Santos Romera egoiliarrak bere lanak erakutsi zituen Txurdinagabarrin

Txurdinagabarri adinekoen Egoitzan bizi den Santos Romerak bere olio pinturetako batzuk —pinturaren historiako koadro nabarmenen erreprodukzioak— eta bere lan propioak erakutsi zituen urrian egoitzan.
Santos Romerak Joaquín Sorollaren "Itasasertzean ibiltzea" lanaren erreprodukzioaren aurrean.
Santos Romerak, Joaquín Sorollaren “Itasasertzean ibiltzea” lanaren erreprodukzioaren aurrean.

Datorren azaroaren 1ean 89 urte beteko dituen Santos Romera, Txurdinagabarriko egoiliarra, modu berezian ospatzen ari da urtebetetzea: egoitzako korridoreetan bere artea erakusten ari da, baina, apalki, “artista” izendapena ukatuz.

Olioz egindako hamar bat koadro, tamaina askotakoak, egoitzako beheko solairua inguratzen duen galerian eta Santosek bere gela duen solairuan (etxetzat hartzen duen lekuan) ikus daitezke. Bere gelan badaude beste lan batzuk ere. Pozik erakusten ditu, baina begirada kritikoz, uste baitu obra batzuk ez direla berak nahi bezain ondo geratu.

Santos 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen pintatzen, bandak hotzean ijezteko Etxebarriko lantegian erretiroa hartu ondoren, izan ere, bertan Delineazio bulegoko teknikari gisa lan egiten zuen. Emaztea handik gutxira hil zitzaion, eta bera Santutxuko Jubilatuen Zentrora joaten hasi zen. Bertan, mendi irteera eta txangoetan eta pintura tailerrean parte hartzen zuen, non “oso ondo irakasten zuen irakasle xarmant batekin ikasi baitzuen”.

Hantxe hasi zen olioaren teknika ikasten, horixe da-eta gehien gustatzen zaiona, bai eta margolari handi askoren lanak ezagutzen ere, eta horien artean erreferentziak hartzen. Izan ere, Santosek gustuko dituen artisten lanak erreproduzitzen ditu, eta sorkuntza lanak ere egiten ditu, normalean gure herrietako paisaiak eta bazterrak. Familiak bereziki baloratzen ditu bere erretratuak, eta askotan bertan aurkitzen ditu bere obretarako modeloak. Eta estilo figuratiboarekin ez ezik, Dali, Picasso eta halako egileen obren erreprodukzioekin ere ausartzen da. Malagako egilearen “Guernica” obraren tamaina txikiko erreprodukzio bat oso ikusgarri dago bere logelan jarrita.

Reproducción de "Guernica" de Pablo Picasso
Pablo Picassoren “Guernica”-ren erreprodukzioa

Ospitalean egon ondoren, indarberritzeko egoitza bat bilatu beharrak ekarri zuen Txurdinagabarrira. “Beste egoitzaren bat ere ikusi genuen, baina ni Boluetako eta Santutxuko bizilaguna izan naiz, eta hemen oso pozik nago —azaldu du—. Langileen tratua zoragarria da, eta ingurua ezagutzen dudanez, paseotxoren bat edo beste egin dezaket”. “Orain hau nire etxea da”, dio, gela txukuntzera etorri zaizkion bi langile “¡Hola, guapas!” esanez agurtzen dituen bitartean; halakoxea da eguneroko bizikidetzak eta Santosen izaera atsegin eta alaiak sortzen duten maitasuna.

Astearte eta ostegun goizetan, suhiak Santutxuko Adinekoen Zentrora eramaten du autoz, eta bertan pintura eskolak hartzen jarraitzen du. “Egin dudan azkena Durangoko plaza da. Irakasleak asko laguntzen dit —goraipatu du—. Berea da nik egiten dudanaren meritu guztia”. 15 pertsona inguru joaten dira pintura tailerrera, eta “oso lagun onak” dira. Maitasun handiz gogoratzen ditu, halaber, Jubilatuen Klubarekin eta BBKrekin egindako bidai eta txangoetan egin zituen harremanak. Horrek eraman zuen, hain zuzen, ia lurralde nazional osoa eta museo asko “aparteko lagunekin” zeharkatzera. “Orain asko kostatzen zait ibiltzea”, nahigabetu da, nahiz eta batzuetan egoitza ingurura irteten den eta asteburuetan familiarekin bazkaltzera joaten den.

Ikusgai dituen koadroak erakutsi dizkigu: “Hau Elantxobekoa da, eta beste hori, Bermeokoa. Sorollaren bi, Murilloren bat eta Van Goghen ‘Ekiloreak’ ere badauzkat”. “Lan ordu asko sartu dut bakoitzarekin”, esan du. “Artista bat da”, esan du pasaeran agurtu duen solairukide batek.

Santosek erakusketako koadroetako bat erakutsi digu, baita 2012ko egunkari baten ebakin plastifikatua ere. Bertan, jatorrizko koadroaren argazki bat ikusten da, eta haren azpian, izenburu hau: “John Constableren ‘Esklusa’, 28 milioian saldua”. Obra hori Thyssen Museoaren jabetzakoa zen eta urte hartan Thyssen baronesak egindako salmentak kritikak eragin zituen; ondoren, Thyssen-Bornemisza Bilduma Fundazioko patroi nagusiak, Norman Rosenthalek, dimisioa eman zuen. “Agian zerbait atera genezake honetatik”, esan genuen txantxetan.

Reproducción de "La esclusa" de John Constable
John Constableren “Esklusa”-ren erreprodukzioa.

Santosi pena hau geratu zaio: Txurdinagabarri Egoitzan ikusgai daudenak baino askoz ere obra gehiago dauzka, “hemen ezin delako zulorik egin hormetan, eta zuloak eginda dauden tokiak bakarrik aprobetxa daitezkeelako, edo beste sistema batzuk erabilita zintzilikatu”.

Seguruenik, beste aukera batzuk egongo dira gure egoiliarraren koadro gehiago erakusteko. Bien bitartean, bere bizilagunak eta egoitza bisitatzen dutenak Santosen bildumaren zati txiki batez gozatzeko moduan daude.