Aita Menni Ospitalea, euskarazko polizia kontakizun kolektibo baten agertokia

Matildek, erretiroa hartzear dagoela, bizitza osoko aurrezkiak galtzen ditu “phishing” bidezko iruzur baten biktima izan delako. Ertzaintzaren ikerketek Aita Menni Ospitaleko ordenagailu bateraino eramaten dute, eta Matilderen lagun batek hari laguntzeko plan bat abian jartzea erabakitzen du.
Unas manos sobre el teclado de un ordenador

Horrela hasten da Aita Menni Ahizpa Ospitalarioetako 24 langilek Euskara Batzordearen ekimenez modu kolektiboan idatzi duten istorioa.

Euskararen erabilera dinamizatzeko egiten dituen ekintzen esparruan, Batzordeak “Istorio kolektiboa” ekintza jarri berri du martxan, eta Gipuzkoan eta Bizkaian Ahizpa Ospitalarioek dituzten ia zentro guztietako 24 lagunek eman dute izena.

Bakoitzak paragrafo bat idatzi eta hurrengo egileari eman behar zion, eta horrela ondoz ondo hainbat errondatan zehar. Horrela, istorio bat idatzi dute, jakin gabe norantz aurrera egingo zuen, ezta, are gutxiago, nola amaituko zen ere. Emaitza: esperientzia berri bat parte hartu dutenentzat, eta istorio bat non ezer ez dirudiena. Berreskuratuko ote du Matildek bere dirua?

Istorio kolektiboa

Lanean ari zara betiko erritmoan eta halako batean, ordenagailuko pantailan mezu bat agertu zaizu: “Kafe makinan nago, zatoz”.

Kafe makinara noa eta han nire laguna Matilde aurkitzen dut, aurpegi arroarekin eta oso urduri. Bertan kafe bat ateratzen dugu eta apurka-apurka gertatutakoa kontatzen hasten da.

Atzo bere lagun Mikelen mezu bat jaso zuen, bankuko zuzendari gisa lan egiten duen lagunarena. Bere aholkulari pertsonala denez, ez zuen zalantzarik izan mezuan agertzen zen estekan sartzeko, baina handik aurrera buruhausteak hasi ziren.

Gertatutakoa kontatzen ari zen bitartean, zorabiatzen hasi zen eta luze-luze erori zen lurrera. Zuzenean larrialdietara deitu genuen eta anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Ahal izan nuenean, nola zegoen jakiteko deitu nion, eta lasai esan zidan ondo zegoela etxean. Bankutik jasotako mezuari buruz izan genuen elkarrizketaz galdetu nion. Orduan esan zidan, kreditu txartela faltsutu ziotela eta kontu korrontea hustu!!

Ezin nuen sinetsi kontatu zidana. Erretiroa hartzeko hiru hilabete besterik ez zitzaion falta eta aurreztuta zeukan diru guztia lapurtu zioten. Diru hori berreskuratzeko plan bat martxan jartzea bururatu zitzaidan orduan.

Matilderekin hitz egin ondoren, ordenagailuekin oso trebea den lagun batekin jarri nintzen harremanetan. Gertatutakoa kontatu nion, eta Matilderen azken banku mugimenduetan sakontzen zebilela, zerbait susmagarria aurkitu zuela esan zidan.

Lagunak esan zidan ez zekiela ondo zer zen, eta bere lagun Antoni galdetu nahi ziola, delitu informatikoen atalean ertzainarekin lan egiten baitzuen. Salatu egin behar zuela uste zuela esan zidan.

Antonekin hitz egin zuen eta, harrigarria bazirudien ere, bazekiela erantzun zion, izan ere, aspaldian zebiltzan delitugile horren atzetik. Bere azken ikerketek Aita Menniko zentro bateko ordenagailu batera eraman zituen eta, zelako ustekabea, nor izango ordenagailu horren erabiltzailea eta…

Aita Menni zentroko administrazio zuzendaria!!! Bere ordenagailutik bidali zen Mikelen mezua. Matilde guztiz harrituta zegoen, berak ez baitzuen Aita Mennirekin inongo harremanik. Mikeli deitu zion, ea berak Aita Menniko administrazio zuzendaria ezagutzen ote zuen jakiteko. Eta Mikelek zer erantzun zion… ba bere bikotea zela Aita Menniko administrazio zuzendaria. Elkarrekin eta oso zoriontsu bizi zirela duela bost urtetik. Matildek ez zekien zer egin, Mikel bere aholkulari pertsonala izateaz gain laguna baitzuen.

