Irungo Errehabilitazio Psikosozialerako Eguneko Zentroak bigarren urtez jarraian bildu ditu erabiltzaileen senideak
Irungo Antzaran Errehabilitazio Psikosozialerako Eguneko Zentroko profesionalek hilaren 21eko goiza zentroko erabiltzaileen senideekin partekatu zuten. Topaketak, Eguberriak ospatzeaz gain, talde profesionala osatzen dutenek eta senideek elkar hobeto ezagutu eta elkar agurtzeko balio izan zuen.
Aita Menniko Errehabilitazio Psikosozialerako Eguneko Zentroez arduratzen den psikologoak zentroaren ibilbidea errepasatu zuen. Gaur egun, 30 plaza ditu eta 2005ean sortu zutenetik, adimen asaldura duten (gehienak eskizofrenia dutenak) 68 pertsona igaro dira bertatik. Bertan zerbitzuak eskaintzen dituzten profesional guztiek betetzen duten lan espezifikoa azpimarratu zuen: erizainak, psikologoak, gizarte langileak, terapeuta okupazionalak, begiraleek… ez zituen ahaztu prestakuntzan dauden edo beste lan batzuez arduratzen diren pertsonak: garbiketaz edo janaria prestatzeaz arduratzen direnak, adibidez. “Oso ondo prestatutako jendea da, oso lagunartekoa eta proiektuarekin konprometituta dagoena”. (Publikoko norbaitek “laguntzeko oso prest daudenak” gehitu zuen).
Talde osoaren helburua da erabiltzaile bakoitzak “ahalik eta bizimodu normalena” egitea. Zeregin horren baitan, ezinbestekoa da familien elkarlana. “Zuen laguntza behar dugu aurrera egiten jarraitzeko”, esan zien Vicente Huesok. Bizi kalitate hobea eta autonomia handiagoa bilatzeko lan horretan, adibidez, ordutegien arloko bizimodu antolatua eta ohitura osasungarriak izatea, bizitzan helburu pertsonalak bilatzea, ahalik eta egokiena den garbitasuna mantentzea eta abar komeni da. Autozainketa mota horiek bultzatu ahal izateko, hainbat alderdi landu dutela gogorarazi zien: elikadura, irudi pertsonala eta aisialdiaren erabilera (kirola eta musika bereziki nabarmenduta). Gainera, gaitasun instrumentalen lantaldeak eskaini dituzte janaria prestatzen, lisatzen, erosketak egiten eta abar ikasteko.
Aisialdia aprobetxatzeari dagokionez, 2016. urte hau ahaztezina izango da Errehabilitazio Psikosozialerako Eguneko Zentroak ohiko ordutegitik kanpo Donostiako Aste Nagusian su artifizialez gozatu ahal izateko antolatu zuen txangoa dela eta. 2017. urteak helburu handiagoak ekarriko dizkigu.
Aita Menni Ospitaleak gaixotasun mentala azaltzeko eta estigmari aurre egiteko ekoitzi duen “Batzuetan, bizitza ustekabean zaildu egiten zaigu” visual thinkinga proiektatu zuten hitzaldia amaitzeko eta Antzaran Abesbatzaren emanaldia aurkezteko.
Antzaran Abesbatza
Musika da Irungo Errehabilitazio Psikosozialerako Eguneko Zentroan arrakasta handiena duen jardueretako bat. Zentroko erabiltzaile ugarik osatzen du Antzaran Abesbatza. Duela urte eta erditik, Antzaran Abesbatzak erregulartasunez egiten ditu entseguak eta dagoeneko emanaldi batzuk eskaini ditu. Leire Intza begiralearen akordeoiarekin eta Beñardo Lazkanotegi erabiltzailearen biolinarekin batera, hainbat lagunen ahotsak izan genituen entzungai. Txoriak Txori, Xalbadorren heriotzean, Gau erdian, Ole Olentzero, La vida es bella… berritzen ari dira errepertorioa. Emanaldiaren amaieran, beti bezala, txalo zaparrada entzun ahal izan genuen. Entzuleek dena eman zuten eta egindako lanak jasotako ordainarengatik poz aurpegiak ikusi genituen. Denek batera dastatu ahal izan zuten Eguberrietako otorduari hasiera emateko giro ezin hobea sortu zen.
Antzaran Abesbatzaren hurrengo emanaldia urtarrilaren 4an izango da, Aita Menni Ospitaleko Gabonetako programazioaren baitan.