztanleriaren zaurgarritasunaren adibide dira, eta arrisku faktore asko pilatzen dira bi kasuetan», adierazi zuen.

«Presoak eta etorkinak osasun mentaleko zaurgarritasunaren adibide dira»

Osasun mentala espetxeetan

Kalkuluen arabera, 11 milioi lagun inguru daude espetxean mundu osoan, eta horietatik %93 gizonak dira, eta %7, emakumeak. Espainiako kartzeletako populazioa 55.751 pertsonakoa da. Espetxeko osasun mentalari dagokionez, doktoreak nabarmendu zuen Estatu Batuetako instalazio psikiatrikorik handienak kartzelak direla, hainbesteraino, ezen haien paziente kopurua ospitale psikiatrikoena baino handiagoa baita. Halaber, presoen artean dagoen gaixotasun mental larrien prebalentzia handia azpimarratu zuen (Osasun Ministerioaren datuen arabera, presoen %25ek arazo mentalak dituzte, biztanleria orokorrean baino 5-7 aldiz handiagoko intzidentziarekin). Zifra orokorretan, espetxean 3-6 aldiz suizidio eta jokabide autolesibo gehiago gertatzen dira, nahasmenduak agertzeko baldintza gehiago agertzen dira, eta detekzioa atzeratu egiten da.

Gizon gaztea, berrerorlea, baliabide ekonomiko urriekin, nahasmendu mentalarekin eta mendekotasuna eragiten duen komorbilitatearekin; eta tratamenduarekiko atxikimendu txarrarekin, eta horrek sintomak larriagotzen ditu. Horixe da kartzelan sarrien egoten den paziente psikiatrikoaren profila. Gaixotasun mentalak dituzten pertsona gehienak biolentoak ez badira ere, joera da horiek zaintzapean denbora gehiago edukitzea, antzeko karguak izatea leporatzen zaien gaixotasun mentalik ez dutenak baino. %85ek gutxienez behin nozitu dituzte abusu fisikoak edo sexualak. Emakume presoen kasuan, %85ek abusu fisikoak edo sexualak nozitu dituzte, eta espetxean abusuak sufritzeko arriskua ere handiagoa da. Gaixotasun mentalen (%80) eta suizidio saiakeren (%40) tasak gizonenak baino altuagoak dira. Antzeko zifren zantzuak daude LGTBI+ kolektiboko pertsonen artean.

«Gaixotasun mentalak dituzten pertsonen tratamendua funtsezkoa da espetxeetan, baina instalazioek eta profesionalek askotan ez dute gaitasun eta baliabide egokirik. Ingurune horretan konplexutasuna ohikoa da, araua komorbilitateak dira», adierazi zuen gure psikiatrak. Pertsona horiek adikzioekin, ikasteko zailtasunekin, langabeziarekin, hezkuntza mugatuarekin, etxebizitza ezegonkorrarekin, zorrekin, osasun orokor txarrarekin, traumekin eta trebetasun sozial mugatuekin bizi dira.

«Presoak eta etorkinak osasun mentaleko zaurgarritasunaren adibide dira»

Osasun mentala eta migratzaileak

Migratzaileei dagokienez, gure adituak ohartarazi zuen migrazioak ez duela zertan gaixotasun mentalaren kausa izan, eta ezinezkoa dela migratzaileak talde homogeneotzat hartzea gaixotasun mentalaren arriskuari dagokionez. Horrez gain, gaixotasun mentalaren tasa arrunta alderdi sozialek baldintzatzen dute kasu horretan, hala nola: diskriminazioaren edo arrazakeriaren pertzepzioa, osasun sistemetarako sarbidea, langabezia, bizi baldintzak, etab. Horrez gain, zailtasun linguistikoek, besteak beste, gaiari buruzko azterlanak egitea oztopatzen dute.

«Profesionalen iritziz, urgentzietako zerbitzuak gehiago erabiltzeko, osasun zerbitzuak berandu eskuratzeko eta asistentziari jarraipenik ez emateko arrazoiak prekaritate ekonomikoari eta gizarteratzeari lotutako hainbat faktoreri lotuta daude. Gizarteratzeko estrategiak behar dira desberdintasunak gutxitzeko», ondorioztatu zuen gure zuzendari medikoak.

Azkenik, bere hitzaldiaren ondoren, Jesús Maeztu Andaluziako Arartekoa eta erakunde horretako Zaurgarritasun Arloko Ana Vinuesa zoriondu nahi izan zituen, gai horietan sakonduko zuen topaketa bat antolatzeagatik. «Gure herrialdeko biztanleen %17 baino gehiago Espainiatik kanpo jaio dira, orain gai horri sakon heltzeko unea da. Jakina, biztanleria zaurgarriak lehentasunezko gaia izango dira Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espainiako Elkartearentzat hurrengo urteetan», adierazi zuen Martin Carrasco doktoreak, SEPSMko presidente gisa.