Kalte zerebrala

Naiara Mimentza: “Iktusaren ondoren beharrezkoa da balorazio psikopatologikoa gehitzea”

Naiara Mimentza: “Iktusaren ondoren beharrezkoa da balorazio psikopatologikoa gehitzea”

Iktus baten ondotik, ondoren fisikoak ez ezik, ondoren psikologikoak ere agertzen dira.“Iktus bat sufritu eta urte batera depresio, antsietate, apatia eta haserrekortasunaren prebalentzia handia dago“, baieztatu du Aita Menni Ospitaleko neuropsikologoak, deustuko unibertsitatean aurkeztu berri duen doktore tesiaren oinarria izan den ikerketaren amaieran. 

“Ebaluazio neuropsikologikoetan nahasmendu psikopatologikoak ere gehitu behar dira, izan ere, arazo horiek iktusa sufritu dutenen zein senideen egunerokotasuna eta etorkizuna markatzen dute”. Hori baieztatu zuen Naiara Mimentzak bere doktore tesia irakurri zuenean, joan den martxoaren 22an, Deustuko Unibertsitatean.

Epaimahaiko lehendakari eta EHU/UPVko Psikologia Klinikoko katedradun eta Ikerketaren 2017ko Euskadiko Sariaren irabazle Enrique Echeburuak lanaren garrantzi klinikoa eta soziala nabarmendu zuen, izan ere, “ez da oso ohikoa, batez ere kontuan hartuta pazienteen egoera denbora tarte luze batean aztertzen eta konparatzen duela”. Zorionak eman zituzten baita ere, horrelako lan bati ekiteak dituen zailtasunengatik, epaimahaikide eta Psikologiako doktore Imanol Amayrak, Deustuko Unibertsitatekoak, eta Marcos Riosek, UNEDekoak.Azterketaren beste zuzendariak izan dira José Ignacio Quemada doktorea, Ahizpa Ospitalarien Kalte Zerebraleko Menni Sareko zuzendaria, eta Deustuko Unibertsitateko Psikologiako doktore Nuria Ortiz.Ikerketak bikain kalifikazioa lortu, cum laude aipamena jasotzeko proposamenarekin.

psicopatología post-ictus2

Iktusa garuneko odol fluxuaren bat-bateko etenaldia da, eta hainbat sintoma fisiko eta nahasmendu mental eragiten ditu.Datu epidemiologikoen arabera, Europan iktusa da heriotzaren bigarren kausa eta desgaitasunaren lehen kausa, eta Espainian heriotzaren bigarren kausa da, eta emakumeen artean lehen ere izan daiteke.Iktusaren ondorioak askotarikoak dira, eta, larritasunaren eta eragindako aldearen arabera, arazoak egon daitezke mugikortasunean, komunikazio arazoak, gabezia kognitiboak eta alterazio emozionalak edo portaerakoak.

Naiara Mimentzak emandako datuen arabera, iktusaren patologiak intzidentzia handia dauka (200 kasu 100.000 biztanleko), eta “askotariko nahasmendu psikikoak eragiten ditu, eta inpaktu handia, bai pazienteengan bai senideengan; horri lotuta agertzen dira emaitza funtzional txarragoak, parte hartze sozial urriagoa, gatazka familiarrak, zaintzalearen gehiegizko zama, instituzionalizazio handiagoa, hilkortasun handiagoa eta bizi kalitate okerragoa”. 

“Iktusaren arazo psikopatologikoak errehabilitazioaren bigarren planoan geratzen dira gaur egun, fisioterapiaren edo logopediaren garrantzira iritsi gabe”, azpimarratzen du Aita Menniko neuropsikologoak.

Azterketa enpirikoa

Lagina 94 subjektuk osatu dute, bi taldetan banatuta; azterketa taldean iktusa izandako 47 lagun egon dira, eta kontrol taldea 47 pertsona osasuntsuk osatu dute.Laginaren aldagai soziodemografikoei dagokienez, parte hartzaileen batez besteko adina 60 urtekoa izan da, eta laginaren 3/4 gizonezkoak ziren.

