Osasun mentala

Identitatearen arazoa, egungo psikopatologiaren erdigunean

Manuel Martin Carrasco doktoreak gaixotasun mentalaren sintomek denborarekin duten bilakaerari, identitate pertsonalaren eraikuntzari eta horrek prozesu psikopatologikoetan duen garrantziari buruzko eskola magistral bat eskaini zigun.
Manuel Martin Carrasco doktoreak Aita Menni Ospitaleko ‘Juan Carlos Irizar Aretoan’ eskainitako prestakuntza saioa
Manuel Martin Carrasco doktoreak Aita Menni Ospitaleko ‘Juan Carlos Irizar Aretoan’ eskainitako prestakuntza saioa.

Sintoma mentalak eta adierazpen psikopatologikoak bilakatu egiten dira denborarekin? Erantzuna, Manuel Martin Carrasco doktorearen arabera, baiezkoa da. Aita Menni Ahizpa Ospitalarioen zuzendari mediko eta Psikiatria eta Osasun Mentaleko Espainiako Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, psikiatrian daramatzan 40 urteetan, “alde nabarmenak” ikusi ahal izan ditu. Aldaketa horiez, egin dituen azterlanez eta horiek eragiten dituzten hausnarketez hitz egin zuen apirilaren 20an eskaini zigun prestakuntza saioan, San Benito Menniri eskainitako Astearen barruan.

Aldaketa horien artean, adibidez, doktoreak aipatu zuen “ia erabat” desagertu dela eskrupulu moralen eta bekatuaren beldurraren sintomatologia obsesiboa (orain dela zenbait hamarkada, pertsona batzuek koadro obsesiboak aurkezten zituzten, egunero aitortzera joateraino). Aitzitik, arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) arrarotasun klinikoa izatetik proportzio “ia epidemikoak izatera igaro da, eta ez bakarrik haurtzaroan eta nerabezaroan. Eta gauza bera esan daiteke elikaduraren nahasmenduei buruz. Gainera, mugako espektroaren sintomak oso-oso ohikoak dira orain”.

Gure psikiatraren arabera, “harrigarria bada ere, oso ikerketa gutxi daude gaixotasun mentalen joerak aztertzen dituztenak. Eta emaitzak, sarritan, kontrajarriak izaten dira, diagnostikorako irizpideak aldatzen direlako”.

Identitate pertsonala eta psikopatologia

Manuel Martin Carrasco doktoreak identitatearen kontzeptuan sakondu zuen, zeina eztabaidatuenetako bat baita arlo filosofikoan zein psikologikoan. Pertsonen identitateari eta horrek sintoma mentalen eraketarekin duen harremanari buruzko azterlan ugari daude.

Identitatearen arazoa, egungo psikopatologiaren erdigunean

“Identitatea hainbat nahasmendu psikiatrikorekin lotuta dago, eta garrantzi handiko dimentsio bat dela esan daiteke, ez bakarrik nortasunaren nahasmenduetarako”, azaldu zuen Martin Carrascok, eta, aldi berean, adierazi zuen gizarte postmodernoak erronka partikularrak planteatzen dituela identitatearen konfiguraziorako, eta horrek, halaber, eragina izan dezakeela adierazpen psikopatologikoetan behatutako aldaketetan”. Horregatik –ohartarazi zuen–, “oso beharrezkoa da identitatea eta sintomatologia klinikoa lotzen dituzten mekanismoei buruz ikertzea.

Rolak, ezaugarriak, helburuak, balioak, sinesmenak eta esperientziak batu egiten dira identitatea sortzeko. Formazio prozesuaren abiapuntua pertsonak bere burua hautemateko duen gaitasunaren garapen progresiboa da (kontzientzia). Identitate prozesuaren teorietako batek proposatzen du norberaren identitatearen egitura balio/afektu dimentsioetan kontzeptualizatu behar dela, eta egitura hori bi prozesu unibertsalek arautzen dutela, hau da: asimilazioa/bazterketa eta ebaluazioa, horiek ematen dietelarik identitatearen edukiei zentzua eta balioa.