Eta orduan zer egin? Egia esan eta lagun bezala galdu? Ezer ez esan eta utzi Mikeli egia bilatzen berak aurkitu arte? Modu batez edo bestez jakinarazi behar zaio lehenbailehen.

Buelta asko eman ondoren, Mikeli ezer ez esatea erabaki nuen. Nire lagun informatikariarekin harremanetan jarri nintzen, eta egunero Aita Menni zentroko administrazio zuzendariak ordenagailua pizten zuen momentuan mezu bat agertzeko eskatu nion. Honek erraz egin zezakeela esan zidan eta ondorengo mezua bidali genion: “Badakit zein zaren eta zu izan zarela Matilderen kontua hustu duena. Dirua itzuli edo egia onartzen ez baduzu salaketa jarriko dizut. Ez duzu Mikel kontu honetan sartzea nahiko, ezta?”.

Baina, denbora pasatu eta, ez nuen erantzunik jaso.

Hortaz, hurrengo egunean, Aita Mennira zuzenean joatea erabaki nuen. Goizeko lehenengo orduan heldu nintzen ospitalera; txirrina jo, eta harreran jazarrita zegoen neskak atea ireki zidan. Egia esan, nahiko urduri nengoen: alde batetik, administrazioko buruarekin egon behar nintzelako, eta bestetik, Santa Agedako “zoroetxean” sartu behar nintzelako. Ikusi ditudan psikiatriko guztiak telebistako beldurrezko filmetakoak izan dira. Izan ere: ilunak, jendea oihuka eta gehienetan pasillo luzeak argiak piztu eta itzali egiten diren horietakoak. Aurreiritzi askorekin jo nuen harreran jazarrita zegoen langilearengana.

Harrerako langileari nire burua aurkeztu ondoren, administrazio zuzendariarekin hitz egitea eskatu nuen. Nire harridurarako, edo agian nire lasaitasunerako, zuzendaria hurrengo astera arte kanpoan zegoela erantzun zidan. Hori horrela, bien bitartean, beste plan bat martxan jarri beharra zegoen…

Harreran jasotako erantzunaren ostean, bertan nengoela aprobetxatuz, zerbait egin beharra neukan. Garazik, koadrilako Ikerren arrebak Aita Menniko boluntariotza programan parte hartzen zuela oroitu nintzen. Boluntario gisa, pazienteekin txangoak, tailerrak eta antzeko ekintzetan parte hartuz.

Hortxe ikusi nuen “troiako zaldi” gisa ikerketarekin aurrera egiteko aukera garbia, B plana martxan zegoen!

Harrerako langileari, bi aldiz pentsatu gabe, boluntariotza programarengatik galdetu nion, bertan izena eman nahi nuela esanez. Sarrerako atea ireki eta aldi

berean telefono dei bat erantzuten zebilen bitartean, ahopeka, Argoitzekin hitz egin beharra neukala erantzun zidan, hatz erakuslearekin ate ondoan zegoen mutil gazte bat seinalatuz.

Argoitz mutil garaia, ederra eta oso dotorea zen, eta bere aurpegia ezaguna egiten zitzaidan. Nire buruari bueltak ematen saiatu arren, ezinezkoa zen gogoratzea, baina nire buruan ez zetorren bat nik espero nuen boluntarioarekin. Harrerako neska oso atsegina zenez, galdetzera animatu ninduen.

– Barkatu, Argoitzen aurpegia oso ezaguna egiten zait, nongoa da? eta erantzun zidan.