Azterketaren helburuak hauek ziren:

o    Depresio, antsietate, haserrekortasun, erasokortasun eta apatiaren prebalentzia deskribatzea iktusa gertatu eta 3, 6, eta 12 hilabetera, eta zehaztea balorazioaren une bakoitzean estatistikoki ea alde handiak dauden bi taldeen artean.

o    Zehaztea depresio , haserrekortasun, erasokortasun eta apatiaren arteko harremanik dagoen, eta baita ere nahasmendu psikopatologiko bakoitzaren eta gaitasun funtzionalaren artean, iktusa gertatu eta 3, 6 eta 12 hilabetera.

o    Psikopatologiaren bilakaera zehaztea iktusa gertatu eta lehendabiziko urtean.

alteraciones psicopatológicas post-ictus2

Nahasmendu psikopatologikoen prebalentzia

Depresioari dagokionez, lehenengo balorazioan (3 hilabete), laginaren ia erdiak depresio nahasmendua aurkezten du, eta hurrengo balorazioetan murriztu egiten da kopurua.Antsietateari dagokionez, lehenengo balorazioetan (iktusa izan eta 3 eta 6 hilabetera) ia %30ek aurkezten dute, eta urte batera %15era murrizten da.

Apatiari dagokionez, berriz, lehenengo balorazioan, iktusa izandakoen erdiek dute apatia, bigarren balorazioan %32,4 dira, eta hirugarren balorazioan %25,90. Datuek adierazten dutenez, apatiak harremana dauka iktusa izandako pertsonen funtzionaltasunarekin, eta beharrezkoa da nahasmendu horretarako interbentzio protokolo espezifikoak sortzea.

Apatia, sintoma independentea eta inpakturik handiena funtzionaltasunean

Nahasmendu psikopatologikoen arteko korrelazioak aztertzerakoan, depresioaren, antsietatearen eta haserrekortasunaren artekoak nabarmentzen dira hiru balorazioetan (iktusa gertatu eta 3, 6 eta 12 hilabetera), baita ere apatiaren eta gainerako nahasmendu psikopatologikoen arteko korrelazioa progresiboki murriztea ere.

Apatiak portaera independenteagoa dauka.Hau da, gainerako nahasmendu psikopatologikoekin aurkeztu dituen korrelazioak oso urriak izan dira.Depresioarekin lehenengo eta bigarren balorazioan baino ez du korrelaziorik izan, eta haserrekortasun eta erasokortasunarekin soilik lehenengo balorazioan.

Datuek diotenez, apatiak alderantzizko korrelazioak ditu iktusa izandako pertsonen funtzionaltasunarekin, erabilitako eskala funtzionala edozein izanda ere. Aurkikuntza horiek esanguratsuak dira gure praktika klinikoan apatiaren inguruan esku hartzeko protokoloak planifikatzeko.

Ondorioak

 

o    Iktusa gertatu eta 3, 6 eta 12 hilabetera depresioak, antsietateak eta apatiak prebalentzia handia dute.

o    Iktusa gertatu eta 3, 6 eta 12 hilabetera bi taldeetan alde handiak daude depresio, antsietate, haserrekortasun eta apatiari dagokienez.

o    Ez da erasokortasun fisikorik eta hitzezko erasokortasuna urria da.

o    Depresioak, antsietateak eta haserrekortasunak korrelazio handia aurkeztu dute.

o    Apatiak korrelazio txikia dauka gainerako nahasmendu psikopatologikoekin.

o    Iktusa izandako pertsonengan, apatiak gaitasun funtzionalean duen eragina handiagoa izan da gainerako nahasmendu psikopatologikoena baino.

o    Apatia da iktusaren ondorengo lehenengo urtean nabarmen murrizten den bakarra.

 

Azterketak komunikabideetan izan duen isla:

Diario Vasco
Europa Press
Médico interactivo