Argi dago identitateak psikopatologiarekin eta funtzionamendu psikosozialarekin lotura duela. Identitatearen zentzu egonkorra lortzeko, beharrezkoa da erabaki asko hartzea, zailtasunei aurre egiteko gai izatea, egindako aukerei leial izatea. Horrez gain, ikerketak ulertu nahi du gizarteak aldi historiko bakoitzean zergatik jotzen dituen jokabide jakin batzuk “desbideratutzat”, eta, ondoren, pertsona batzuk nahasmendu mentalak garatzera eramaten dituzten arrazoiak argitu nahi ditu.

Galderak airean

Identitatearen arazoa, egungo psikopatologiaren erdigunean

Elikaduraren nahasmenduen adibidera itzulita, uste da beren buruaren zentzu argi eta egonkorrik ez duten pertsonek kanpo iturrietara jotzen dutela beren burua definitzen laguntzeko, eta, beraz, oso litekeena da erakargarritasunerako estandar sozialak barneratzea (hau da, norberarentzat esanguratsutzat hartzea). Barneratze hori, halaber, gorputzaren gogobetetze faltarekin eta elikadura jokabide desordenatuekin lotzen da.

Ezbehar goiztiar bat identitatearen nahasmenduarekin lotuta egon daiteke, ezbeharrak eragindako erreakzio kognitiboak eta emozionalak nekez integratzen direlako niaren narratiba koherente batean. “Baina, nola aurreikus lezake haurtzaroan izandako ezbeharrak helduaroan larritasun psikologiko bat izatea?”, galdetu zuen gure doktoreak.

Haurtzaroko ezbehar bat kaotiko eta aurreikusi eta kontrolatu ezinezko moduan esperimentatu daitekeenez, esperientzia horiek ziurgabetasunarekiko intolerantzia eragin dezakete. Ziurgabetasunarekiko intolerantzia nahasmendu obsesibo konpultsiboarekin, antsietate sozialarekin eta depresioarekin ere lotzen da. Oraintsuko zenbait azterlanek erakutsi dute autokontzeptuaren argitasunak eta ziurgabetasunarekiko intolerantziak lotura dutela.

“Zehazteke dago identitatearen hedapenak noiz eta nola ezartzen duen agertokia edo bihurtzen den identitatearen nahasmendu kliniko, eta, ondorioz, pertsonak psikopatologia bat izateko bereziki zaurgarriak izatea eragin dezakeen”, adierazi zuen hizlariak, hainbat ikasketa eta teoria errepasatu ondoren.

Modernitate likidoa eta identitate pertsonalaren eraketa

Identitatearen arazoa, egungo psikopatologiaren erdigunean

“Identitateak” testuinguru sozial anitz eta aldakorren barruan eraikitzen eta berrikusten dira. Zygmunt Baumanek deskribatutako oraingo modernotasun likidoan, identitate pertsonal bakar baten ordez, “identitate jariakor” mistoa dugu, norberarena eta erlazionala, zeinak norberaren askatasunean jartzen baitu arreta, irizpide goren gisa.

Irizpide goren gisa norberaren askatasuna lortzeko enfasi horrek arazo garrantzitsuak sortzen ditu, besteak beste, psike arruntaren aldaketei lotutakoak: zaintza eta intuizioa murriztea, bizimodu kontsumista eta hedonikoak, identitate partekatuak eta segurtasun kognitiborik eza, erresilientzia mentala murrizteaz gain.

Dagoeneko agertzen ari diren erronka horien aurrean, Martin Carrascoren iritziz, eta ondorio gisa, “profesional klinikoak fenomeno horietaz ohartu behar dira, pazienteei hobeto ulertzeko; osasun mentalaren arretaren ikuspegian aldaketak egin behar dira, eta, seguru asko, jarrera terapeutiko berri bat garatuko da”.