Kalte zerebrala

Tarte libreko jarduera ezberdinek gozatzeko aukera emateaz gain, gizarteratzeko lanean laguntzen digute

Tarte libreko jarduera ezberdinek gozatzeko aukera emateaz gain, gizarteratzeko lanean laguntzen digute

Aisiaren eremua gune integratzaile eta normalizatzaile boteretsua da

Kirol, aisia eta denbora libreko jarduera ezberdinetan etengabe hartzen da parte Zuatzuko Aita Menni Eguneko Zentroan (Donostia), gure helburuetariko bat baita dibertsitate funtzionaleko pertsonen gizarteratzea lortzea. Aisia gune integratzaile eta normalizatzaile oso indartsua da, eta ildo horretan aukera handiak eskaintzen ditu. Hori dela-eta, azken asteetan geratu gabe gabiltza, eta izugarri gustatzen zaigu!

Duela egun batzuk, Donostian Korrikaren hogeigarren edizioa igaro zen; hau da, euskararen alde burutzen den lasterketa, aurten 2.535 kilometro egin dituena. Lekukoa etenik gabe ibili zen 11 egunetan, Euskal Herriko, Iparraldeko eta Nafarroako herri ezberdinetan. Eta Garuneko Erasanaren Eguneko Zentroan ere gure omenaldi berezia egin izan nahi genion euskarari eta Korrikari. Egun eguzkitsua atera zen, eta gure ibilbidea Zuatzu Parkean barrena egin genuen, lekukoa eskuz esku ibiliaz. Tipi tapa tipi tapa KORRIKA!!

Halaber, egun hauetan Euskal Herriko 2017ko Itzulia izan da, eta Garuneko Erasanaren Zuatzuko Eguneko Zentroko erabiltzaileak txirrindularitza zale amorratuak dira. Gainera, zenbait txapeldun aurrez aurre ezagutzen dituzte, egun batean zentroa bisitatzera etorri zirelako. Beraz, hiri-autobusa hartu eta Antiguo auzora jaitsi ginen, txirrindulariak nola igarotzen ziren ikustera eta animatzera, eta, bereziki, Haimar Zubeldia eta Markel Irizar, bi txirrindulariak duela urte pare bat Zuatzun izan baitziren, hitzaldi motibatzailea ematen, kirola praktikatzea bultzatzeko eta ahalegina eta gainditzea bezalako balioak goresteko. Ondoren, eguraldi ona aprobetxatuaz, kanpoan bazkaldu eta paseo bat egin genuen.

Eta telebistan!

Kameretara hurbildu gara eta kamerak Zentrora hurbildu dira. Movistar-en #0 kanaleko taldea Zuatzura etorri zen logopedia saio bat grabatzera “Informe Robinson” programarako, eta protagonistak Lucas eta Nico Eguibar anaiak izan ziren. Nico Eguibarrek moto-istripua izan zuen duela hiru urte, eta, hark kontatzen duenaren arabera, “hiltzeko zorian egon zen“. Koman egon zen bi hilabetez garuneko lesio larriak zirela-eta. Aita Menni Ospitalean eta Zuatzuko Anbulatorioko Errehabilitazio Unitatean (Donostia) haren errehabilitazio osoa landu genuen. 16. minutu aldera, Nico agertzen da logopediako saio batean, Eider Aizpuru gure lankidearekin. Dena den, erreportaje osoa ikusteak merezi du; ‘Eguibartarren ituna’, iragarkian jada esaten da, ez da gainditzeko historia soila.

Eduki hau kanpoko hornitzaile batean dago. Ikusi nahi baduzu, "Besteak" cookie-ak onartu behar dituzu Cookie-en konfigurazioan.

Eta pasa den asteartean, Garuneko Erasanaren Zuatzuko Aita Menni Eguneko Zentroaren erabiltzaile-talde handi bat “Atrápame si puedes” programa grabatzera joan zen EITBk Miramonen (Donostia) dituen estudioetara. Lehiaketa Patxi Alonsok aurkezten du, eta parte-hartzaileek tarte atsegina igarotzen dute galderak erantzunaz eta haien erreflexuak proban jarriaz. Publiko moduan hiru programa grabatu genituen goiz oso batean, eta maiatzaren 8an, 9an eta 10ean ikus ahal izango dira ETB2-n, 14:10ean. Patxi Alonso berak muxu bat bidali zien Ahizpa Ospitalariak guztiei. Primeran ibili ginen; irteera hori berriro oso laster egitea gustatuko litzaiguke.

Gizarteratzea eta normalizazioa

Era horretako jardueretan parte hartu nahi dugu, komunitateak eskaintzen dituen baliabideak eta aukerak eskuratzea. Gure inguruneko jendearekin elkarreragitea gustatzen zaigu. Parte-hartzea eta normalizazioa oinarrizko printzipioak dira pertsona guztiak nahitaez gizartean integratzeko.