Osasun mentala

‘Familien eguna’ EPSZetan

Eguberriak iristearekin bat, gustukoa izan ohi dugu zentroen erabiltzaileekin eta senideekin goiz bat partekatzea. Tarte atsegina igaro genuen, iritziak partekatuz, eta urtean zehar egin ditugun ekintza nagusiak gogorazteko aprobetxatu genuen.
'Familien eguna’ EPSZetan

Berriro ere, urtearen amaieran, Aita Mennin gure EPSZetako erabiltzaileen familiak elkartu genituen, beraiekin ekitaldiaren balantze txiki bat partekatzeko, hau da, egin ditugun ekintzen laburpen bat aurkezteko. Halaber aprobetxatu genuen gure lana egiteko moduak gogorarazteko eta iritziak konpartitzeko. 

Vicente Huesok Beasaingo EPSZn gogorarazi zuen berak koordinatzen duen taldeko kide bakoitzaren zeregina zein den, bere kideak izanik Deiene Gallastegi eta Idoia Iturbe psikologoak; Lorea Montoya gizarte langilea, eta Intza Maiora, Marije Izarraga eta Fatima Luceño begiraleak. Ondoren, zentro hauen funtzionamendua Osakidetzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta nola artikulatzen den zehaztu zuen. 

Bizitza proiektua

“Helburu nagusia da pertsona bakoitzak ahalik eta bizitzarik normalena egin ahal izatea; autozaintzeko gai izatea, ordutegi batzuk eramatea, eta familiarekiko eta sare sozialarekiko harremana mantentzea.Are gehiago, lan jarduera bat izatea”, azaldu zuen dispositibo horien psikologo arduradunak. Nola? Osasun Mentaleko Zentroarekin koordinatuta eta familien lankidetzarekin. Non? zentroan, ingurunean eta etxean. Familiek zer behar dute? babesa eta orientazioa. “Zenbat eta babes handiagoa izan, hainbat eta bizitza kalitate hobea”, azpimarratu zuen. “Kontua da erabiltzaile bakoitzaren programan parte hartzea, bere bizitza proiektua lortzen laguntzeko”. Puntu horretan, prozesuan parte hartzera animatu zituen senideak, euren iradokizunak eginez. 

Bideo bat ikusteak lagundu zuen aurten EPSZetan bultzatutako jarduerak nabarmentzen. “Onena da askotan hutsik egoten direla, edo 3-4 lagun egoten direla.Horrek esan nahi du gainerakoak kiroldegian daudela, supermerkatuan erosketak egiten, erakusketa bat ikusten…Finean, kanpoko ekintzak egitean, horiek komunitatean integratzen eta parte izaten laguntzen baitiete”. 

'Familien eguna' EPSZetan

Familia handia

Aisialdia, kirola, irakurketa, sukaldaritza… “Bideoa ikusi ondorengo sentsazioa da denbora asko ematen dugula elkarrekin, familia handi bat bezala.Gure une on eta txarrekin”, gehitu zuen Vicente Huesok, Aita Mennik kudeatzen doituen baliabide hauen izaera afektiboa eta familiarra nabarmenduz. “Egia da, hemen etxean baino gehiago egoten gara”, berretsi zuen erabiltzaileetako batek. Zentroko lagunak elkarrekin bizi dira astelehenetik ostiralera, goizeko 9etatik arratsaldeko 5etara.,  Harreman pertsonala oso sendoa da; baten bat eramaten badute edo alta ematen badiote, ahal dela harremana mantentzen da, faltan botatzen delako. 

Iñaki Leizeaga Zumarraga-Urretxuko Osasun Mentaleko Zentroko gizarte langilea da, eta gurekin partekatu nahi izan zuen abenduko goiz hau. Bere iritziz, EPSZk “oso baliabide ona” dira, batez ere arazo mentalak dituzten 40 urtetik gorako pertsonentzat. Beharbada hori da iritsi beharreko “azken kartutxoa” eskura dagoen ibilbide guztian saiatu eta gero. “Horrelako zentroak egon ezean, beharra duten pertsonak etxean geratuko lirateke, horrek dakarren guztiarekin:ekimena izateko aukerarik gabe; familiari arnas falta eraginez, harremanak gero eta txarragoak bailirateke, errehabilitazio kognitiboa jaso gabe eta inolako interakzio sozialik ezarri gabe…Hau da, okerrera egiteko, krisialdi gehiago izateko aukera gehiagorekin, Osasun Mentaleko Zentroko psikiatrari bisita gehiago egiteko beharrarekin, etab.”, adierazi zuen.   

'Familien eguna' EPSZetan

Elkarrekin mokadutxo batez disfrutatzeko mahaiaren bultan jarri aurretik, ohikoa izaten da, egun berezi honetan, erabiltzaileek senideei emanaldiren bat oparitzea. Irunen ezin da falta Antzaran abesbatzaren musika. Beasainen oraindik ‘El Caserío’ zarzuelaren emanaldia dute gogoan. Oraingoan, Beasaingo EPSZk, luntxaren ondorengo despedida moduan, Itoizen Lau Teilatu abestu genuen elkarrekin, erabiltzaile batek gitarrarekin lagunduta.

Txalo bero bat kantatzeko gogoz jarraitzeagatik eta, batez ere, 2018 zoriontsua!