– Ez dakit, baina esan diezazukedan gauza bakarra da bere anaia, administrazioko zuzendaria, Aretxabaletakoa dela.

Nire B plana martxan jar zitekeela zirudienean, datu berri horrek zalantzan jarri ninduen aurrera egin edo ez, egoera apur bat zailtzen baitzen, azken finean, bazirudien hari guztiak pertsona berberengan elkartzen zirela. Hala ere, Argoitzengana hurbildu eta aurrera egitea erabaki nuen…

Argoitzengana hurbildu eta Aita Menniko boluntario izateko desioa adierazi nion. Boluntariotzari buruzko xehetasunak emateko harreran zegoen bulegora eraman ninduen. Azalpenak ematen hasi orduko bere iPhone-an dei bat jaso zuen. Urduri hitz egiten zuen, isilpean… eskumuturrean zeraman urrezko rolexari etengabe bueltak ematen zizkion bitartean.

Ni ere oso urduri nengoen. Argoitzek, telefonoz hitz egiten zuen bitartean, begiratu egiten zidan eta bere aurpegi adierazpena aldatu egin zen. Telefonoa eskegi eta beste dei bat egin zuen. Dei honetan oso haserre zegoen…

Elkarrizketaren erdian, eskuarekin itxaroteko keinu bat egin zidan eta ziztu bizian atera zen bulegotik. Une horretan, bulegoan bakarrik nengoela, Argoitzen ordenagailua piztuta zegoela konturatu nintzen. Bi aldiz pentsatu gabe, bere aulki dotorean eseri eta ezustekoa hartu nuen ordenagailuaren pantailan agertzen zena irakurtzean!!!

Iruzur berdinaren biktima guztien datuak azaltzen ziren!! Bi anaien azpijokoaz lapurtutako diru kantitatea itzela zen benetan eta ni bezala iruzurrean erori ziren guzti horien gaizki egona imajinatzeak, inoiz bezala haserrarazi ninduen. Auto baten hotsa entzun, leihotik begiratu eta Argoitz ihesean ikusi nuen. Begiak itxi- ireki batean, han nengoen, nire bi eskuak bolantean, nire oina firme azeleragailuan eta gaizkilearen autotik metro gutxira. Arranopola! Nork esango zidan momentuko adrenalinak Aita Menniko atean zegoen anbulantzia ostera eramango ninduela!

Itxura batez, Argoitz ez zen konturatu anbulantziako gidaria ni nintzela; beraz, egoera aprobetxatuz, anbulantziaren sirenak martxan jartzea erabaki nuen. Garagartzako biribilgunera heltzear geundela, bat-batean Argoitzek autoa

gelditu eta han hurbildu nintzen bere leihora haserre biziz. Baina haserrea harridura bilakatu zen, han baitzegoen Argoitz zerura begira eskuak errezu posizioan jarrita.

Ezin nuen sinetsi! egin zituzten guztiak egin eta orain errezuka. Besterik ez nuen behar! Balorea behar da gero! Lapurtu zien biktimen lekuan minutu batean jarri balira seguru ez zirela hain urrun iritsiko. Bere errezuek ez zioten ezertan lagunduko oraingoan behintzat. Anbulatziatik jaitsi eta aurrez aurre kristorenak eta bi esatea erabaki nuen.

Bat-batean, horrela ez nuela ezer konponduko konturatu nintzen, eta gutxiago Matilderen dirua berreskuratu. Lehenbailehen trama honekin bukatu behar zen, zerbait egin behar nuen eta azkar… Orduan, birritan pentsatu gabe, telefonoa hartu eta altaboza jarrita Mikeli deitzea erabaki nuen, Argoitzek berak gertatutakoa azaltzeko.

Mikelek telefonoa erantzun eta Argoitz alboan zuela esan zion, berak eta anaiak egindako dena kontatu behar ziola. Mikelek ez zuen sinistu eta probak behar zituela esan zion.

Momentu horretan polizia zientifikoa agertu eta atxilotuta eraman zuten, iruzurra pentsatzen zuten baino handiagoa zela eta milioiak lapurtu zituztelakoan.